Detalle agenda - arabapress
Foru Aldundiak 18.000 eurorekin diruz lagunduko ditu artisau lantegien modernizazioa eta hobekuntza
Lokalak berritzeko eta tresnak eta ekipoak eskuratzeko

Gasteiz, 2025eko abuztuaren 25a.- Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 18.000 euro bideratuko ditu aurten Arabako artisauentzako zuzeneko laguntzetara, lehiakorragoak izaten laguntzeko. Laguntza horiek honako hauek finantzatuko dituzte: makinak eta ekipoak berritzea, lantegiak eraberritzea eta azoketan parte hartzeko erakustokiak eta bestelako ekipamendua eskuratzea.
Arabako artisautzari laguntzeko foru politikak laguntza ekonomikoen bi programaren bidez gauzatuko dira.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek azaldu duenez, lehenengo programak 18.000 euroko aurrekontua du, eta honako honetara bideratuta dago: "artisau sektorea modernizatzen lagunduko duten inbertsio proiektuak finantzatzea; hau da, artisau jarduera garatzeko beharrezkoak diren makina eta tresna berriak eskuratuz, muntatuz eta instalatuz, eta karpak eta antzekoak erosiz, eta lantegietan eraberritze lan txikiak eginez artisau sektorea modernizatzen lagunduko duten inbertsio proiektuak finantzatzea".
Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 80 da, eta, gehienez ere, 3.500 euro jaso ahal izango dira, ekipamenduetan, tresnetan eta azoketarako tresnetan egindako inbertsioen kasuan, eta eraberritze lan txikien kasuan, aldiz, zenbatekoa diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 40 da, eta 5.000 euro jaso daitezke gehienez.
Laguntza lerro honek Arabako 13 artisau finantzatuko ditu, besteak beste hauexetarako: lokal bat artisau lantegi bihurtzeko obrak egiteko eta lokaletan bestelako eraberritze lanak egiteko, bai eta ehungailuak, irazkigailuak eta ehungintzarako beste tresna batzuk, zeramika labeak eta azoketan artisau produktuak saltzeko erakustokiak eta karpak eskuratzeko ere. Tresneria informatikoa erostea ere finantzatzen du.
Bigarren programa datozen asteetan ebatziko da, 31.000 euro baino gehiagoko aurrekontua du, eta haren helburua da arabar artisauei laguntza ematea prestakuntza jaso dezaten, merkataritza eta sustapen ekintzak gauza ditzaten eta kudeaketarako, marketinerako eta salmentetarako teknologia berriak erabiltzen has daitezen beren negozioetan.
Jarduerarako laguntzen deialdi horren oinarriek lehentasuna ematen diete honako hauen bidez enpresaren lehiakortasuna hobetzen duten ekintzei: produktua bereiztea, teknologia berriak kudeatu eta haien erabilera hobetzea, artisau jarduerari eusteko konpromisoa eta eragin maila. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 70 da, eta onuradun bakoitzak 4.500 euro jaso ditzake gehienez ere.