Gazteak | 2021 05 17

Gazte sortzaileak bekan izena emateko epea ireki dute, gazteek sortutako ekitaldi kulturalak sortzeko 4.000 euroko laguntza eta aholkularitza profesionala eskaintzen duena

Abian da Gazte Sortzaileak bekaren 2021eko deialdia: gazteek gazteentzat sortutako ekitaldi kulturalak euskaraz sustatu nahi dituen egitasmoa. 17-35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendua, 4.000 euroren arteko dirulaguntza eskaintzen du, baita aholkularitza profesionala eta lanen estreinaldirako bitartekaritza ere.

Vitoria-Gasteiz, 2021ko maiatzaren 17a.  Gazte Sortzaileak deialdiak gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea bilatzen du. Era berean, euskarazko kultura-programazioan eragitea du xede, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez. Gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izatea nahi du. 2015az geroztik, urtero, elkarlanean antolatzen dute Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria Zerbitzuek, Foru Aldundiaren Euskara zerbitzuak eta Kultura sailak eta Oihaneder Euskararen Etxeak.

Beka 17 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzenduta dago, eta adinaren araberako bi kategoria daude. Hartara, bekadun bakoitzak proiektua gauzatzeko 4.000 euro arteko beka jasotzen du, eta, aukera eskaintzen zaio intereseko arloko tutore profesional baten laguntza izateko. Beka jaso eta 6 hilabetera proiektua estreinatzen dute normalean, eta estreinaldirako ere bekadun bakoitzak, nahi izanez gero, laguntza jaso ohi du.

Programaren nondik norakoak prentsaurreko batean azaldu dira. Bertan Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara Zinegotzia eta Lexuri Ugarte Aldundiko Euskara zuzendaria izan dira. Baita 2020ko edizioan hautatutako artistak ere.

Proiektuek ahozkotasunarekin estu-estu lotuta egon eta euskaraz izan behar dute. Bestalde, bakarkako edo taldekako lana izan daiteke, eta hainbat diziplinatako proiektuek dute tokia deialdian: antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza, bakarrizketa, musika, poesia-emanaldia, performancea eta diziplinen arteko nahasketa.

Lanak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 15era arte egongo da irekita, eta aurkez daitezke Udalaren Erregistro Nagusian, Gasteizko gizarte-etxeetan edo Gasteizko Udaleko egoitza elektronikoaren bidez.

2020an saritutako egitasmoen artean taularatzen lehena Jone Bengoak aurkeztutakoa izan da; joan den larunbatean, maiatzaren 15ean, Zurrunbilo jaialdiaren baitan aurkeztu baitzuen “Kabia” (Antzerki dokumentala. Work in progress). Bestetik, Aitor Alvarez “Hormak” film laburra aurkeztuko du; “Eskuak” ikus-entzunezkoa Ainhoa Ordoñezen proiektua da eta Aitor Vinagret-ena “Hegaztiak” antzezlana.

Deialdiaren oinarriak eta informazioa: v-g.eus/gaztesortzaileak -#gazteSortzaileakBeka

Gazteak Gazteria

Prentsa oharra

Jaitsi