Errepideak eta Garraioak | 2021 03 16

Araba eta Nafarroa elkarlanean arituko dira bi lurraldeetako garraio publikoa hobetzeko

  • Foru Aldundiak bere gain hartuko du Agurain eta Gasteiz arteko loturaren kudeaketa.
  • Nafarroak Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Etxarri-Aranaz, Urdiain, Altsasu eta Olaztiren ardura izango du.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 16a.- Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Bernardo Ciriza Perez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak hitzarmen bat sinatu dute gaur, modu aktiboan elkarlanean aritzeko, bi lurraldeetan errepide bidezko bidaiari garraio zerbitzu publikoa indartze eta hobetze aldera.

Hitzarmen horri esker, Arabako Foru Aldundiak bere gain hartu ahal izango du Agurain, Arabako biztanle gehien dituenen udalerrietatik laugarrena, eta Gasteiz arteko errepide bidezko bidaiarien trafikoaren kudeaketa. Nafarroak, Iruñea-Gasteiz linearen bidez, zerbitzu esklusiboa eskainiko die, besteak beste, Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Etxarri-Aranaz, Urdiain, Altsasu eta Olazti herriei, bai eta Arabako hiriburuari ere.

Halaber, hitzarmen honen bidez, bi erakundeek konpromisoa hartzen dute alboko lurraldean biztanle gutxi dituzten eremuetan ematen dituzten zerbitzuak mantentzeko, landa eremu horietan mugikortasuna bermatzearren.

Blanca de la Peñak eta Bernardo Cirizak azpimarratu dutenez, akordio hau "administrazioen arteko elkarrizketaren, lanaren eta lankidetzaren adibide bat da, herritarren bizitza erraztu eta hobetzeko asmoa duena". Lankidetza hitzarmen honen bidez Arabako eta Nafarroako herritarrei garraio publikoko zerbitzu hobea eskaini ahal izango zaie eta dituzten mugikortasun beharrei eraginkortasun eta efizientzia handiagoz erantzun”.

"Albiste bikaina da Arabarentzat eta, bereziki, Aguraingo bizilagunentzat: Arabako Foru Aldundiak zuzenean hartuko du bere gain herri horren eta Gasteizen arteko errepideko garraio zerbitzuaren plangintza eta kudeaketa, eta horrek aukera emango digu une honetan indarrean dagoen eskaintza nabarmen hobetzeko eta, ordainketak egiteko dauden moduez gain, Bat txartela ere erabili ahal izateko", azaldu du De la Peñak.

Bernardo Cirizak, bere aldetik, honako hau nabarmendu du: "Hitzarmen honi esker, administrazio bakoitzak bere herritarren mugikortasun beharrei erantzun, beharrak planifikatu eta hobetu egin izango ditu; aldi berean, erakundeen arteko lankidetzari eusten zaio, bi lurraldeetako biztanle gutxiko eremuetan mugikortasuna bermatzeko, Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko duen estrategiarekin bat etorriz.

Gaur sinatu den hitzarmenaren oinarria da Nafarroako Gobernuak lizitaziora aterako duela Iruñea-Gasteiz emakida, eta Arabako Foru Aldundiak, berriz, Bilbo-Iruñea emakida: Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du Iruñea-Gasteiz emakidaren lizitazio agirietan sartzeko Agurain eta Gasteiz arteko trafikoen debekua, Arabako Foru Aldundiak ibilbide hori sar dezan Alavabuseko 5. linean.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du Bilbo-Iruñea emakidaren lizitazioaren orrietan sartzeko Iruñea eta Gasteiz arteko trafikoaren debekua, bai eta Arabako hiriburuaren eta Nafarroako Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Etxarri-Aranaz, Urdiain, Altsasu eta Olazti herrien arteko trafikoaren debekua ere. Bilbo-Iruñea emakidaren duela ia 25 urteko lizitazioan jatorria duten eta gaur egun ez dauden premiei erantzuten dieten konexioak dira.

Aldaketa horiek gauzatzea lotuta dago bi emakida berriak abian jartzearekin (batetik Iruñea-Gasteiz eta bestetik Bilbo-Iruñea), eta, beraz, haiek lizitaziora ateratzeko eta adjudikatzeko prozesua amaitu arte itxaron behar du.

Arabako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak emakida horiek datozen hilabeteetan lizitaziora ateratzeko asmoa dute, eta, ohiko epeak kontuan hartuta, 2022an abiaraziko dira linea berriak. Orduan emango du Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak zuzenean Agurain eta Gasteiz arteko trafiko zerbitzua.

Arabako Foru Aldundiaren eta Nafarroako Gobernuaren asmoa da bi emakidak berritzeko izapideak moldatzea, baina Nafarroak prozesua lehenago amaitzen badu, Arabako Foru Aldundiak Agurain eta Gasteiz arteko trafikoa Alavabuseko 5. linean sartu ahal izango du, Bilbo-Iruñea emakida berria martxan jarri arte itxaron gabe.

Azkenik, hitzarmenean egiaztatzen da Arabako Foru Aldundiak Gasteiz-Santikurutze Kanpezu-Lizarra linearen bidez eta Nafarroako Gobernuak Calahorra-Gasteiz eta Iruñea-Logroño lineen bidez ematen duten garraio publikoko zerbitzuen trafikoek bat egiten dutela Arabako Kanpezu, Antoñana, Atauri, Maeztu, Birgaragoien, Azaceta, Egileta, Ixona, Andollu, Argandoña, Aberasturi, Askartza, Elorriaga eta Gazteiz guneetan eta Nafarroako Zuñiga, Acedo, Antzin, Mendilibarri, Murieta, Zufia, Zubielki eta Lizarra guneetan.

Eta jasotzen du AFAk eta Nafarroako Gobernuak komenigarritzat jotzen dutela zerbitzu horiek mantentzea, ordutegiak osagarriak direlako eta biztanleria dentsitate txikiko eremu horietako erabiltzaileentzako eskaintza hobea izaten laguntzen dutelako, bai eta garraio sistema eraginkorrago eta efizienteago izaten ere. Horregatik, bi administrazioek konpromisoa hartzen dute zerbitzu horiek mantentzeko eta balizko aldaketa adosteko.

Errepideak eta Garraioak Mugikortasuna Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi