Argitalpen batek Arabako 50 emakume zientzialari eta teknologoren ibilbidea eta hausnarketak bildu ditu - prentsa
Argitalpen batek Arabako 50 emakume zientzialari eta teknologoren ibilbidea eta hausnarketak bildu ditu
Arabako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskadiko Teknologia Parkearekin batera, "Arabako STEAM emakumeen koadernoa" plazaratuko du, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunean
Iñaki Gurtubai foru diputatuak nabarmendu du dokumentuak "gizarteari ekarpen handiak egiten dizkioten eta etorkizuneko belaunaldientzat, eta bereziki neskentzat, inspirazio iturri diren emakumeen istorioak" biltzen dituela
Gasteiz, 2025eko otsailaren 10a. "Emakume horiek lan egiten duten erakundeei eta gizarteari ekarpen handiak egiten dizkiote, eta etorkizuneko belaunaldien inspirazio iturri dira". Berrogeita hamar zientzialari eta teknologo inguru dira, eta haien ibilbideak eta hausnarketak Arabako STEAM emakumeen koadernoa izeneko argitalpenean jaso dira. Koaderno hori bihar, otsailak 11, izango den Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna dela eta prestatu dute.
Hala adierazi du Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak, Arabako Lurralde Historikoko emakume zientzialari eta teknologoen berri ematen duen argitalpenaz hitz egitean. Foru diputatuak adierazi duenez, neska-mutil eta nerabeentzako prestatu dute, honako helburu honekin: "Zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea gazteen artean, batez ere nesken artean, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bat bultzatzeko".
STEAM arloekiko (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) gazteen interesa sustatzeko Arabako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Teknologia Parkeak 2018az geroztik duten lankidetzaren emaitza da argitalpena. Koadernoak helburu hauek ditu: "zientzia eta teknologiako hurbileko erreferenteak nabarmentzea, gizarte osoa genero arrakalaren inguruan sentsibilizatzea, eta ikastetxeekin, enpresekin eta beste erakunde batzuekin lan egitea, lanbide horien askotariko profilen eta garapen profesionalerako aukera zabalen berri emateko, baita erronka sozialei aurre egiteko egiten duten ekarpena handia ezagutzera emateko ere".
Hiru erakundeek, zenbait eragile instituzional, akademiko eta enpresarialekin batera, Inspira programan parte hartzen dute. Inspira proiektu aitzindaria da, eta gertuko STEAM emakumeak eta gizonak eramaten ditu Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako geletara, neska-mutilekin hitz egin dezaten arlo horietan interesa izateko eta ikasketak egiteko orduan dituzten oztopo nagusiei buruz.
Orain arteko edizioetan, Arabako lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako 1.404 mutilek eta 1.367 neskak parte hartu dute, 61 ikastetxetako ikasgeletan mentoretza egin duten 158 emakume eta 7 gizonen eskutik.
Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren helburua da emakumeen eta neskatoen zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko, artearekiko eta matematikarekiko interesa sustatzea, eta, horrez gain, emakume zientzialariek, ikertzaileek eta ingeniariek historian zehar eta gaur egun egindako ekarpenak nabarmentzea. Horregatik, otsailaren 11 bi kontu gogorarazteko eguna da, batetik, zientziak inklusiboa eta askotarikoa izan behar duela, eta, bestetik, emakumeen, emakume gazteen eta nesken talentua, gizonenarekin batera, funtsezkoa dela munduan aurrerapen zientifikoan eta teknologikoan aurrera egiteko.
Gazteen artean, eta batez ere nesken artean, zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatze aldera, Arabako Foru Aldundiak, Arabako Lankidetzarako Ingeniaritza erakundearekin (ICLI) lankidetzan, lankidetza proiektu bat bultzatzen du Boli Kostan, aipatutako ekimenaren ildo beretik: "Genero berdintasuna sustatuz eta krisiaren aurreko erresilientzia areagotuz Boli Kostako hezkuntza eta osasun sistema indartzea".
Proiektu horren esparruan, sentsibilizazio ekintzak egingo dituzte otsailean eta martxoan, haurrentzako eta haien familientzako tailerren bitartez, bi helbururekin: proiektua Arabako ikastetxeetan ezagutaraztea, eta gaur egun dauden genero desberdintasunei buruz hausnartzea, emakume zientzialariek historian izan duten zeregina ezagutzera emanez. Tailerrez gain, Boli Kostako proiektuari buruzko erakusketa ibiltari bat izango da, hezkuntzari, emakumeei eta zientziari lotutako munduko beste leku batzuetako errealitateak ezagutarazteko.
Informazio gehiago hemen: https://inspirasteam.net/mujeres-steam-alavesas/