Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua | 2025 11 11

‘Hablar porno hablar’ itzuli da, maskulinitateen eraikuntza, intimitate digitala eta adostasuna aztertzeko

Ekimena Traspasos Kultur-ek garatu du, Vital Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak babestuta  

14 eta 17 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, egunero egingo da, azaroaren 21era arte, Vital Fundazioa Kulturunean, eta, gainera, 14rako, 20rako eta 21erako publiko orokorrari eta familiei irekitako saioak programatu dira     
 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroak 11.‘Hablar porno hablar’ iaz abian jarri zen proiektu aitzindaria da, bai edukiari dagokionez, bai metodologiari dagokionez, gazteen artean oso presente dagoen eta familien baitan aurre egitea erraza ez den gai bati buruz hausnartzeko: pornografia. Traspasos Kultur-ek jarri du abian, Vital Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak babestuta, eta bigarren urte honetan, maskulinitateen eraikuntza, intimitate digitala, adostasuna eta harremanen etika gaiak izango ditu ardatz. 

Proiektuaren zuzendari Mikel Gómez de Segurak, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek aurkeztu dute ‘Hablar porno hablar' ekimenaren aurtengo edizioa. 

Pornografiak eta Interneten hain eskuragarri izateak eragin zuzena dute belaunaldi berriak erlazionatzeko moduan eta haien itxaropen afektibo eta sexualetan. Horrela, murgiltze-antzerki formatuan, programa honek interesa pizteaz eta entretenitzeaz gain, galderak eta elkarrizketak katalizatzea ere badu helburu. 14 eta 17 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, astelehenetik ostiralera izango da, azaroaren 21era arte, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua). 

Gainera, azaroaren 14an (euskaraz) eta azaroaren 20an (osteguna) eta 21ean (ostirala) publiko orokorrari eta familiei irekitako hiru saio egingo dira. Egun bakoitzeko emanaldi bi eskainiko dira, 18:00etan eta 19:30ean 

Proiektua modu originalean planteatu da, oso ohikoa ez den hausnarketarako espazio batean, non ikasleak eszenan benetan murgilduta diren eta, pertsonaien bidez, gai eztabaidagarri hori hainbat ikuspegitatik begiratu dezaketen. Baliabide eszenikoak, teknika performatiboak eta ikus-entzunezko materiala konbinatu ditu, nahi den inpaktua lortzeko arretaz aukeratuak eta ekoitziak, eta une oro errespetatuko ditu publiko gaztearen sentsibilitatea eta adingabeak direla. Elementu horiek integratu egingo dira parte-hartzaileak interpelatuko dituen esperientzia sentsoriala eta emozionala sortzeko, helburua da deseroso sentiaraztea, probokatzea eta hausnarketarako abiapuntu izango diren benetako erreakzioak piztea.  

Antzezpenaren ondoren, espazioa elkarrizketa-leku bihurtuko da. Ondorengo eztabaida Emaize Zentro Sexologikoaren laguntzaz dinamizatuko da, eta emanaldian zehar sortutako gogoetak eta galderak partekatzera gonbidatuko gaitu, ingurune seguru eta parte hartzailean. “Izan ere, pornoaz hitz egitea ez da sexu hutsaz hitz egitea, sexu hezkuntzak, desioen aniztasunak eta lotura osasungarrien eraikuntzak gure gizartean intimitatea eta plazera ulertzeko modua nola eralda dezaketen ere landuko baita”, nabarmendu dute bultzatzaileek.

Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi




Foru Aldundia | 2025 11 07

Fernando Garrigak irabazi du Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko 54. Saria

Nahia Intxaustik eta Grethel Delgadok irabazi dute Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren

Ekainean iragarri zen euskarazko ipuinaren Ignacio Aldecoa Bekaren irabazlea, Ruben Sanchez 
 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 7a. Kultura eta Kirol Sailak urtero antolatzen dituen literatura sarien irabazleak iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak.

Hauek dira:

•    Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria: Fernando Garriga
•    Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, euskaraz: Nahia Intxausti Intxausti
•    Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, gaztelaniaz: Grethel Delgado Alvarez
•    Euskarazko literatura sortzeko Ignacio Aldecoa Beka: Ruben Sanchez Bakaikoa

Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria

Fernando Garriga idazle argentinarrak irabazi du Ignacio Aldecoa Sariaren 54. edizioa. Arabako Foru Aldundiak 1971tik antolatzen du sari hau, eta José Hernández Polo idazle eta kazetari aragoiarrari eman zion lehen aldiz 1972an, Cuando mueran los colores lanagatik.

Egileak Un bucle de tiempo izeneko lanagatik jaso du saria. Munduko hainbat tokitatik aurten aurkeztu diren 350 hautagaitza baino gehiagoren artean aukeratu dute.

Hori izan da Antonio Altarribak, Juan Apariciok, Clara Obligadok, César Sánchezek eta Sabina Urracak osatutako epaimahaiak aurten lehiaketara aurkeztutako 350 hautagaitza baino gehiagoren artean aukeratutako irabazlea. Epaimahaiaren ustez, Un bucle de tiempo lanak irudimena pizten du, gaitasun formal ezohikoa erabilita, erritmoa erabat kontrolatuta eta imajinario aberatsa eta konplexua baliatuta.

Lehiaketak 12.000 euroko saria du, eta duela bost urtetik Arabako Foru Aldundiarekin harreman emankorra izan duen Fulgencio Pimentel argitaletxe ospetsuak saritutako ipuin bilduma argitaratuko du.

Fernando Garriga, Argentinan jaio zen 1964an, eta idazlea izateaz gain, musikaria eta paisaia pintorea ere bada, eta idazketa tailerrak egiten ditu. Besteak beste, honako lan hauek argitaratu ditu: Escuela para ciegos (2013), Cumpleaños en la isla (2016), Continuidad de la obra (2016), Las invasiones ranqueles según mama (2019), Casi una novela japonesa (2023).  Gainera, zenbait sari lortu ditu, hala nola hirugarren postua Luis de Tejeda sarian, eta lehenengo postua Buenos Aires Hiria sarian, Continuidad de la obra lanagatik.


Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa

Nahia Intxaustiren eta Crethel Delgadoren lanek irabazi dituzte Ernestina Champourcín 35. Poesia Lehiaketako euskarazko eta gaztelaniazko sariak, hurrenez hurren. Kategoria bakoitzean 2.000 euroko saria dago, eta irabazleen lanak argitaratu egingo dira.


Nahia Intxaustik, Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketako euskarazko lanik onenaren irabazleak, Zainetatik zilarra izeneko lanari esker eskuratu du saria. Gaixotasunaren bizipen pertsonalean, gorputzaren ahultasunean, nork bere burua onartu eta berreraikitzeko premian oinarritutako poema sorta da saritutakoa. 
Egilea Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Eskolak ematen ditu Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan eta Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterrean. Gaztetatik idatzi du poesia, eta sari hau da jasotzen duen lehena.

Bestalde, Grethel Delgado kazetari, idazle eta aktore kubatarrak Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketako gaztelaniazko lanik onenaren saria eskuratu du, Y solo estamos en verano poema sortari esker. Lan horrek amets amerikarra lortzeko emigratzea zein gogorra den islatzen du, bai eta etorkizun hobea bilatzeko bere jaioterritik ihes egin behar duen edonork pilatzen duen deserrotzea eta nostalgia ere.
Egilea zenbait lehiaketatan saritu dute, hala nola Hialeah Hiriaren Mendeurreneko Poesia Lehiaketan (2025) edo Mehdi Hajji Nazioarteko Poesia Sarian (2024). Zenbait liburu argitaratu ditu, besteak beste, Melancolía South Beach (2025) edo No me hablen de Cuba (2022).

Bi modalitateetako epaimahaikideak Ángel Erro, Catalina Garcés eta Kepa Murua izan dira.

Sari banaketa

Sari banaketa 2026ko martxoaren 9an izango da, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.

Bestalde, ekainean iragarri zen Ignacio Aldecoa Bekaren irabazle Ruben Sanchezen lana ere argitaratuko dute, eta martxoaren 10etik 14ra bitartean izango den Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztuko dute.

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi

Foru Aldundia | 2025 11 11

Foru Gobernuaren Kontseiluak onartutako gaien laburpena

  • Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxako terroira sustatzeko laguntzen dekretua onartu du, eta mildiuren laguntza-lerroa aktibatu du
  • Foru Aldundiak elektrizitate kontratua lizitatu du 2026rako eta 2027rako, 50 udal eta erakunde publiko baino gehiagorekin batera, 26 milioi euroko zenbatekoan
  • Izkiko parke naturalera iristeko, Korresen aparkaleku berri bat eraikitzeko obrak lizitatu ditu
    foru aldundiak
  • Foru Aldundiak Lezeko aparkalekua bizikleta azpiegitura gisa egokitzeko obrak kontratatu ditu
Foru Aldundia Diputatu nagusia

Prentsa oharra

Jaitsi



Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua | 2025 11 11

Foru Aldundiak bihar, asteazkena, irekiko du zirkulaziorako Legutioko saihesbide berria

Aldi berean, Goikoetxe auzoko A-623 errepidetik A-2620 errepiderako egungo sarbidea itxiko du

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11.- Arabako Foru Aldundiak bihar, azaroak 12, asteazkena, irekiko du zirkulaziorako Legutioko saihesbide berria, A-2620 eta A-623 errepideak lotzen dituena, bai eta herrira sartzeko iparraldeko lotura ere. Saihesbidea eta iparraldeko lotura martxan jartzearekin batera, Goikoetxe auzoko A-2620 errepidetik A-623 errepiderako egungo sarbidea itxiko dute.
Hurrengo asteetan Legutioko saihesbideko obren azken fasea gauzatuko da eta errodadura geruza zabalduko da eta seinale horizontalak jarriko dira proiektu osoan. Horregatik, eta lan horiek eta ibilgailuen zirkulazioa bateragarriak izan daitezen, errei bakar batetik desbideratuko dute trafikoa txandaka. 
Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak horren berri eman die Legutioko eta Aramaioko udalei eta Legutioko Administrazio Batzarrari.
Txandaka pasatzeko desbideratze horiek eragin puntuala izan dezakete Gasteiz eta Durango lotzen dituen Alavabusen 18. linearen ibilbidearen ohiko iraupenean. Ez da aldaketarik izango linea horrek Legution egin ohi dituen geldialdietan. 
 

Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi



Foru Aldundia
Diputatu nagusia

Diputatu nagusiaren prentsaurrekoa, gaurkotasuneko gaiak jorratzeko

    Prentsa aretoa -

Etxe Jauregia. Arabako Foru Aldundia.

 Probintzia plaza, z/g.

01001, Vitoria-Gasteiz.

    2025-11-11 - 11:00

 

 

Ekitaldian parte hartuko dute

 

Ramiro González Vicente

ARABAKO DIPUTATU NAGUSIA

Ekitaldiaren kokapena

 

Prentsa aretoa

Etxe Jauregia. Arabako Foru Aldundia.

 Probintzia plaza, z/g.

01001, Vitoria-Gasteiz.

 


Kultura
Foru Aldundia

"Hablar porno hablar" programaren II. edizioaren aurkezpena

    Vital Fundazioa Kulturunea (Dendaraba) -

La Paz Kalea, 5, 1. solairua

01005 Vitoria-Gasteiz, Araba

    2025-11-11 - 10:15

Bertan egongo dira:

 

  • Ana del Val, Kultura eta Kirol foru diputatua
  • Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria
  • Mikel Gómez de Segura, proiektuaren zuzendaria

 

 

Ekitaldian parte hartuko dute

 

Ana del Val Sancho

KULTURA ETA KIROL SAILEKO FORU DIPUTATUA

Ekitaldiaren kokapena

 

Vital Fundazioa Kulturunea (Dendaraba)

La Paz Kalea, 5, 1. solairua

01005 Vitoria-Gasteiz, Araba

 


Kultura | 2025 11 10

Karmeldarren Bihotz Sakratuaren ikastetxeko ikasleek Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egindako oroitzapenezko horma irudiaren inaugurazioa

Azaroaren 12an, asteazkena, izango da, 18:00etan, jendearentzat zabalik egongo den ekitaldi batean

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 10a – Ignacio Aldecoaren jaiotzaren mendeurrenaren esparruan, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko Kargalekuan kokatutako horma irudi bat inauguratuko da. Espazio hori gure gazteen sormenerako eta talenturako topagune bihurtuko da. Horma irudi hori Karmeldarren Bihotz Sakratuaren ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek egin dute.

Ekitaldia azaroaren 12an, asteazkena, izango da, 18:00etan, Euskal Ilustrazioaren Eguna ospatzen den egun berean. Ekimen hori EuskaI Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak sustatu du, eta aurten egingo da lehenengo aldiz.

Ekitaldia jendearentzat irekita dago, eta Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak hartuko du parte, baita horma irudia egin duten ikasleek ere. Ekitaldian zehar, hainbat musika interpretazio eskainiko dituzte Karmeldarren ikastetxeko ikasleek, kultura ekitaldi honen parte gisa.

Artista gazteek egindako murala Ignacio Aldecoari egindako omenaldi bisuala da, eta idazle gasteiztarraren jaiotzaren mendeurrenean egindako jarduera ugariren barruan kokatzen da.

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi




Gizarte Zerbitzuak | 2025 11 10

Foru Aldundiak gizarte mentoretza sustatuko du gizarteratzeko tresna berritzaile gisa

Lagun egiteko prozesu bat da, zeinean boluntarioak erreferentzia bihurtzen baitira zaurgarritasun egoeran dauden beste pertsona batzuentzat 

Gizarte Politiketako Sailak jardunaldi bat antolatu du ostegunerako, hilak 13, esku hartze sozialerako tresna honen berri emateko, arrakasta izan duten esperientziak ikustarazteko eta erakundeen eta profesionalen artean sinergiak sortzeko
 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 10a. Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailak gizarte mentoretzari buruzko jardunaldi bat antolatu du datorren ostegunerako, hilak 13. Gizarte bazterkeriako arriskuan daudenen eta haiei laguntza emateko beren borondatez beren burua eskaintzen duten pertsonen arteko harremana sustatzen duen esku hartze sozialeko tresna bat da mentoretza hori.  Lagun egireko prozesu horretan, boluntarioak erreferente bihurtzen dira, denbora jakin batez, zaurgarritasun egoeran dauden beste pertsona batzuentzat, hala nola emantzipazio prozesuetan dauden gazteentzat, migratzaileentzat edo indarkeria matxistaren biktimentzat, beste kolektibo batzuen artean.

Gizarte mentoretzaren onura nagusiak honako hauek dira: mentoratuaren kontaktu eta aukeren sarea zabaltzea; baliabide emozionalak hobetzea eta bakartze sentsazioa murriztea; zeharkako gaitasunak areagotzea, hala nola autonomia, motibazioa eta autoestimua, eta horrek pertsonaren gizarte eta familia sareetan duen eragin positiboa. 

Hirugarren sektoreko erakundeei, gizarte eragileei eta gizarte eremuan lan egiten duten teknikariei zuzenduta dago, eta "Mentoría social en Álava: claves y retos de futuro - Gizarte mentoretza Araban: gakoak eta etorkizuneko erronkak" jardunaldiaren helburua da gizarte mentoretza ezagutaraztea gizarteratzeko tresna berritzaile gisa, esperientzia arrakastatsuak ikusaraztea eta erakundeen eta profesionalen artean sinergiak sortzea. Programan esparru txosten bat eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan finkatutako proiektuen aurkezpena sartuta daude.

Jardunaldian Isabel Gutiérrez egongo da, Esku hartze Sozialeko Masterra duen eta ekintza komunitarioaren eta kulturartekotasunaren sustapenaren esparruarekin lotuta dagoen antropologoa. Mentoretzaren kontzeptura hurbilduko da: proiektuak eta mentoretzaren egoera munduan, Europan eta estatuan; eginkizuna, mugak eta konfidentzialtasuna gizarte mentoretzako harremanetan; politika publikoen parte hartzea, eta etorkizuneko erronkak. 

Era berean, hainbat esperientzia azalduko dira bi mahai ingurutan. Bo horietako lehenengoan, helburua izango da zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko Araban egiten ari diren esperientzia positiboak ikusaraztea eta balioestea.  

Honako hauek hartuko dute parte: Ana Gorrochategui Arabako Gurutze Gorrikoak lan ekintzailetzako Sustatu programari buruz hitz egingo du; Ainara Pérez Sartu Arabakoak Saregune proiektua aurkeztu eta egun prestakuntza emaile diren antzinako mentoratuei buruz hitz egingo du; Raúl Rodríguez IRSEkoak LGE Laguntza eta garapen egokiturako programa Programa azalduko die familia babesteko programen erabiltzaileei; Jaione Martínez de Albéniz ADSIS Fundazioak iritsi berri diren familien eskola eta komunitate integraziorako Laguna Programa azalduko du. 
 
Ondoren, Gipuzkoan (Izeba proiektua eta Home Start Gipuzkoa: familiak eskuz esku) eta Nafarroan (Kideak-Orbitan programa) dagoeneko finkatuta dauden mentoretzako esperientziak aurkeztuko dira Kristina Soares eta Eider Jaimeren eskutik, hurrenez hurren.  Amaitzeko, Belén Vallina Yaran Foundationeko lehendakariak "Silk road to knowledge" proiektuari buruz hitz egingo du. Proiektu horren ardatza Euskadiko emakume afganiarren integrazioa eta akonpainamendua da, eta mentoretzak, gizarteratzeko eta ahalduntzeko tresna berritzaile gisa aplikatuta, laguntza aukera bihurtzen du harrera akonpainamendua. 

Ekitaldia urriaren 5ean egingo da, 10:00etatik 14:00etara, Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko ekitaldi aretoan. Aldez aurretik izena eman behar da, esteka honetan.
 

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi