Araban Hondakinen Prebentziorako Europako Astea antolatu da, eta “Ikusten duzuna baino askoz gehiago” kanpainaren bideo berri bat egin da, herritarrak lurralde zirkular baten eraikuntzan inplikatzeko - arabapress
Araban Hondakinen Prebentziorako Europako Astea antolatu da, eta “Ikusten duzuna baino askoz gehiago” kanpainaren bideo berri bat egin da, herritarrak lurralde zirkular baten eraikuntzan inplikatzeko
- Arabarrak dira ikus-entzunezko horren protagonista, haietako batzuk dibertsitate intelektuala duten pertsonak, zeinak kanpainako monitoreak baitira, eta lan horren bidez hondakinen gaineko ikuspegi tradizionala aldatu nahi da, eta hondakinok baliabide bihurtu, “Komunitate zirkularrak” 2021eko Europako Astearen lemari jarraituz.
- “Ikusten duzuna baino askoz gehiago” kanpaina ibiltaria Gasteizera iritsi da, Arabako beste sei kuadrilla igaro ondoren; birziklatze lantegiak antolatu dira gizarte etxeetan, eta aurrez izena emanda joan ahal izango da haietara, doan.
- Ekimenari abenduaren 16an eta 17an emango zaio amaiera, Santa Barbara plazako pergolaren inguruan egingo den kaleko ekintza batekin.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 22a. Arabako Foru Aldundiak bideo bat aurkeztu du gaur, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen hasierarekin bat eginez, herritarrak sentsibilizatzeko gure hondakinak behar bezala kudeatzearen garrantziaz, baliabide bihurtu ahal izateko.
Egibide, Har Eman eta Indesarekin lankidetzan “Ikusten duzuna baino askoz gehiago” kanpaina egiten ari da, eta aipatutako ikus-entzunezkoa kanpaina horren barruan sartu da. Arabarrak dira bideoko protagonista, eta haien artean dibertsitate intelektuala duten hiru pertsona daude, hain zuzen kanpainako ingurumen monitoreen taldeko kideak direnak.
“Ideia da bistaratzea nola aldatzen den gure hondarrak ikusteko modua, hondakin gisa ikusi ordez baliabide gisa ikusten baditugu. Pertsona horien autentikotasuna eta enpatia baliatu nahi izan ditugu, oso gertutik eta argi azaltzen baitute, adibidez, botila huts baten atzean jertse bat, jostailu berriak, ibai garbiagoak edo aukera ekonomiko berriak egon daitezkeela”, azaldu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak. Horren harira, foru diputatuaren iritziz, “funtsezkoa da zaborrontzira botatzen ditugun gauza askok duten balioa erakustea, arabar bakoitzak urtean sortzen dugun 400 kilo baino gehiagoko zaborraren kudeaketa hobetu ahal izateko.” Bideoa aldundiaren beraren zein lurraldeko kuadrilla eta udalen webguneen eta sare sozialen bidez zabalduko da.
“Ikusten duzuna baino askoz gehiago” kanpaina azaroaren 4an abiatu zen Laudion, eta gaur, azaroaren 22an, Gasteizera iritsi da, informatzeko eta parte hartzeko hainbat jarduerarekin. Esate baterako, gaur goizean zehar, informazio gunea Zabalganako gizarte etxearen sarreraren alboan egongo da eta, arratsaldean, Salburuko gizarte etxean. Bihar, hilak 23, arratsaldean Judizmendiko gizarte etxearen sarreran egongo da, eta abenduaren 2an Santa Barbara plazako pergolaren alboan, ostegunetako azoka tradizionala egingo dela aprobetxatuz.
Gainera, datozen egunotan, birziklatzeari buruzko lantegiak egingo dira hiriko zenbait gizarte etxetan. Doakoak dira, eta nahi duten herritar guztiak joan ahal izango dira, aurrez izena emanda (https://www.eventbrite.com/e/registro-zure-hondakinen-atzean-tailerra-taller-detras-de-tus-residuos- 198119028347).
Lantegiak 18:00etatik 19:30era bitartean egingo dira toki hauetan:
- Azaroak 25, osteguna: Zabalganako gizarte etxea.
- Azaroak 26, ostirala: Salburuko gizarte etxea.
- Azaroak 29, astelehena: Judimendi gizarte etxea.
- Azaroak 30, asteartea: El Pilar gizarte etxea.
Kanpainari abenduaren 16an eta 17an emango zaio amaiera kaleko ekintza batekin. Santa Barbara plazako pergolaren alboan egingo da, eta haren bidez, Eguberrien atarian gauden honetan, herritarrak kontzientziatu nahi dira Araban egin behar den bideaz hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen arloan Europak eskatzen dituen mailetara iristeko.
Adibidez, iaz errefuserako edukiontzi grisera botatakoaren % 86 baino gehiago birzikla zitekeen. Azalpen kuboz osatutako instalazio batean emango dio amaiera dibertsitate funtzionala duten pertsonen taldeak bere sentsibilizazio lanari.