“Gabonetan zure oparia Gasteizen eta Araban dago”, tokiko merkataritza bultzatzeko kanpaina berria - arabapress
“Gabonetan zure oparia Gasteizen eta Araban dago”, tokiko merkataritza bultzatzeko kanpaina berria
- Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteiz On-ek sustatzen dute
- Arabako hiriburuan eta lurraldearen gainerakoan ikusi ahal izango da, hiri euskarrietan, autobusetan, sare sozialetan eta komunikabideetan


Gasteiz, 2021eko azaroaren 25a.- Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteiz On merkataritza plataformak elkarrekin egin duten kanpaina abiaraziko dute bihar, ostiralarekin, zeinaren bidez arabarrak gonbidatu nahi baitituzte Gabonetako erosketak tokiko saltokietan egitera. “Gabonetan zure oparia Gasteizen eta Araban dago” da kanpainaren lema, eta lurralde osoan ikusi ahal izango da, hiri euskarrietan, sare sozialetan, autobusetan eta komunikabideetan.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotziak eta Diego Martínez de San Vicente Gasteiz On-eko lehendakariak ekimen bat aurkeztu dute gaur, zeinaren bidez arabarrak sentsibilizatu nahi baitira tokiko txikizkako merkataritzak enpleguaren sorkuntzan duen garrantziaz, tokiko ekoizleen eta artisauen jardueraz eta Gasteizko eta Arabako garapen ekonomiko eta sozialaz.
“Kanpaina honen bidez agerian jarri nahi dugu tokiko saltokiak direla aukerarik onena, lineako merkataritzako multinazional handien aurrean, eta arabarrak bultzatu nahi ditugu non eta nola kontsumitzen dugun hausnartzera. Era berean, tokiko saltokietan kontsumitzeak, kalitatearen eta arreta pertsonalaren sinonimoa izanik, gure kale eta auzoei bizia ematen dielako ideia indartu nahi dugu”, azaldu du Cristina Gonzálezek.
Maider Etxebarriak erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza nabarmendu du, bai eta sektorearekin indarrak batu izana ere, “kanpaina indartsuagoa egiteko eta, horrela, txoko guztietara iristeko”. Lehen alkateordeak azpimarratu duenez, “gertutasun fisikoa da saltoki txikien abantailetako bat, eta Gasteiz berezi egiten duten beste balioetako bati lotuta dago: jasangarritasuna. Gure etxeetatik gertu daude dendak, eta haietara oinez joateko aukera dugu”.
Bestalde, Diego Martínez de San Vicente Gasteiz On-eko lehendakariak azpimarratu duenez, “tokiko saltokietan erostearekin denok irabazten dugu. Saltoki txikietan kontsumitzeak, bereziki Gabon garai honetan, onura argiak dakarzkio kontsumitzaileari, ez soilik arretan eta kalitatean, baita antolatu ditugun ekimen guztietan ere: aparkaleku txartelak, opariak, girotzea eta askoz gauza gehiago. Eta, jakina, guretzat, merkatariak garen aldetik, horrek ez dakar soilik gure establezimenduak irekita izatea, baita zergak hemen ordaintzea, lanpostuak sortzea, gure kaleei bizia ematea eta beste hainbat gauza ere. Azken finean, hiri dinamiko bat izaten laguntzea, guztion onerako.”
Non erosi, han bizi
Kanpainaren lema nagusia “Gabonetan zure oparia Gasteizen eta Araban dago” da, baina badauka bigarren mailako ikurritz bat ere, zigilu gisa, konpromiso pertsonal bat ziurtatzen duena: “Nik, non bizi, han erosi; non erosi, han bizi”. Biak, forma geometrikoko opariek osatzen duten irudi grafikoa lagun dutela, Gasteizko hiri euskarrietan eta pantailetan ikusi ahalko dira, bai eta eta Arabako beste herri batzuetan ere, hala nola Laudio, Agurain, Dulantzi eta Guardian, bihartik urtarrilaren 7ra bitartean.
Tokiko merkataritza sustatzeko eta hari laguntzeko mezua beste bide batzuetatik ere iritsiko da arabarrengana: prentsako iragarkiak, bitarteko digitalak, irratiko iragarkiak eta ikus-entzunezko spot bat sare sozialetan, bederatzi autobus (2 Tuvisarenak eta 7 Alavabusenak, Araba Erdialdeko, Aiarako eta Arabako Errioxako emakidei dagozkienak). Gainera, saltokiek ere kanpainaren irudia duten 15.000 poltsa, 20.000 txapa eta eskuorriak banatuko dituzte bezeroen artean.
Horrez gain, Gasteizen, kanpainak agerpena izango du hiriko gune publikoetan ere: Gabonetako bola erraldoiak egongo dira bihartik aurrera Andra Maria Zuriaren plazan eta Arka plazan, Ibiltariaren alboan, eta erosketa poltsa erraldoiak eta jendearen arretarako eta tokiko saltokietan opariak erosketekin trukatzeko guneak instalatuko ditu Gasteiz On-ek zenbait lekutan.<0} Halaber, elkarte horrek berariazko web orri bat sortu du kanpainarako, Gabonetarako opari ideiak jasotzen dituena; hona hemen: www.regalagasteiz.eus.
Arabako hiriburuko ekintza horien osagarri, egitasmo eta jardueren programa bat sortu da datozen asteetarako, besteak beste, ipuinetako ibilbideak Erdi Aroko Almendrako erakusleihoetan zehar, Zaramaga auzoko merkataritzari buruzko argazki erakusketa, jaiotzen ibilbidea hiriko saltokietan zehar eta topaketak Olentzerorekin eta Errege Magoekin.