Abenduaren 1etik aurrera Eskualdeko Garraioko linea berri batek emango die zerbitzua Zigoitiko herriguneei - arabapress
Abenduaren 1etik aurrera Eskualdeko Garraioko linea berri batek emango die zerbitzua Zigoitiko herriguneei
Gorostiza, Zestafe, Okoizta, Manurga, Ondategi, Olano, Zaitegi, Letona eta Mendarozketa lotuko ditu Gopegi, Gorbeia merkataritza zentroa eta Vitoria-Gasteizekin

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 5a.- Arabako Foru Aldundiak Eskualdeko Garraio linea berri bat jarriko du martxan datorren abenduaren 1ean. Zerbitzu berriak Zigoitiko herriguneei emango die arreta, eta inguruko garraio publikoaren eskaintza zabalduko du. Horrela, Gorostiza, Zestafe, Okoizta, Manurga, Ondategi, Olano, Zaitegi, Letona eta Mendarozketa lotuta egongo dira Gopegi, Gorbeia merkataritza zentro eta Vitoria-Gasteizekin.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, 24 linea Zigoitia zerbitzuak "astelehenetik ostiralera 10 joan-etorri izango ditu egunero noranzko bakoitzean, eta asteburu eta jaiegunetan 6. Bidaiak hogei minutu inguruko iraupena izango du. Zerbitzua erabili ahal izateko aldez aurretik erreserba egin beharko da, eta txartela eskudirutan edo BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango da".
Astegunetan lehen zerbitzua 06:45ean abiatuko da Gorostizatik, eta azkena 21:30ean irtengo da Vitoria-Gasteiztik. Larunbat, igande eta jaiegunetan, lehen bidaia 07:20an abiatuko da Vitoria-Gasteiztik, eta azkena 20:55ean Gorostizatik.
Eskualdeko Garraioa Arabako landa eremuko herri txikiak eskualdeko herri nagusi edo erreferentziazko herriekin lotzen dituen herri arteko foru garraio sistema da, betiere aldez aurreko erreserbaren bidez. Zerbitzu horren bidez herritarrak errazago irits daitezke funtsezko zerbitzuetara: Alavabusen lineetara eta beste garraiobide batzuetara, osasun eta hezkuntza zerbitzuetara, kirol instalazioetara, merkataritza guneetara eta udal nahiz eskualde administrazioetara. Linea batzuek, kasu honetan bezala, geldialdia egiten dute Vitoria-Gasteizen ere.
Herritarrek gaurtik aurrera egin ditzakete 24 linea Zigoitia zerbitzurako erreserbak, abenduaren 1etik aurrera bidaiatzeko. Horretarako, erabilgarri dituzte alavabus.eus webgunea, 945 182 060 telefono zenbakia eta Alavabus aplikazioa. Ohiko erreserbak bidaia egin aurreko eguneko 20:00ak baino lehen egin behar dira. Bapateko behar berezirik sortuz gero, azken orduko erreserbak ere egin daitezke bidaiaren aurreko bi orduetara arte, baldin eta zerbitzua programatuta badago, plaza libreak badaude eta aurrez antolatutako ibilbidearekin bateragarria bada. Bidaia horiek tarifa berezia izango dute.
Gainerako Eskualdeko Garraio lineetan bezala, txartelaren ordainketa eskudirutan nahiz BAT, BARIK eta MUGI txartelekin egin ahal izango da. Salbuespena azken orduko erreserbak dira; kasu horietan, ordainketa eskudirutan bakarrik egin ahal izango da. Gainera, BAT txartel pertsonalizatuak erabileraren araberako deskontu progresiboak eskaintzen ditu, eta hobariak %67ra arte irits daitezke noizbehinkako txartelaren prezioarekin alderatuta.
Erreserba egin eta azkenean bidaia egingo ez bada, ezinbestekoa izango da erreserba bertan behera uztea.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak joan den udan berritu zuen Eskualdeko Garraioa, linea berriak abian jarriz, Arabako Errioxan, Añanan eta Aiaraldean eskainitako plazen kopurua nabarmen handituz, eta erreserbak egiteko prozedurari malgutasun handiagoa emanez. Berritze prozesua abenduaren 1ean amaituko da, 24 linea Zigoitia martxan jartzen denean. Linea horrek Gorbeialdeko garraio publikoaren eskaintza handitzen du, eta eskualdeko garraio lineen guztizko kopurua 33ra igo da.

