Turismoa | 2025 06 16

MAHAIAREN INGURUA[N] ekitaldiak Arabako Errioxa "bizitzera eta sentitzera" gonbidatzen zaitu datorren asteburuan, Samaniegon

Enogastronomia, kultura, tradizioa eta dibertsioa uztartzen dituen programa erakargarri baten bidez

Gasteiz, 2025eko ekainaren 16a.- MAHAIAREN INGURUA[N] ekitaldiak Arabako Errioxaren esentzia eta sustraiak "bizitzera eta sentitzera" gonbidatzen ditu arabarrak datorren asteburuan, Samaniegon, hango zapore, istorio eta paisaien bitartez. Ekitaldi horretako jarduera programak eskualdean erabat "murgiltzea" proposatzen du, askotariko ekintzak uztartuko baititu: ardo barrak, egile dastaketak, goi mailako gastronomia, dastatzeak eta foodtruckak, kultura eta kirola eta zuzeneko musika. 
Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako ekitaldia da MAHAIAREN INGURUA[N]. 
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak, Raúl Pérez Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak eta Rosa García Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko lehendakariak ekitaldi enogastronomiko hori aurkeztu dute gaur. Ekainaren 21ean eta 22an egingo da, Samaniegon, eta arabarrak eta beste probintzia batzuetako jendea animatu dituzte "Arabako Errioxaren esentzia eta sustraiak bizitzera eta sentitzera, ardoaren kultura omentzeko jaialdi batean". 
"Ez da dastatze hutsa, murgiltze bat baizik; Arabako Errioxa bere sustraietatik ezagutzeko gonbita, bere zaporeen, istorioen eta paisaien bidez, espero dena baino harago doan programa batekin, jasangarritasunaren eta benetakotasunaren alde eginez xehetasun bakoitzean", adierazi dute.
Samaniegoko Udaletxeko plaza izango da ospakizunaren epizentroa. Han, eskualdeko ardo sorta paregabea dastatzeko aukera izango da, aurkitzen zailak diren erreferentziak barne, kopaka, eta Gourmet txokotik Arabako Errioxaren zati bat etxera eraman ahal izango da. Sukaldaritza eskaintza osatzeko, foodtruck eta saltoki gastronomikoen aukera zaindua egongo da, eta gourmet hanburgesak, pulled pork ogitartekoak eta zero kilometroko osagaiekin egindako tortilla egin berriak eskainiko dituzte, besteak beste.
MAHAIAREN INGURUA[N] ekitaldia berezi egiten dute garuna eta dastamena estimulatzen dituzten proposamenek:
•    Egile dastatzeak Juanjo Figueroarekin.Juanjo Figueroa sommelier ezaguna bidaia sentsorialen gidari izango da, hala nola "Tempranilloa, bidaia" izenekoan, zeinean mahats hori beste eskualde batzuetako beste barietate batzuekin alderatuko baita, edo "5 ardo, 5 abesti dastatze musikal" originalean. Horrez gain, ardoaren sekretuak azalduko ditu "dastatze lagunkoian" eta "Terroir-aren indarra" agerian jarriko du.
•    Sunset & Dine Baigorri upeltegian. Larunbat gauean, ilunabarraren magiak bat egingo du goi mailako euskal gastronomiarekin,  Arabako Errioxako ardoekin uztartuta, ingurune liluragarri batean. Gau ekitaldi horren osagarri, Alurr Dantza Taldearen dantza berritzailea ikusteko aukera izango da, zeinak tradizioa eta abangoardia fusionatzen baititu.
•    Dastatze sorta zabala: Maturana Creameko artisau izozkietatik hasi eta OliOliveko olio eta Moraita gaztetarainoko eskaintza eta, tartean, dastatze esklusiboak Samaniegoko upeltegi enblematikoetan, hala nola Ostatu, Pascual Larrieta, Alutiz, Heredad de Aduna, JF Iradier, Remírez de Ganuza, Bello Berganzo eta Amaren. Haietako bakoitzak beren ardoen filosofia eta ondarea ezagutzeko leiho paregabea eskaintzen du.
Tradizioa eta abentura
Aurten, MAHAIAREN INGURUA[N] ekitaldiak iragana ekarriko du, Arabako bola jokoko Bolotan Arabako Errioxako munduko lehen txapelketa egingo baita; eskualdeko historiarekin eta herri jokoekin lotzeko modu bat da.
Gainera, beste hauek ere egongo dira, dibertitzen jarraitzeko:
•    Tren turistikoa, Samaniegoko txoko xarmadunetan ibiltzeko.
•    Egurrezko joko tradizionalak, Udaletxeko plazan, adin guztietarako.
•    Arratsalde pasa DJarekin Bello Berganzo upeltegian, mahats bilketaren jaiko tarta tradizionalarekin.
•    Ibilaldi enosenderista: 10,5 km-ko ibilbide zirkularra mahasti eta trikuharri artean, trekking zaleentzat.
•    Familia osoarentzako ikuskizunak: dantza erakustaldiak, "Lekimen maleta" magia eta umore ikuskizuna, “Marsel magoa” eta kometa tailer bat, haurrek eta helduek beren sorkuntza lanak egin eta hegalda ditzaten.
MAHAIAREN INGURUA[N] aitzakia ezin hobea da Arabako Errioxan murgiltzeko eta ardoaren, kulturaren, historiaren, naturaren eta, nola ez, gastronomiaren maitaleak liluratzen dituen eskualdea ezagutzeko. Egitarauz osoaz kezkarik gabe gozatu ahal izateko, Gasteizen, Logroñon eta Arabako beste herri batzuetan eskuragarri dauden Alavabus-en garraio publikoko zerbitzuak erabiltzea gomendatzen da.
MAHAIAREN INGURUA[N] ekitaldiaren egitarau osoa eta erreserbak, hemen: entornoalamesa.com


 

 

 


 

Turismoa Merkataritza

Prentsa oharra

Jaitsi