Gaubeako erakusketa batek artxibo publikoen garrantzia erakutsiko du - prentsa
Gaubeako erakusketa batek artxibo publikoen garrantzia erakutsiko du
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak eta Gaubeako Udalak antolatuta, erakunde horiek egiten duten kultura eta administrazio lana dibulgatu nahi da
Gaubea, 2023ko martxoaren 31. «Artxibo Biziak» izenburupean, Gaubeako Udalak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak dibulgazio erakusketa bat antolatu dute, artxibo publikoek herritarren alde betetzen duten eginkizunaren garrantzia erakusteko.
Erakusketa gaur, ostirala, inauguratu da Gaubeako turismo bulegoan, eta udal eta foru ekimen baten emaitza da, Gaubeako Udalak azken hogeita hamar urteetan haraneko eta hango kontzejuetako dokumentu ondarea antolatzeko eta kontserbatzeko egindako lanari balioa emateko. Bertan izan dira Inmaculada Sánchez Kultura zuzendaria, Gorka Salazar alkatea, Jose Antonio Sáinz Arabako Artxiboko arduraduna eta udalerriko eta eskualdeko beste ordezkari batzuk.
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, zeinaren zuzendaria Ana del Val baita, babesa eman dio ekimen honi, Arabako Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu horrek hainbat panel egin ditu bisitariei modu didaktikoan azaltzeko zer lan egiten duten egunero artxibo publikoek, eta dokumentu historikoen kontserbazio eta zabalkunde hutsetik harago doa.
Horiek horrela, Sánchezek azaldu du artxibo publikoek egunero lan goresgarria egiten dutela dokumentu ondarea kontserbatzeko eta zabaltzeko, eta hori gure kulturaren zati oso garrantzitsua da. Baina, gainera, artxiboen ardura duten profesionalek egunero funtsezko lana egiten dute administrazioentzat, handiak zein txikiak izan, antolatuta edukitzen baitituzte ordezkari publikooi erabaki informatuak hartzeko aukera ematen diguten dokumentuak. Eta, azkenik, funtsezkoa da herritarrek administrazio publikoen egintzak fiskalizatu ahal izateko, dokumentu horiek eskuratu ahal izatearen bidez. Ez dago gardentasunik ez gobernantzarik artxibo publikorik gabe.
Julia Espina Añanako Kuadrillako artxibozainak hautatu ditu erakusketako dokumentuak, eta hiru hilean behin eguneratuko du gaia. Lehenengo hautaketa Gaubeako kontzejuen historiari buruzkoa da.
Erakusketa, non udalerriaren argazki historikoen eta egungoen proiekzioa ere egongo baita, 2023. urte osoan egongo da instalatuta.