Turismoa | 2021 05 19

Araba FITURen bikoteentzako jomuga gisa aurkeztu da

  • “Maiteminduentzako arnasguneak Araban” proposamenaren bidez.
  • Cristina Gonzalez: “Bidaiatzea ezinbesteko premia da bikote guztientzat, eta Arabak esparru ezin hobea eskaintzen du mota guztietako premiak, eskaerak eta gustuak asetzeko, gazteenak, seme-alabarik gabeko helduenak, bikote seniorrenak eta abar ".

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 19a.- Arabak proposamen berri bat aurkeztu du gaur Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR), berrogeita hamar ideia eta planekin, Arabaren izaera, ondarea eta enogastronomia bikotekidearekin ezagutzeko. “Maiteminduentzako arnasguneak Araban” programaren helburua da Araba bikoteentzat jomuga gisa kokatzea, natura, paisaia, ondarea, aire zabaleko jarduerak eta gastronomia uztartzen dituen askotariko eskaintzarekin.

Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak Euskadiko stand-aren aurkezpen ekitaldia ireki du FITURen, eta adierazi du bidaiatzea "ezinbesteko premia dela bikote guztientzat, eta Arabak esparru ezin hobea eskaintzen duela mota guztietako premiak, eskaerak eta gustuak asetzeko: bikote gazteenak, seme-alabarik gabeko helduenak, bikote seniorrenak eta abar”.

“Gaur, Nazioarteko Turismo Azoka paregabe honetan esan nahi dizuet Araba helmuga ezin hobea dela bikote horientzat guztientzat eta gure bizitzako etapa horietarako guztietarako", adierazi du.

”Maiteminduentzako arnasguneak Araban” proposamena 32 orrialdeko argitalpen batean gauzatzen da, berrogeita hamar plan eta ideia biltzen dituena lurraldea bikotekidearekin ezagutzeko eta gozatzeko. Argitalpen hori “Araba zure bikotekidearekin ezagutzea merezi duzu. Hona hemen zazpi arrazoi” atalarekin hasten da. Bertan agertzen dira Alaitza eta Gazeoko eliza margotuak, Kexaako monumentu multzoa, Gatz Harana, Santa Maria Katedrala, Guardiako hiribildua eta Gorbeiako Parke Naturala.

Aurrerago, bikote bakoitzaren gustuen araberako jarduerak proposatzen dira: naturaz maitemindutako bikoteentzat, abenturaz maiteminduentzat, kirolaz maiteminduentzat eta historiaz eta kulturaz maiteminduentzat. “Ideia horiekin ezagutu ahal izango dituzte milaka urte dituzten baso zoragarriak, kondairazko ur jauziak, bista amaigabeak dituzten begiratokiak, ferrata bide harrigarriak, parapenteko hegaldiak, mendi ibiliak, golfa, musika jaialdiak … ", esan du Cristina Gonzálezek.

Azken kapituluetan txoko erromantikoak agertzen dira: Valparaisoko San Martin bezalako izen poetikoa duen txokoan picnic ahaztezin batez gozatzea, Guardiako lurpeko kalatu ilunak, eta Nerbioi ibaiaren jauziaren moduko paisaia ikaragarria, kasu. Eta oso plan zaporetsuak Arabako enogastronomiarik onenaz gozatzeko (upategiak Arabako Errioxan eta Aiaran, gaztak, boilurra, eta abar) eta aire zabaleko planak aire garbia arnasten den bitartean harremana estutzeko.

Eskaintzaren segmentazioa

Foru diputatuak azaldu du proiektu honek jarraipena ematen diola duela bost urte turismo eskaintza segmentatzeko hasitako sustapen estrategiari, bidaiari mota guztien arreta erakartzeko eta horien eskaerak asetzeko. “Azken urteetan oso produktu desberdinak garatu eta atera ditugu, hala nola autokarabanen turismoa, motor gidarientzako ibilbideak, familia turismoa, kirol turismoa, natura turismoa, baliabide eskuragarrien gida … ".

"Orain beste urrats bat egin dugu bide horretan, izan ere oso kontuan dugu bikote turismoa funtsezko merkatua dela Arabako turismo eskaintzan pisu handia duten bi azpisektoretan: enoturismoan eta landa turismoan. Ardoaren munduari lotutako lekuetara bidaiatzen duten ia pertsonen erdiak bikoteka egiten dute ( % 44), eta landa ostatuetako logelen ia herenak bikoteek betetzen dituzte ", azaldu du.

“Maiteminduentzako arnasguneak Araban” proposamena, Basquetourrekin elkarlanean garatu da, eta sustapenerako ikus-entzunezko materialarekin osatzen da, sare sozialetan, azoketan eta beste euskarri batzuetan zabaltzeko.

Turismoa Turismoa Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi

Eskuorria

Jaitsi