Foru Aldundia | 2026 11 26

Kanpaina berri batek gabon hauetan tokian bertan kontsumitzera gonbidatzen gaitu, enplegua sortzeko eta Arabako kaleak bizitzaz betetzeko

"Zure eskuetan" lelopean, prentsan, irratian, sare sozialetan eta hiri euskarrietan egongo da

Programa oso batek Vitoria-Gasteizko erdialdea eta auzoak dinamizatuko ditu: erakargarriak, jaiotza ibilbideak, Kandelen Gaua...
 

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 26a.- Kanpaina berri batek, "Zure eskuetan" lelopean, herritarrei dei egiten die beren erosketa erabakiek Arabako enpleguan eta ongizatean duten eraginari buruzko gogoeta egin dezaten, eta jai horietako erosketak eta opariak Vitoria-Gasteizko eta Arabako tokiko merkataritzan egitera gonbidatzen ditu arabarrak.  Kanpaina Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteiz On elkarteak sustatzen dute.

Mar Dabán Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak, María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak eta Patricia García Gasteiz On elkarteko gerenteak kanpaina hori aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan, eta Vitoria-Gasteizko erdialdea eta auzoak animatzeko prestatutako programa osoaren berri eman dute. Horretarako, ipuinen eta jaiotzen ibilbideak eta Kandelen Gaua egingo dira, besteak beste. 

Mar Dabánek azaldu duenez, kanpaina honek "zuzenean eskatzen die kontsumitzaileei hausnar dezaten gure erosketa erabakiek gure auzo, herri eta hirietako enpleguan eta bizitzan duten eraginari buruz. "Zure eskuetan / En tu mano" lelopean egiten du, mezu argi eta zuzen bat bidaltzeko: geure esku dago, arabarren esku, hurbileko merkataritzak gure bizilagunentzako lan iturri izaten jarraitzea".

"Gure esku dago txikizkako merkataritzak gure kaleak bizitzaz eta jardueraz betetzen jarraitzea, haien segurtasuna hobetzea eta gure erosketak jasangarriagoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak izan daitezen laguntzea", gaineratu du.

Maria Nanclaresek nabarmendu duenez, “Zure eskuetan lelopean, gasteiztarrengan hausnarketa piztu nahi dugu erosketak non egin erabakitzeak gure hiriko enpleguan eta ongizatean duen eraginari buruz. Tokiko sektorearen osasuna, neurri handi batean, lotuta dago Gabonetako erosketak establezimendu horietan egitearekin. Izan ere, arreta pertsonalizatua jasotzen dugu, eta detaile paregabeak eskuratu”. Halaber, gogorarazi duenez, “Gure merkatariek Gabonetako kanpainan egiten dituzte urteko salmenten % 30 baino gehiago. Horregatik, bereziki garrantzitsua da kontsumitzaile gisa dugun boterea nabarmentzea”.
Clara Navas Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak nabarmendu duenez, "Gabonak aukera paregabea dira garrantzia emateko tokiko merkataritzak gure auzo eta hirietako bizitzan betetzen duen funtsezko zereginari. Horiek horrela, herritarrak animatu ditu hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egitera, auzoak dinamizatzeko eta establezimenduak familiei hurbiltzeko programatutako jarduerez ere gozatuz. "Tokiko merkataritza oparitzea hurbiltasuna oparitzea da, tratu hurbila eta kalitatezko produktuak eskaintzeko egunero lan egiten dutenei laguntzea da".

Patricia Garcíak, bestetik, balioa eman dio "erakundeek eta merkataritzak berriz ere eskutik helduta lan egiteko eta lurralde osorako kanpaina bera bateratzeko duten gaitasunari".  Eta, espiritu horrekin berarekin, Gasteiz On-ek hiriko auzo guztietara iristen diren jarduerak sortzeko eta batzeko egin duen ahalegina nabarmendu du, gasteiztarrek Gabonak bizi ahal izan ditzaten, non bizi diren alde batera utzita, bai eta bisitatzen gaituztenek Vitoria-Gasteizek eta bertako saltegiak egun berezi horietan eskaintzen dutenaz goza dezaten ere. 

Gogorarazi du, halaber, Gasteiz Oneko informazio guneetan, doako paketatze eta kontsigna zerbitzuez eta aholkularitzaz gain, aurten 7.000 opari baino gehiago emango direla tokiko saltegietan egindako erosketak eskertzeko. 

Dinamizazio programa

Kanpainaren lelo nagusia hau da: "Zure eskuetan / En tu mano", irudi oso argigarri batekin batera. Irudi horretan, esku ireki batek kristalezko elur bola bati eusten dio, Gabonetako apaingarriekin, eta Araba terminoa barruan dago. Mezua osatzen dute bigarren leloak, zeina baita "Gabonetan, gertukoa erostea tokiko merkataritzari laguntzea da. Tokiko merkataritza, dena eskura" eta "Nik, non bizi, han erosi; non erosi, han bizi" identifikazio zigiluak.

Kanpaina abenduan eta urtarrileko lehenengo astean egingo da, prentsan eta irratietan; baliabide digital eta sare sozialetan; Vitoria-Gasteizko tranbian eta Tuvisako autobusetan, eta hiri euskarrietan, bai Vitoria-Gasteizen, bai lurraldeko beste herri batzuetan. Baita saltegietan ere, kartelen eta eskuzko programen bidez, Gasteiz Onek, erakundeekin lankidetzan, herritarrei eskainiko dizkien jarduera eta zerbitzuekin.

Programa horren gune nagusiak hauek dira: Andra Maria Zuriaren plaza, non, noria handiaz gain, helduek eta haurrek bi solairuko karrusel klasiko bat eta 48 lagunentzako lekua duten 36 figuraz (zaldiak, eserlekuak, aulkiak, eltzeak, etab.) gozatu ahalko baitute; Espainia plaza, non 13 metroko garaierako Gabonetako zuhaitz bat egongo baita, eta Arka plaza, non Gasteiz Onek sustatutako Gabonetako etxetxo batek bereziki txikienei zuzendutako ikuskizun bat eskainiko baitu, hegalak modu koordinatuan mugitzen dituzten pinguino automata batzuek dantza egin eta abesten duten bitartean. Ikuskizunak goizez 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan, eta arratsaldez 18:00etan, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan izango dira. 

Atrakzio horiei Florida parkeko izotz pista gehituko zaie abenduaren 11tik aurrera, eta haiek guztiek  Vitoria-Gasteizko zabalguneko kale nagusietan zehar ibilbide bat egitea dute helburu. 

Gabonetako atrakzioez gain, tokiko merkataritza dinamizatzeko programak beste jarduera batzuk ere izango ditu. Berritasun gisa, abenduaren 15etik aurrera, "Galtzagorri urdinen bila!" jarriko da martxan, hiriko hainbat auzotan barrena, familian, lagunartean, bikotekidearekin... gozatzeko, dendetako erakusleihoetan galtzagorri urdinak bilatuta gorri guztien artean, eta haurrentzako produktu sortak zozketatuko dira".  

Gainera, seigarren urtez jarraian, Arabako Belenzaleen Elkarteak lagatako jaiotzak hartuko dituzte hainbat erakusleihok, jada tradizionala den Jaiotzen Ibilbidean. Bertan, jaiotza ebakigarriak daude txikienentzat, parte hartzen duten establezimenduetan eta Gasteiz Oneko informazio guneetan.   Gabonetan egin ohi den jarduera bat da, abenduaren 18an egingo den Kandelen Gaua bezala (26. edizioa); Almendraren Gabonetako azokak (abenduaren 5ekoa eta urtarrilaren 3koa), eta Erregeenetako  opilen zozketa, gutxienez 20 €-ko erosketak egiteagatik abenduaren 15etik aurrera (inprimaki motz bat betez kartelen QRn eta erosketa tiketa erantsiz).     

Plan horiek osatzeko, Loma Jeneralaren Plazan eta Arka Plazan Gasteiz On informazio guneak egongo dira, tokiko merkataritzaren Gabonetako kanpainari buruzko edozein galderari erantzuteko.    Gainera, opariak eskuratu ahal izango dira erosketengatik, bai eta opariak modu jasangarrian paketatzeko doako zerbitzuak ere, eta kontsigna erabili ahal izango da opariak gordetzeko eta erosketak erosotasunez egiten jarraitzeko. Bihartik Erregeen eguna igaro arte egongo dira irekita.

Erosketen opariak hiriko tokiko saltegietan egindako kontsumoengatik izango dira, Gasteiz On elkarteko kide izan ala ez, eta aurkeztutako tiketaren zenbatekoaren arabera aldatuko dira: deskontuak aparkalekuetan eta Gabonetako atrakzioetan (karrusela) edo AFAren kortesiazko kanpainaren nezeserra (20 €-tik 49 €-ra); Gabonetako atrakzioetarako sarrerak (noria, izotz pista), sarrera bikoitzak Araskiko partidetarako, masajetarako bonuak edo Bodychronos-eko talde eskoletarako bonuak edo hilabeteko sarrerak EGYM gimnasiorako (50 € baino gehiago).  Tiketak app-aren bidez trukatu dituztenentzat, 250 € ere zozketatuko dira "Oparitu Gasteiz" txarteletan.

Era berean, ez da falta izango opari ideien katalogoa, merkataritzako, ostalaritzako eta tokiko zerbitzuetako ehun establezimendu baino gehiagorekin batera egina, zeinak iradokizunak jasoko baititu jai hauetan oparitzeko, kategoria hauetan sailkatuta: etxea, gourmet, moda eta osagarriak, aukera sortzaileak... edo maskotentzako opariak.   Webgunean dago, baina, gainera, deskargatu eta mugikorrean eraman ahalko da, WhatsApp bidez bidali, etab.
 
Jarduera programari eta zerbitzu berezien katalogo horri buruzko informazio guztia web orri honetan egongo da eskuragarri: regalagasteiz.eus, eta Gasteiz Oneko informazio guneetako pantailetan.
 

Foru Aldundia Merkataritza

Prentsa oharra

Jaitsi