Ramiro Gonzalez: “Familia gutxi batzuek euskararen alde hutsera egindako jauzi gisa hasi zenak Arabako Errioxa eraldatu du - arabapress
Ramiro González: “Familia gutxi batzuek euskararen alde hutsera egindako jauzi gisa hasi zenak Arabako Errioxa eraldatu du”
Arabako Foru Aldundiak omenaldia egin die Lapuebla de Labarcan 70eko hamarkadaren amaieran Arabako Errioxako ikastolen sorrera bultzatu zuten pertsonei
Diputatu nagusiak goraipatu egin ditu baliabide urriko eta etorkizuneko bermerik gabeko proiektuetan seme-alaben hezkuntza jartzeko ausardia izan zuten lehen familiak, baita ondoren lekukoa hartu zutenen konpromisoa ere
Mañueta, Oion, Lantziego, Bastida, Lapuebla de Labarca eta Eskuernagako lekukotasunek aukera eman dute eskualdeko belaunaldi berriek euskararekin duten harremana eraldatu zuen historia kolektiboa berreraikitzeko


Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 26a. Duela ia berrogeita hamar urte, frankismoa oraindik oso hurbil zegoela, demokrazia lehen urratsak egiten ari zela eta euskarazko irakaskuntzaren inguruan ia dena eraikitzeke zegoela, Arabako Errioxako hainbat familiak garai hartan batere erraza ez zen erabakia hartu zuten: beren seme-alaben hezkuntza hasi berriak ziren ikastola batzuen esku uztea, ikasle gutxirekin, baliabide urriekin eta etorkizunari buruzko inolako ziurtasunik gabe.
Arabako Foru Aldundiak pertsona haiek aitortu nahi izan ditu gaur Lapuebla de Labarcako El Plano plazan egindako ekitaldian. Bertan, eskualdeko ikastolen sorreran protagonista izan zirenen istorioak, ahotsak eta oroitzapenak berreskuratu dira.
“Orduan hutsera egindako jauzia izan zena gaur Arabako Errioxaren parte den errealitatea da”, adierazi du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak. “Guk badakigu gero zer gertatu zen, badakigu ikastola haiek aurrera jarraitu zutela eta ordutik hainbat belaunalditako haurrek egin dutela beren ibilbidea haien ikasgeletan; baina 70eko hamarkadaren amaieran erabaki hura hartu zutenek ezin zuten hori jakin”, nabarmendu du.
Gonzálezek bereziki azpimarratu du lehen familia haiek hartutako erabakiaren balioa, proiektu horien alde egin baitzuten jarraipenerako bermerik ez zegoela jakinda ere. Gainera, haietako askok ez zekiten euskaraz. “Ez zieten beren seme-alabei beraiek jasotako zerbait transmititzen; beren belaunaldiak izan ez zuen aukera bat eskaintzea erabaki zuten”, adierazi du.
Herriz herri, lehen ikasgelak posible egiteko
Ekitaldiak lehen urrats haien atzean egon ziren hainbat izen eta istorio berreskuratzeko aukera eman du. Horien artean daude Jose Mari Rekarte eta Ramón Basaras, gaur Lapuebla de Labarcan izan direnak eta ekitaldian berariaz aitortu direnak.
Haien izenak behin eta berriz agertzen dira urte haietako oroitzapenetan, Arabako Errioxako herriak zeharkatu baitzituzten haur txikiak zituzten familien bila, gurasoekin bilerak eginez eta oraindik eraikitzeke zegoen proiektu bat azalduz. Haien lanak eskualdean sortzen ari ziren ekimen ezberdinak lotzen ere lagundu zuen.
Gonzálezek haiekin batera Jose Mari Gerenabarrena, Juanito Celaya eta Juan Arregi ere gogoratu ditu, baita oso esparru desberdinetatik beren ekarpena egin zuten beste hainbat pertsona ere. “Egitura sendorik egon aurretik, baziren ideia bat azaltzen eta konfiantza eskatzen zuten pertsonak”, laburbildu du.
Omenaldia, ordea, ez da lehen urrats hura eman zutenengana mugatu. Diputatu nagusiak azpimarratu du Arabako Errioxako ikastolen historia ezin dela ulertu ondoren iritsi eta urte zailenetan ahalegin hari eusteko gai izan ziren pertsona guztiak kontuan hartu gabe.
“Lehen ikasturtearen ondoren bigarren bat etorri behar izan zen, eta hirugarren bat, eta laugarren bat; familia berriak iritsi behar izan ziren eta pertsona askok proiektua bere egin behar izan zuten. Pertsona batzuen konpromisoarekin hasi zena pertsonen eta eskualde oso baten konpromiso bihurtu zen”, adierazi du.
Gonzálezen arabera, hor dago esperientzia haren balioaren zati handi bat: “Lehen bultzada hura gabe ez zen hasierarik egongo, baina ondoren lekukoa hartu zutenak gabe ere ez ginateke gaur hemen egongo”.
Historia hura bizi izan zutenen ahotsak
Aitortzak Mañueta, Oion, Lantziego, Bastida, Lapuebla de Labarca eta Eskuernagako ikastolen historia berreskuratu du, ikus-entzunezko materialen eta lehen urte haiek zuzenean bizi izan zituzten pertsonen lekukotasunen bidez.
Enrique Maestresalak, Kontxi Blancok, Félix Viterik, Estrella Manzanos ‘Blanki’-k, Ricardo Andollok, Victoria Garcíak eta Elena Zufiaurrek ahotsa jarri diete zailtasun ekonomiko eta materialek markatutako istorioei, baina baita familien inplikazioak, irakasleen konpromisoak eta ikastolen inguruan sortutako komunitate-bizitza biziak markatutakoei ere. Ekitaldian lehen lokal inprobisatuak, finantzaketa lortzeko antolatutako jarduerak eta beren seme-alabei lagundu ahal izateko euskara ikasten hasi ziren gurasoen erabakia ere gogoratu dira.
Diputatu nagusiak oroitzapen berezia izan du, halaber, historia hartan parte hartu eta ia bost hamarkada geroago dagoeneko hil diren pertsona askorentzat. “Memoria ez da hemen gaudenon historia kontatzea bakarrik; gure artean ez daudenek egin zutena ahanzturan ez erortzea ere bada. Haien lana eta konpromisoa gaur arte iritsi dira”, adierazi du.
Oso bestelako eskualdea
Gonzálezek ahalegin hura azken hamarkadetan Arabako Errioxan euskararen ezagutzak izan duen bilakaera sakonarekin lotu du, bereziki belaunaldi gazteenen artean. Eraldaketa hori ikastolen eta hezkuntza sistema osoaren lan metatuari egotzi dio, baina baita euskaltegien, elkarteen, erakundeen eta urte hauetan guztietan euskara ikastearen edo beren seme-alabek ikastearen alde egin duten milaka familien lanari ere.
Diputatu nagusiak defendatu du ezagutzan lortutako aurrerapenak aukera ematen duela orain erabileraren erronkari indar handiagoz heltzeko.
“Hizkuntza bat bizirik dago pertsonen arteko harremanen parte denean eta aisialdian, kulturan, kirolean edo eguneroko bizitzan naturaltasunez agertzen denean. Belaunaldi hark bere garaian zegokiona egin zuen: euskara ikasteko aukera ireki zuen. Egungo belaunaldiei dagokigu lortutakoa zaintzea eta naturaltasunez erabiltzeko aukerak sortzen jarraitzea”, adierazi du.
Azkenik, Gonzálezek defendatu du omenaldia ez dela soilik iraganera begiratzeko ekitaldia, gaur egungo Arabako Errioxa ulertzeko modu bat ere badela. “Belaunaldi bakoitzak eskualde baten etorkizunaren zati bat eraikitzen du. Duela ia berrogeita hamar urte pertsona hauek berea eraiki zuten, eta erabaki haien ondorioak gaur arte iritsi dira”, nabarmendu du.
Ekitaldia Raquel Roche eta Raúl Veraren musika emanaldiarekin, omendutako pertsona guztiei eskainitako ohorezko aurreskuarekin eta, ondoren, oroigarrien banaketarekin eta herriz herriko familia-argazkiekin amaitu da.
“Lehen urratsa emateagatik eta ondoren bideari jarraipena emateagatik; euskara belaunaldi berriengana hurbiltzeagatik eta Arabako Errioxaren etorkizunean sinesteagatik. Bihotzez, eskerrik asko guztioi”, amaitu du diputatu nagusiak.

