| 2024 03 07

Ramiro González: “Munduko gizarte berdinzaleenetako eta aurreratuenetako bat bihurtu gaituzten emakumeez harro sentitzen gara”

Arabako Foru Aldundiak Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu duen ekitaldian, kuadrilla bakoitzean erreferente diren zazpi emakume omendu dira

Gasteiz, 2024ko martxoaren 7a. “Munduko gizarte aurreratu, berdinzale eta, hortaz, bidezkoenetako bat bihurtu gaituzten emakumeez harro sentitzen gara”. Horixe adierazi du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gaur arratsaldean Arabako Foru Aldundiak Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan egin duen harrera instituzionalean. Izan ere, ekitaldi horretan, martxoaren 8a dela eta egin den "Zuetaz harro" erakunde arteko kanpainari aurpegia jarri dioten Arabako zazpi kuadrilletako emakumeak omendu dira.

Ekitaldiak erakundeen, alderdi politikoen, emakume taldeen eta emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko taldeen ordezkariak bildu ditu Artium Museoan, Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8a ospatzeko abian jarri dituen ekimenen barruan. Aurten, foru erakundeak ardatz hartu du emakumeak ahalduntzeak duen funtsezko eginkizuna berdintasunerako aurrerabidean, adineko emakumeen balioespenean eta belaunaldien arteko harremanaren garrantzian.

Hori dela eta, gaur arratsaldean egindako ekitaldian esker ona agertu zaie Arabako kuadrilletatik etorritako zazpi emakumeri. Emakume horiek ibilbide luzea egin dute berdintasunaren alde eta herrietako bizitza hobetzeko bidean, eta aitzindariak eta erreferenteak dira asoziazionismoan, borroka feministan, enpresa munduan eta administrazioan.

Hauek izan dira omenduak: Victoria Cañas, Díez-Caballero upeltegiaren buruan ibilbide luzea duen enpresaburua; Tere Cosano, Laudioko Solastiar elkartearen lehendakaria; Silvina Salinero, indarkeria matxistatik bizirik atera dena eta Aguraingo Sallurtegui elkarteko kidea; María Luisa Garate, Lagunak elkarteko eta Rivabellosako Cáritas elkarteko kidea; Feli López de Robles, Gure Soroa Arabako Emakumeen Elkarteko kide eta Apodakako fede emailea izan zena; Bene Txasko, Kanpezuko Emakumearen Kultura Elkartearen sortzailea; eta Amaia Cadavid, Trebiñuko Udalaren lehen berdintasun planaren bultzatzailea.

Ekitaldian, bideo bat proiektatu da laurogeita hamarreko hamarkadan Berantevillako alkatea izan zen Milagros Duque Vallejoren eta egun udal horretako errejidorea den Isabel Arbaizagoitia Peralen testigantzekin, bai eta emakumeen Burgeluko Argia taldeko Beni Ruiz Escuderoren testigantzarekin eta haren alaba Mariluz Villamor Ruizen testigantzarekin ere, zeinak amaren autonomia eta ahalduntzearen  ondarea jaso baitu.

“Harro sentitzen gara zuetaz, berdintasunean aurrerapenak lortzeko denbora asko eman eta ahalegin handia egin duzuen emakumeez; aurrerapenak zuentzat eta, batez ere, gainerako emakumeentzat”. Hitz horiek eskaini dizkie Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gaur saritzat laia jaso duten emakumeei; laia, LAIA Emakumeen berdintasunerako eta ahalduntzerako Arabako lurralde sareari erreferentzia eginez.

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “Araban emakume indartsu ugari daude, eta indar hori erabili dute oztopoak gainditzeko, hesiak hausteko eta gazteenei beren ondarea eta urteetan zehar metatutako jakinduria transmititzeko”.

Ildo horretan, iragarri du Foru Aldundiak aurrerapauso bat emango duela Arabako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko, eta horrek XX. mendearen amaierara arte izan duten zereginari buruzko ezagutza historikoa berrikustea ekarriko duela. “Garrantzitsua da haien istorioak partekatzea, haien ahotsak entzutea eta belaunaldi berrientzat eta etorkizunekoentzat eredu izatea”.

“Lurralde honetaz harro sentitzen gara — erantsi du Ramiro Gonzálezek —, Araban gizarte berdinzale bat, gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasun eraginkorra bermatuko duen gizarte bat, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko asmo irmoa baitu”; hitz horiekin amaitu du bere hitzaldia.

Prentsa oharra

Jaitsi