Nekazaritza eta abeltzaintza | 2026 11 06

Ramiro Gonzálezek Borgoinako eredua aldarrikatu du Arabako Errioxako ardoen bereizketan aurrera egiteko, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuaren barruan

Diputatu nagusiak nabarmendu du Frantziako eskualdeak bere lurraldeen berezitasunean oinarritu duela nazioarteko ospea, ardo bakoitzaren jatorria balioan jartzeko aukera ematen duten jatorri-deitura eta arau espezifikoekin

Gonzálezek eta Noemí Aguirre Nekazaritzako foru diputatuak Borgoinako lanbide arteko erakundearen funtzionamendua eta ekoizpen-eredu desberdinak ezagutu dituzte, Arabako 25 mahastizain eta upeltegietako ordezkarirekin batera
 

Beaune, 2026ko azaroaren 6a. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak Borgoinako mahastizaintza eta ardogintza eredua aldarrikatu du gaur, Arabako Errioxako ardoen bereizketan aurrera egiteko erreferentzia gisa, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuaren barruan. Gonzálezek Frantziako eskualdera egindako lan-bidaiaren amaieran egin du hausnarketa hori. Bidaian Noemí Aguirre Nekazaritzako foru diputatuak eta Arabako Errioxako 25 mahastizainek eta upeltegietako ordezkarik lagundu diote.

Egun hauetan, ordezkaritzak munduko ardogintza eskualde ospetsuenetako baten funtzionamendua ezagutu du. Borgoinako ereduaren ezaugarri nagusiak dira ardoaren eta lurraldearen arteko lotura estua, ekoizpen-eremu bakoitzaren berezitasunen aitortza eta jatorri-deitura bakoitzerako arau espezifikoak izatea.

“Borgoinak erakusten du posible dela nazioartean ospe handia duen ardogintza nortasun sendo bat eraikitzea, lurralde bakoitzaren desberdintasunak errespetatuz eta balioan jarriz. Arabako Errioxak asko ikas dezake eredu horretatik, eta azken urteotan defendatzen ari garen jarrera indartzen du: Errioxaren barruan bereizketa handiagoa behar dugu, gure ezaugarrietara egokitutako arauak ezartzeko gaitasunarekin”, adierazi du Ramiro Gonzálezek.

Diputatu nagusiak gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak urteak daramatzala Arabako Errioxarentzat kudeaketa-esparru bereizi bat sortzea defendatzen, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuaren barruan. Esparru horrek aukera emango luke Arabako Errioxaren berezitasunak aitortzeko eta bertako ardoen balioa handitzeko, jatorri-deitura partekatu bati uko egin gabe.

“Ez dugu Errioxari uko egitea planteatzen, haren bilakaeran laguntzea baizik. Arabako Errioxak Errioxaren barruan bere eredua garatu ahal izatea nahi dugu, gure mahastien eta upeltegien ezaugarriei erantzungo dieten arau eta kudeaketa-mekanismoekin. Aniztasuna indargune izan daiteke, hura aitortzen eta aprobetxatzen badakigu”, baieztatu du.

 Bereizketa, etorkizunerako estrategia
Bisitaren bidez, 84 jatorri deituraz osatutako mahastizaintza eta ardogintza sistema bat ezagutu ahal izan dute. Sistema horretan eskualde mailako jatorri deiturak, herrietakoak eta Grand Cru izenekoak daude. Egitura horri esker, lurralde jakin batzuetako ardoak identifikatu eta jatorri deitura bakoitzaren ezaugarrien arabera baldintza espezifikoak ezar daitezke.

Eredu homogeneoagoekin alderatuta, Borgoinak estrategia bat garatu du, non jatorri geografikoak, mahastien ezaugarriek eta eremu bakoitzaren berezitasunek funtsezko eginkizuna duten ardoen identifikazioan eta merkaturatzean.

Diputatu nagusiaren ustez, esperientzia hori bereziki interesgarria da gaur egungo testuinguruan, mahastizaintza eta ardogintza sektoreak ardoaren kontsumoaren beherakadari eta merkatuetako lehia gero eta handiagoari aurre egin behar baitie.

“Arabako Errioxaren etorkizuna ezin da oinarritu kantitatean edo prezioan soilik lehiatzean. Lortu behar dugu merkatuak gure ardoen balioa, gure mahastizainen lana eta gure eskualdea berezi egiten duten ezaugarriak aitortzea. Kalitatea eta bereizketa funtsezkoak dira merkatuan dugun posizioa hobetzeko eta sektorearen errentagarritasuna bermatzeko”, adierazi du.

Gonzálezek azpimarratu du Arabako Errioxak badituela bide horretan aurrera egiteko baldintzak, bertako ardoen kalitateari, upeltegien aniztasunari, mahastien berezitasunei eta ardogintza lurralde gisa duen ibilbide historikoari esker.

Bilera Borgoinako lanbide arteko erakundearekin
Atzo, Arabako ordezkaritzak bilera egin zuen Beaunen Bureau Interprofessionnel des Vins de Bourgogne (BIVB) erakundeko arduradunekin. Erakunde horrek eskualdeko mahastizaintza eta ardogintza sektoreko eragile nagusiak biltzen ditu.

Bilerari esker, erakundearen antolaketa eta ordezkaritza eredua, sustapen bateraturako estrategiak eta Borgoinako ardoen merkaturatzean jatorri deitura desberdinek duten eginkizuna ezagutu ahal izan dituzte.

Arabako ordezkaritzarentzat interes handieneko gaietako bat izan da lurralde bakoitzaren berezitasunen aitortza eta koordinazio eta sustapen partekaturako mekanismoak uztartzen dituen sistemaren funtzionamendua.

Parte-hartzaileek, gainera, ekoizleen, jatorri deituretako erakundeen eta lanbide arteko erakundearen arteko harremanak nola antolatzen diren sakonago ezagutzeko aukera izan dute, baita Borgoinako ardoek nazioarteko merkatuetan duten posizioa indartzeko erabiltzen dituzten estrategiak ere.

Jardunaldia Cité des Climats et Vins de Bourgogne zentrora egindako bisitarekin osatu zen. Zentro hori eskualdeko mahastizaintza eta ardogintza lurraldeen historia, kultura eta aniztasuna ezagutaraztera bideratuta dago.

 Tamaina desberdinetako upeltegiekin topaketak
Bidaiak gaur jarraitu du Borgoinako hainbat upeltegitara egindako bisitekin. Bertan, Arabako ekoizleek enpresa-esperientzia eta ardoa egiteko eta merkaturatzeko eredu desberdinak ezagutzeko aukera izan dute.

Programak Domaine Roulot upeltegira, Meursaulten, eta Domaine Jean Grivot upeltegira, Vosne-Romanéen, egindako bisitak jaso ditu. Ondoren, ordezkaritzak Maison Louis Jadot upeltegia bisitatu du, Beaunen.

Topaketa horiei esker, enpresa-errealitate desberdinak ezagutu ahal izan dituzte, ospe handiko mahastiei lotutako familia upeltegietatik hasi eta merkataritza-egitura zabalagoa duten enpresetaraino.

Arabako Foru Aldundiak antolatutako misio teknikoak Borgoina-Franche-Comté eskualdeko Gobernuarekin egindako bilerak eta Burgundy School of Economics ikastegiko jardunaldi akademiko bat ere izan ditu.

Ekimen honek jarraipena ematen dio diputatu nagusiak 2024an Bordelera egindako bidaiari, baita Aldundiak sektorearekin batera Arabako Errioxaren aitortza indartzeko, bertako upeltegien lehiakortasuna hobetzeko eta eskualdearen etorkizun ekonomiko eta soziala bermatzeko egiten ari den lanari ere.

“Lanean jarraitu behar dugu Arabako Errioxak Errioxaren barruan merezi duen aitortza izan dezan, eta aitortza hori mahastizaintzatik eta ardogintzatik bizi diren pertsonentzako aukera hobeetan islatu dadin. Borgoinak oso erreferentzia interesgarria eskaintzen digu, lurralde-bereizketa estrategia partekatu baten parte izan daitekeela erakusten duelako”, ondorioztatu du diputatu nagusiak.
 

Nekazaritza eta abeltzaintza Foru Aldundia Diputatu nagusia Nekazaritza

Prentsa oharra

Jaitsi