13 partikularrek dirulaguntza jasoko dute kultur ondare higiezinak zaharberritzeko egindako esku hartzeengatik - arabapress
13 partikularrek dirulaguntza jasoko dute kultur ondare higiezinak zaharberritzeko egindako esku hartzeengatik
700 eta 30.000 euro artean emanez banatuko dira 2021eko Plan Aren 135.000 euroak

Gasteiz, 2021eko abenduaren 29a. Ana del Valek zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailak 2021eko Plan An egindako berrikuntzetako bat 135.000 euroko partida bat sartzea izan da. Partida horren helburua da dirulaguntzen bidez sustatzea partikularrek esku hartzeak egitea kultura ondare higiezinak kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko, Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Enklabean. Dirulaguntza jasotzeko 30 eskabide aurkeztu dira, eta horietatik 13ri 700 eurotik 30.000 eurora bitarteko dirulaguntza emango die sailak, esku hartzearen arabera.
Honako ondasun hauetan egindako esku hartzeak lagunduko dira diruz, besteak beste: Gesaltza Añanako Zambrana-Herran sendiaren jauregia, Gesaltza Añanako sutegia, Lantenoko Indianoaren Etxea, Gesaltza Añanako Errege kaleko eraikin multzoa, Arespalditzako Atxa jauregia, Gasteizko Aiztogile kaleko 40 zenbakiko eraikin bat eta Murgako Arakio auzoko baserri bat.
Esku hartzeetako bik gehieneko dirulaguntza jasoko dute, 30.000 euro, eta beste hiruk 19.000 eta 21.000 euro bitartean. Gainerakoek 703,49 eta 4.883,24 euro artean jasoko dituzte.
Hamahiru esku hartzeen guztizko aurrekontua 509.259,5 euro izan da, eta ondare arkitektonikoa zaharberritzeko eta kontserbatzeko sektorean erabili da. Dirulaguntza Aldundiaren Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak ematen duen aurrekontuaren % 26,5 da. Zerbitzu hori arduratzen da, halaber, obren jarraipena egiteaz.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko arduradunak honako hau nabarmendu du: “Gobernu honek konbentzimendu osoz egiten du lan kultura ondarea, kasu honetan higiezina eta partikularrena, kontserbatzen eta zaharberritzen laguntzeko. Helburu horrekin sartu genuen iaz laguntza hori Plan An, eta, horri esker, kontserbazioa sustatzeaz gain, zaharberritze historikoan esku hartzen duen industria suspertu egin da, eta, gainera, EITak babestutako eraikinen euskal kultura ondarearen arloko araudira egokitu dira, eta, horrela, Batzar Nagusien 16/20 mozioan ezarritako helburua bete da, eta hori lorpen hirukoitza izan da”.
2021eko PlanA eta 2022ko aurrekontua
Aurrekontu partida hori betearaziz, eta otsailaren 28an amaitzen den Kultura Bonua bukatzen denean, Plan A guztiz gauzatuko da 2021ean. Zehazki, honela:
-
Gastu arruntetarako dirulaguntza: 275.000 euro.
-
Kultur proiektuetarako dirulaguntza: 220.000 euro.
-
Kultura Bizia 2021: 75.000 euro.
-
Kultura Bonua: 55.000 euro (oraindik amaitu gabe).
-
Zaharberritze lanetarako dirulaguntza: 135.000 euro.
Guztira, 760.000 euro dira, hasieran aurreikusitako 740.000 euroak baino 20.000 gehiago, Kultura Bonuaren aurrekontua pixka bat handiagoa izan baita 2022ko partida bati esker.
Kontuan hartu behar da dirulaguntza horretarako 30 eskaeretatik lau ezetsi egin direla irizpideak ez betetzeagatik, baina beste 13 ezin izan direla diruz lagundu, erabilgarri zegoen aurrekontua agortu delako. Del Valen ustez, “horrek frogatzen du egokia izan zela partida aurreko aurrekontuan sartzea, baina are egokiagoa dela aurrekontu horretan mantentzea, nahiz eta dagoeneko ez egon Plan A delakoa”.
Horregatik, onetsi berri den 2022ko aurrekontuak ere 135.000 euroko dirulaguntza izango du helburu horretarako.

