Ramiro Gonzalezek ahalmen handiena duten upategiei ahalegina egiteko eskatu die, Arabako Errioxako mahatsa bidezko prezioan ordain dezaten - arabapress
Ramiro Gonzálezek ahalmen handiena duten upategiei ahalegina egiteko eskatu die, Arabako Errioxako mahatsa bidezko prezioan ordain dezaten
Arabako diputatu nagusiak nabarmendu du mahats-bilketa bi aste inguru aurreratu dela, eta mahats zuriaren eta beltzaren bilketak batera gertatzeak dakarren zailtasun erantsia azpimarratu du
Gonzálezek Arabako Errioxako ardoaren aldeko apustua egiteko eskatu die euskal kontsumitzaileei, eskualdearen etorkizunari laguntzeko
Diputatu nagusiak atsekabe handiz hartu du mahastizain baten heriotza lan-istripu batean, eta doluminak helarazi dizkie haren senideei, lagunei eta hurbilekoei


Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 4a. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, Nekazaritzako foru diputatu Noemí Aguirrek lagunduta, Bodegas Villotak Lasernan dituen mahastietako mahats-bilketa bisitatu du gaur. Bisitan, ahalmen handiena duten upategiei kanpaina honetan ahalegina egiteko eta Arabako Errioxako mahatsa bidezko prezioan ordaintzeko egindako deia berretsi du Gonzálezek. Diputatu nagusiak defendatu du egoera ona denean irabaziak partekatu behar diren bezala, zailtasun garaietan ahaleginak ere partekatu behar direla.
“Arabako Errioxa babestu eta ezagutzen dugun bezala haren etorkizuna bermatu nahi badugu, gauzak ondo doazenean irabaziak partekatu behar ditugu, eta gaizki doazenean, sakrifizioak”, adierazi du.
Diputatu nagusiak aste honetan upategiei bidalitako gutuna gogorarazi du. Gutun horretan, erantzukizuna, konpromisoa eta lankidetza eskatu die, Arabako Errioxako hornitzaileei erositako kalitatezko mahatsaren ordainsaria hobetzeko.
“Deia, bereziki, aukera handienak dituzten upategiei zuzenduta dago, mahatsaren truke beren gain har dezaketen preziorik onena ordain dezaten; mahastizainek beren jarduerari eutsi ahal izateko bidezko prezioa”, azaldu du. Gonzálezek azpimarratu du ahalegin horrek upategien etorkizunari ere lagunduko diola, sektorearen jarraipena mahastia lantzen eta zaintzen duten pertsonak beren lanetik duintasunez bizi ahal izatearen mende baitago.
Gutuna astelehenean bidali zitzaien upategiei postaz, eskaerari beharrezko formaltasuna emateko. Oraindik idatzizko erantzunik jaso ez den arren, Gonzálezek baieztatu du sektoreko ordezkarien ahozko erantzunak jaso dituztela eta haiekin zuzeneko elkarrizketak izaten ari direla.
“Ziur nago hainbat upategik dei honi erantzungo diotela, eskualdeak bizi duen egoera bereziki zailaz jabetuko direla eta ahalegin partekatu hori beren gain hartuko dutela”, gaineratu du.
Ohi baino askoz lehenago hasi den mahats-bilketa
Bisitan, diputatu nagusiak aurtengo kanpainaren ezohiko goiztiartasuna nabarmendu du. Mahats-bilketa ohiko datak baino bi aste inguru lehenago hasi da eta, bereziki barietate beltzen kasuan, nekez gogoratzen da hain goiz hasitako kanpainarik.
Ardoaren Etxeko Laborategiaren datuek aurrerapen nabarmen hori berresten dute. Abuztuaren 18tik 27ra bitartean 963 lagin erregistratu ziren eta, kalkuluen arabera, horietatik 500 inguru muztio-laginak ziren. 2025eko kanpainan ez zen muztio-laginen antzeko kopururik lortu irailaren 8tik 17ra bitarteko aldira arte. Konparazioak erakusten du aurtengo mahats-bilketa hamabost egun inguru aurreratu dela.
Gainera, ia upategi guztiek hasi dute mahats-bilketa edo datozen egunetan hasteko prest daude. Horregatik, jarduerak hurrengo egunetan nabarmen gora egitea espero da.
Gonzálezek mahats zuriaren eta beltzaren bilketak batera gertatzen ari direla ere azpimarratu du. Ezohiko egoera horrek zailtasun handiagoa eragiten du lana antolatzeko, bai mahastietan, bai upategietan.
“Bodegas Villotaren mahastietara etorri nahi izan dugu, Arabako Errioxako eredu tradizional bat ordezkatzen duelako: bere mahastiak dituen familia-upategi bat da, eta antzinatasun handiko lurzatiz osatutako mahastizaintza-ondare bikaina du. Eredu hori babestu eta etorkizunerako gorde nahi dugu”, adierazi du.
Diputatu nagusiak aitortu du eredu hori defendatzea bereziki zaila dela sektoreak pandemiaren ondorioak jasaten jarraitzen duen eta, gainera, mundu osoan ardoaren kontsumoa jaisten ari den testuinguru honetan.
Arabako Errioxako ardoa kontsumitzeko deia
Upategiei egindako eskaerarekin batera, Gonzálezek bigarren mezu bat helarazi die euskal kontsumitzaileei. Diputatu nagusiak ardoaren jatorria kontuan hartzera animatu ditu, bai erosteko orduan, bai taberna edo jatetxe batean kontsumitzean.
“Kalitate bikaina duen produktua daukagu, baita munduko ardogintza-eskualde handienetako bat ere. Beste esparru batzuetan tokiko eta zero kilometroko produktuen kontsumoa defendatzen dugun bezala, ardoarekin ere gauza bera egin behar dugu”, adierazi du.
Gonzálezek azpimarratu du kontsumitzaile bakoitzaren erabakiak Arabako Errioxako jarduera ekonomikoa, enplegua, mahastiak eta udalerrietako bizimodua mantentzen lagun dezakeela.
“Pertsona batek Arabako Errioxako ardoa kontsumitzen duenean, kalitate bikaineko euskal ardo bat aukeratzeaz gain, eskualde oso baten etorkizuna hobetzen ere laguntzen du”, ondorioztatu du.
Atsekabea mahastizain baten heriotzagatik
Arabako diputatu nagusiak atsekabe handiz hartu du gaur lan-istripu batean mahastizain bat hil izana, eta Arabako Foru Aldundiaren izenean doluminak eta gertutasun osoa helarazi dizkie haren senideei, lagunei eta hurbilekoei.
Ramiro González, Noemí Aguirre eta gainerako ordezkariak gertu zegoen Laserna herrian zeuden, Bodegas Villotaren mahats-bilketa bisitatzen. Gertatutakoaren berri izan ondoren, istripua gertatu den lekura joan dira, egoeraren berri jasotzeko eta beren babesa

