Garapen ekonomikoa eta inbertsioa | 2021 02 04

Araba Ekineanek 2021. edizioari ekin dio, ekintzaileek etorkizuneko sortzaile gisa duten potentziala bistaratuz, eta bere ideia lehiaketa indartu du, egungo krisiari irtenbide transformatzaileagoak proposatzen dizkioten proiektuak saritzeko

  • Aurtengo lehiaketaren leloa "Etorkizuna sortzen" da, Arabako ekintzailetza ekosistemari balioa eman eta hura bultzatzeko; izan ere, eragin ekintzailetzan espezializatutako azterlan batek Estatu osoko onena dela aitortu du.
  • Gaur abiatuko den "Zure ideiak balio du" lehiaketaren 17. edizioak 10 kategoria izango ditu eta 11.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan.
  • Proposamenak martxoaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Araba Ekinean urte osoan zehar garatuko da eta lineako ekitaldiak eta topaketak nahastuko ditu, hala nola 40 proiektuk parte hartuko duten eskola enpresen azoka bihar, Ekin Day bezalako aurrez aurreko beste proiektu batzuekin, udazken hasieran Europa Jauregian egingo dena.
  • Beste berrikuntzetako bat izango da "ekintzailetza kate" bat abiaraztea. Kate horretan, enpresek eta ekintzaileek beren garapena bultzatzeko lankidetzan diharduten beste proiektu edo ekimen batzuk ikusarazten lagunduko dute.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 4a. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen eta BIC Araba taldearen bidez, eta Vital Fundazioak Araba Ekinean ekimenaren edizio berri bat aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Ekimena urte osoan zehar garatuko da, "Etorkizuna sortuz" lelopean. Lehiaketa sustatzen duten erakundeek Arabako ekintzailetza ekosistema aitortu, balioetsi eta indartu nahi dute horrela; izan ere, estatu mailan egindako azterlan batek Estatu osoko onena dela aitortu du. Espainiako ekintzailetza aktiboari buruzko txostena 2020. urtearen amaieran aurkeztu zuen Impact HUBek, komunitate ekintzaileak eraikitzera bideratutako munduko networking sarerik handienetako batek, eta bertan Araba ageri da ranking ekintzaile horren lehen postuan, Madril, Gipuzkoa, Girona eta Bartzelonaren aurretik. Azterketa horrek ekintzailetza neurtu nahi du gizartean sortzen dituen aldaketa positiboen arabera, eta kontuan hartu ditu adierazle ekonomiko eta finantzarioak, sozialak eta kulturalak eta ingurumenekoak ere bai. Besteak beste, dentsitatea, arintasuna, konektibitatea, aniztasuna eta laguntza politikak neurtu dira. Azken emaitzaren arabera, gure lurraldea da ekiteko egokiena, eta, Araba Ekinean-etik Arabako eragile eta ekintzaile guztiak zoriondu nahi ditugu, lurraldearen etorkizunean funtsezko eginkizuna beteko duen ekosistema hori sortzen laguntzeagatik.

Araba Ekineanen erakunde sustatzaileen ordezkariek: Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak, Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko alkateordeak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari eta BIC Arabako presidenteak, eta Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak Araba Ekinean 2021en berezitasunak azaldu dituzte; izan ere pairatzen ari garen pandemia-egoera dela eta, urteko lehen erdian lineako ekintza eta topaketa gehiago izango dituen programa bat prestatu baitu, ekitaldi presentzial garrantzitsuenak udazken hasieran garatzeko. Horrela, gaur bertan abiatuko da "Zure ideiak balio du" lehiaketaren 17. edizioa. Lurraldeko ideia eta proiektu ekintzaile onenak saritzen dituen lehiaketa da, eta kategoria berri bat izango du, egungo krisitik irteteko irtenbiderik onenak ekartzen dituen ekimena saritzeko. Guztira 10 sari izango dira, eta guztira, 11.000 euro baino gehiago saridunentzat. Sariak honako hauek dira:

  • Ideiarik onenaren On4U saria. 500 euro.
  • Ideiarik jasangarrienaren Aclima saria. 500 euro.
  • Merkataritza eta turismoko Gasteiz ON saria. 1000 euro.
  • Nekazaritzako elikagaien arloko ekimen onenaren Eroski saria. 1000 euro.
  • Industria arloko ekimen onenaren Michelin saria: 1000 euro.
  • Zerbitzuen sektoreko ekimen onenaren Ferrovial saria: 1000 euro.
  • Enpresa arloko eraldaketa sozialaren RPK sari berezia: 1000 euro.
  • Krisialditik ateratzeko irtenbide eraldatzaileen Vital Fundazioa saria: 1000 euro.
  • Berrikuntzako Metxa sari berezia: izen bereko azeleratzaileak emana proiekturik berritzaile eta eskalagarrienari. Saria: plaza bat hurrengo Bootcamp Metxa-rako, 4.000 euroan balioztatua.
  • Ikusleen sari berezia: Ideia finalisten azken aurkezpenera joango diren ikusleen artean aukeratua. 300 euro.

Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan hasiko da, otsailak 4, eta martxoaren 31ko 14:00etan bukatuko da. Oinarriak ikusgai daude alavaemprende.com helbidean. Lurraldeko eragile ekintzaileek osatuko dute epaimahaia, eta apirilaren hasieran aukeratuko dituzte finalistak. Aurten, berrikuntza gisa, finalista horiek zuzenean emango dira ezagutzera apirilean egingo den lineako ekitaldi batean, lehiaketa irabazi duten eta gaur egun enpresa arrakastatsuak eta finkatuak diren erreferentziazko proiektu batzuekin batera. Ezin dugu ahaztu 700 ekimen baino gehiago igaro direla lehiaketa horretatik. Horietako batzuk albiste izan dira orain dela gutxi, esaterako Corowai, 2019an jasangarritasun eta publiko kategoriak irabazi zituen zuhaitzetako egurrezko txabolen proiektua, "Green Product Awards" delakoetan finalista izan dena, hala nola, Alias Robotics enpresa arabarra, zibersegurtasun laborategi bat eraikiko duena Alemanian, Telefonicarekin batera.

Finalistek irailaren 29an Europa Jauregian egingo den ekitaldi irekian aurkeztu beharko dituzte proposamenak, eta irabazleak urriaren 5ean egingo den Ekin Day jaialdiaren barruan jakinaraziko dira. Lehiaketa honen iazko edizioan 43 proposamen aurkeztu ziren eta lehiaketaren antolatzaileek aurtengo lehiaketan parte hartzera animatu nahi dituzte ideia edo proiektu ekintzaile bat duten pertsona guztiak. “Haien parte hartzea bultzada handia izan daiteke beren proiekturako; halaxe izan zen garai batean, beste ekimen batzuetarako, adibidez, lehenago aipatutakoak”, nabarmendu zuten.

Irailaren 29an Europa jauregian egingo den jardunaldian, orobat, B2B topaketa egingo da, bosgarren urtez jarraian. Topaketa horretan, ekintzaileek banakako bilerak egin ditzakete aholkularitza, finantzaketa eta azelerazio erakundeekin, baita beste pertsona ekintzaile batzuekin ere. Topaketara joateko, aurrez izena eman behar da webgune honetan: www.alavaemprende.com. Aurreko deialdietan aldebiko 150 bilera baino gehiago egin ziren, eta haietatik lankidetza berriak sortu ziren.

Ekin Day eta Aurre-Ekin Day

2021. edizioak berrikuntza garrantzitsu bat izango du Ekin Dayk topagune nagusian. COVID-19ak eragindako egoera dela eta, ekitaldi presentziala urriaren 5ean izango da, baina maiatzean lineako deialdi bat egingo da, "motorrak berotzen" joateko. Webinar horretan, "Lurraldean ekintzaile izatea" izenburupean, Araba osoko proiektu eta pertsona ekintzaileen adibideak erakutsiko dira, zabaltzeko eta harreman eta networking handiagoa sortzeko horien guztien artean. Ekin Dayk, bestalde, Araba Ekinean sariak eta "Zure ideiak balio du" lehiaketaren sariak banatzeaz gain, etorkizuna sortzen eta gizartean eragin positiboa eratzen ari diren pertsona eta ekimenen hainbat adibide inspiratzaile hartuko ditu. Behin betiko programak erreferente diren pertsonekin elkarrizketak izango ditu, eta laster jakinaraziko da alavaemprende.com web orrian.

Ekintzailetzari buruzko lineako topaketen programa

Halaber, Araba Ekinean-ek Ekin Breakfast programa berria garatuko du aurten, lurraldeko ekintzailetzaren hainbat sektore eta alderdiri buruzko topaketa tematiko txikiak, hain zuzen. Topaketa horiek, hasiera batean presentzialak zirenak, birtual bihurtu dira pandemiaren garaian, Arabako ekintzaileei ezagutza eta negozio aukerak ematen jarraitzeko. Horrela, 2020an, ezaugarri horietako 9 lineako topaketa egin ziren, 37 ekimen ekintzaile baino gehiagorekin eta 300 parte hartzaile ingururekin. Hala, osasun krisiaren erronkei erantzuteko birmoldatu diren Arabako enpresen adibideak erakutsi ziren, hitz egin zen hasten diren proiektuetarako inbertsioa nola lortu, Araba/Gipuzkoa mugaren bi aldeetako adibide berritzaileei buruz edo Arabako Errioxako ekintzailetza disruptiboari buruz, besteak beste.

2021ean, dagoeneko egin da lehen Ekin Breakfast, urtarrilaren 28an, eta 70 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena, lurraldeko ekintzaileek jaso ditzaketen laguntzak eta dirulaguntzak aurkezteko. Otsailean beste bi programatuko dira beste horrenbeste gairekin: "Zer egin dezake marketin digitalak ekintzaileen alde?" eta "Ekintzailetzak ez du adinik", proiektu berriak abiarazteko gai izan diren 45 urtetik gorako pertsonen adibideak erakusteko helburuarekin. Era horretako topaketek linean izaten jarraituko dute urte osoan zehar harik eta osasun baldintzak hobetzen diren arte, eta dagoeneko badago aurreikusita ekintzailetzari eta klima aldaketari buruzko topaketa bat egitea. Egindako Ekin Breakfast guztiak grabatzen dira, eta, ondoren, alavaemprende.com web orriaren bidez ikus daitezke. Bertan, horietako edozein ikusteko doako izen-ematea ere egin daiteke.

Ekintzailetza katea

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat izango da lurraldeko enpresen eta ekintzaileen artean ekintzailetza kate bat sortzea. Arabako ekintzailetza ekosistema hori protagonista nagusien laguntzarekin bistaratzea eta balioestea da asmoa, Estatu osoko onena dela aitortu baita. Alavaemprende.com web orrian gune bat jarriko da, nahi duen enpresa edo proiektu ekintzaile bakoitzak lankidetza eman eta bere balio proposamena hobetzen lagundu dion beste ekimen bat ikusteko aukera izan dezan. Horrela, ekimen horiek bultzatu eta zabaldu nahi dira, eta negozio aukera berriak bultzatzen lagunduko duen kate bat sortu. Hemendik, ekintzaile guztiak animatu nahi ditugu beren ekosistemaren zati bat ezagutu eta bistaratu ahal izateko, gure web orriaren bidez inprimaki erraz bat betez.

Ekintzailetza sustatzea gazteen artean

Araba Ekinean 2021ek, halaber, gazteen artean ekintzailetza bokazioa eta talentua bultzatzeko ekintza programa oso bat garatuko du. Ildo horretan, pandemia gorabehera, bihar bertan Eskola Enpresen Azoka egingo da, baina oraingoan lineako ekitaldi baten bidez. Topaketan lurraldeko Lanbide Heziketako 7 ikastetxetako ikasleen 40 proiektu ekintzaile aurkeztuko dira. Epaimahai batek aukeratuko du ekimenik originalena eta sortzaileena eta 200 euroko saria jasoko du horrek.

Urtean zehar, beste ekintza batzuk ere garatuko dira, hala nola "Elkarrizketak Etorkizuna Sortzen", bideoan grabatutako elkarrizketa batzuk, non Arabako ekintzailetzaren hainbat erreferentek hainbat alderdiri buruz eztabaidatuko baitute, esaterako ekonomia berriei buruz: lankidetzakoa, soziala, ekonomia zirkularra, baita ekintzailetzaren inguruko eguneroko joerei edo egoerei buruz ere. Guztira, 4 elkarrizketa egingo dira urtean zehar, eta Araba Ekinean-en web orrian jarriko dira eta sare sozialen bidez zabaldu.

Ekintzailetza bokazioa sustatzeko eta pertsonek proiektu bat abiarazteko duten gaitasuna neurtzeko, lineako Escape Room bat ere sortuko da, ekintzailetza berariaz ardatz duen aplikazio bat, non 40 minutu baino gutxiagotan parte hartzaileek 10 erronka gainditu beharko baitituzte ekintzailetzaren "sorlekura" iristen lortu aurretik. Gure harrobi ekintzailea jolasaren bidez handitzeko modu bat. Taldeka jokatzeko pentsatutako dinamika da, eta, horrela, lankidetza espiritua sustatu. Room Escape hori edozein gailutatik erabil daiteke, mugikorretatik barne. Azkenik, Ateak Irekitzeko Jardunaldi batzuk ere programatuko dira, lurraldeko hazitegiak ezagutzeko, bertan garatzen ari baitira Arabako proiektu berriak.

Ekintzaileentzako erreferentziazko espazio birtuala

Azken urteotan alavaemprende.com web orria gure lurraldeko ekintzailetzari buruzko erreferentziazko espazio birtuala bihurtu da, eta pandemiak are gehiago balioetsi du gizarteari zerbitzu emateko duen joera. 2020an, web orriak 38.000 bisita baino gehiago jaso ditu, eta unean-unean eman du ekintzailetzaren inguruan sortutako berritasun guztien berri, hala nola COVID-19ak eragindako osasun krisia gainditzeko erakundeek emandako laguntza bereziak. Izan ere, web orriak atal espezifikoak ditu, une bakoitzean indarrean dauden ekintzailetza proiektuetarako laguntzak eta dirulaguntzak kontsultatzeko, jarduera ekintzaileak garatzeko Arabako guneak ezagutzeko edo aholkularitza espezializatua eman dezaketen eragileak aurkitzeko. Iaztik, talentu ekintzailea bilatzeko atal espezifiko bat ere badago, Arabako enpresek beren lan eskaintzak eskegi ditzaten. Aurten, berrikuntza gisa, lehen aipatu dugun ekintzailetza katearen ekimena bistaratzeko espazio bat sartu da.

Gainera, Araba Ekinean-ek sare sozialen plan aktibo bat du lurraldeko jarduera ekintzaile guztiak hedatzeko, urtean zehar eduki propioa sortuz. Ildo horretan, twitterreko profilak 2.210 jarraitzaile baino gehiago ditu dagoeneko, iaz 5.185 interakzio egin zituztenak; Facebookekoak 687 jarraitzaile ditu, 2.685 aldiz baino gehiagotan jardun zutenak; eta Linkedinen 426 jarraitzaile dituen orrialde bat ere badu. Araban ekiten ari diren edo ekin nahi duten pertsona guztiak animatzen ditugu, urtez urte hazten ari den komunitate horrekin bat egin dezaten. Bestalde, 300 harpideduni baino gehiagori hilero newsletter bat bidaltzen zaie sektoreko azken berrikuntzekin.

Garapen ekonomikoa eta inbertsioa Ekonomia garapena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Berrikuntza

Prentsa oharra

Jaitsi