Turismoa | 2021 05 03

Arabak bere turismo eskaintza aurkeztuko die Espainiako hiri nagusietako bidaia agentziei eta bidaia agentzia handizkariei

  • Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Malaga, Zaragoza, Bilbao, Valladolid eta Logroño bisitatuko ditu 'Etorri bidaiatzera' kanpainak.
  • Cristina González: "Bizitzen, sentitzen eta dastatzen den destino seguru gisa aurkeztuko dugu Araba, turistarentzat baino bidaiariarentzat pentsatutako destinoa baita".

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 3a.- Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak turismoa sustatzeko kanpaina bizia egingo du datozen hilabeteetan, "Etorri bidaiatzera" lelopean, Arabak merkatu nazionalean dituen erakargarriak ezagutzera emateko eta mugikortasuna berreskuratzen denean lurraldera bisitariak erakartzeko.  Kanpainaren ardatz nagusia da destinoa aurkeztea Espainiako hiri nagusietako bidaia agentziei, bidaia agentzia handizkariei eta prentsa espezializatuari.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak gaur prentsaurrekoan azaldu ditu maiatzean eta ekainean Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan, Malagan, Zaragozan, Bilbon, Valladoliden eta Logroñon izango da kanpainaren eduki eta helburuak, "gure turismo eskaintza hiri horietako bidaia agentziekin, bidaia agentzia handizkariekin eta komunikabideekin partekatzeko eta, horien bidez, oro har publikoari heldu eta erakartzeko".

"Araba gure naturari, ondareari eta enogastronomiari lotutako hamaika jarduera eta esperientziaren bidez bizi, sentitu eta dastatzen den destino seguru gisa aurkeztuko dugu. Turistarentzat baino, inguruaz eta kulturaz presarik gabe gozatzen dakien bidaiariarentzat pentsatutako destinoa da", gaineratu du.

Arabako eskaintza turistikoaren aurkezpena in situ egingo da Espainiako bederatzi hiritan. Udazkenean, fam trip edo egun batzuetako bidaia bat antolatuko da bidaia agenteen, bidaia agentzia handizkarien eta kazetarien eta bidaia blogarien parte hartzearekin, "Preskriptore pribilegiatu horiek tinkotu, Araba lehen pertsonan bizitzeko, sentitzeko eta dastatzeko aukera emanez".

Bi ekintzak indartzeko, merchandising-a, publizitate sorkuntzak eta sustapen bideo bat garatuko dira, datozen hilabeteetan hainbat formatutan zabaltzeko.

Cristina Gonzálezek azpimarratu duenez, "kanpaina berezia da, eta abagune berezi bati erantzuten dio: azken hamalau hilabeteetan aisialdiko turismoa eta biltzarrak ia erabat geldiarazi izana. Geldialdi horrek eragin zuzena du Arabako turismo sektorean (ostatuak, bidaia agentziak, turismo aktiboko enpresak, gidak, etab.) eta ostalaritzan eta merkataritzan".

"Egoera horren jakitun gara, eta aparteko ahalegina egiten ari gara sektore turistikoari laguntzeko, gastu eta inbertsiorako laguntzen bidez, eta azpiegitura turistikoak hobetzeko. Orain gauza bera egingo dugu sustapenean, Espainiako bidaia agentzia, bidaia agentzia handizkari eta komunikabide espezializatu nagusiei zuzendutako kanpaina indartsu eta handinahi baten bidez", adierazi du.

Destino segurua

Foru diputatuaren esanetan, txertaketaren aurrerapenak eta herritar gehienen jokabide arduratsuak "mugikortasunaren murrizketak pixkanaka altxatzeko aukera ematen omen du, eta, beraz, turismoa pixkanaka suspertzeko aukera urtearen bigarren zatian. Sektorearen susperraldia merkatu nazionalak eta hurbileko turismoak bultzatuko dute, eta Arabako eskaintza bertan egotea eta susperraldi horri etekina ateratzea nahi dugu".

Kanpainaren leloa "Etorri bidaiatzera" da, eta bere ardatza izango da Araba destino gisa aurkeztea bidaia agentzia, bidaia agentzia handizkari eta komunikabideei Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan, Malagan, Zaragozan, Valladoliden, Bilbon eta Logroñon. Hiri eta autonomia erkidego horiek nabarmentzen dira Arabara bidaiariak bidaltzen dituzten merkatu nagusiak direlako, Gasteizekin aireko konexioak dituztelako eta interesgarriak direlako hurbiltasun geografikoagatik.

Cristina Gonzálezek azpimarratu duenez, autonomia horiek "33 milioi biztanle dituzte, Espainiako biztanleriaren % 70, eta bidaia agentzia, bidaia agentzia handizkari eta komunikabide espezializatu nagusien egoitza dira. Aurkezpenak datorren astean hasiko dira Sevillan eta Malagan (maiatzaren 11n eta 12an); hilaren amaieran Logroñon eta Bilbon (maiatzaren 25ean eta 26an) jarraituko dute; eta ekainean amaituko dira Madrilen, Valentzian, Bartzelonan, Zaragozan eta Valladoliden".

"Hiri horiek bisitatuko ditugu Arabak eskaintzen duen guztia grinaz partekatzeko, eta, gainera, Gatz Harana, Santa Maria Katedrala eta beste baliabide garrantzitsu batzuetako ordezkarien laguntza izango dugu. Bisitatzen ditugun lekuetako kazetari eta/edo blogariekin, Araba ezagutzen duten kazetari eta blogariekin ere bai, eta aurkezpenetara joaten direnei gure erakargarritasunei buruz hitz egingo dute", adierazi du.

"Araba lasaitasunez ezagutzea merezi duten sekretu asko ezkutatzen dituen lurralde berezi gisa aurkeztuko dugu, turistarentzat baino bidaiarientzat pentsatutako destino gisa. Izan ere, Araba ikusten da, bai, baina, batez ere, bizi, sentitu, dastatu egiten da, eta, beste destino batzuek ez bezala, eskaintza zuzenduagoarekin, askatasunez gozatzeko aukera ematen du. Turismo agente, bidaia agentzia handizkari eta prentsari sinetsaraziko diegu Araba destino egokiena dela handiki bidaiatu nahi duenarentzat", esan du.

Kanpainaren claim-a, "Etorri bidaiatzera", eskaintza zabal baten bidez hedatuko da aurkezpenetan, naturari (parke naturalak, barnealdeko hondartzak, Santa Katalinako lorategi botanikoa...), ondareari (katedrala, Gatz Harana, gazteluak eta dorreak, monumentu multzoak, hiribildu harresituak, etab.), enogastronomiari (Arabako Errioxako eta Aiaraldeko upeltegiak eta ardoak) eta lurraldeko biltzarretarako azpiegiturei lotutako baliabide, jarduera eta esperientzietan oinarrituta.

Arabako gastronomia ere izango da protagonista aurkezpenetan eta, horrela, osasun eta segurtasun protokolo guztiak betez, turismo sektoreko profesionalek Arabako ardoak eta Arabako zero kilometroko produktuekin egindako pintxoak dastatu ahal izango dituzte.

Turismoa Turismoa Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Audioa

Prentsa oharra

Jaitsi