Azaroaren 15erako Zambranak Txulato Trail lasterketaren lehenengo edizioa antolatu du, kirola, natura eta ondarea uztartzen dituen kirol proba - arabapress
Azaroaren 15erako Zambranak Txulato Trail lasterketaren lehenengo edizioa antolatu du, kirola, natura eta ondarea uztartzen dituen kirol proba
Lasterketak 26,75 eta 12,9 kilometroko bi ibilbide izango ditu, eta udalerriko lau herrietatik igaroko da: Berganzo, Ocio, Zabalate eta Zambrana

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 26a.Zambranako Udalak datorren azaroaren 15ean, igandea, Txulato Trail Zambrana lasterketaren lehenengo edizioa ospatuko du. Mendiko lasterketa horren helburua da kirola, natura eta ondarea uztartzea eta Berganzo, Ocio, Zabalate eta Zambrana udalerriko lau herrietako bide tradizionalak eta ingurunea ezagutzera ematea.
Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren eta Vital Fundazioaren laguntza du Zambranako Udalak antolatutako lasterketa honek. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Ana del Val Kultura eta Kiroleko diputatuak kirolak herritarrak lurraldera eta horren ondarera hurbiltzeko duen gaitasuna nabarmendu nahi izan du. «Txulato Trail adibide ona da kirol ekimen batek ingurunea ezagutarazteko duen gaitasuna ikusteko; izan ere, herrietan barrena bagabiltza, inguruetako natura eta ondarearen aberastasuna ezagutuko dugu. Kultura eta Kirol Sailetik lagundu nahi dugu kirola sustatzen duten eta lurraldea balioan jartzen laguntzen duten ekimenak bultzatzen».
Trini Zarza Zambranako alkateak azaldu duenez, Txulato Trail udalerriko hainbat gazteren ekimena da; hain zuzen ere, inguruko mendietan ibiltzea eta korrika egitea gustuko duten gazteena. «Gure lau kontzejuetako natura eta ondare baliabideak ezagutzera eman nahi ditugu, eta Zambranan dugun ondarea erakutsi. Lasterketari esker, kirolaren bidez eta naturarekin harreman zuzenean arituz, parte hartzaileek aukera bikaina dute gure bideak eta toki enblematikoak ezagutzeko, hala nola Zabalateko eta Lanoseko gazteluak».
Bestalde, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak azpimarratu duenez, "garrantzitsua da gure lurraldeko herriek bizilagunak eta boluntarioak mobilizatzea horrelako ekitaldiak antolatzeko, herriari ikusgarritasuna emateko eta haien ingurumen- eta ondare-aberastasunari balioa emateko. Gainera, Vital Fundaziotik proba honetako kirol-ekipazioetarako baliabideak ematen ere laguntzen dugu, gure urteroko deialdiaren bidez. Deialdi horrek 150.000 euro baino gehiago bideratu ditu 2026an Arabako 66 kirol-erakundetara ".
Lasterketak bi ibilbide desberdin ematen ditu aukeran, parte hartzaileek beren gaitasunen arabera aukeratu dezaten. Ibilbide luzeak 26,75 kilometro ditu eta 1.019 metroko desnibel positiboa; laburrak, berriz, 12,9 kilometro eta 491 metroko desnibel positiboa. Bi aukerek parte hartzaileei inguruko paisaia eta ondare gune nagusietako batzuk ezagutzeko aukera emango diete.
Ibilbide luzea eginez gero, 868 metroko garaierara iritsiko da, eta Zabalateko gaztelutik eta Zabalate, Berganzo eta Ocio herrietatik igaroko da. Ibilbideak Lanoseko gaztelurainoko igoera ere izango du, Zambranara itzuli aurretik. Ibilbide laburrak, bere aldetik, Zabalateko gaztelurantz egingo du gora, eta Santa Cruz del Fierrorantz jarraituko du, La Rasako bidexkatik eta Hoyoko arroilatik barrena, helmugara iritsi aurreko azken kilometroei ekiteko.
Irteerak eta parte hartzaileentzako zerbitzuak
Irteera zein helmuga Zambranako pilotalekuan izango dira. Proba luzea 10:00etan hasiko da, eta laburra, 10:10ean. Dortsalak azaroaren 14an, larunbata, 17:00etatik 19:00etara banatuko dira pilotalekuan, eta azaroaren 15ean, igandea, 07:30etik 09:30era, irteera gunean.
Antolakuntzak hainbat zerbitzu izango ditu prest parte hartzaileek erabil ditzaten, besteak beste, arropazaintza, komunak, ur beroko dutxak eta hornidura guneak. Era berean, probak Gurutze Gorriaren arreta eta boluntario talde baten laguntza izango ditu, lasterketaren bitartean segurtasun arauak nahiz ingurune naturala babesteko neurriak bete daitezen laguntzeko.
Lasterketari esker, Zambranak hitzordu berri bat gehituko dio udalerriko kirol egutegiari. Proposamenak ondo uztartuko ditu alde batetik, mendian lasterka aritzearen erronka eta bestetik, lurraldea, paisaiak eta ondarea ezagutzeko aukera.

