Ireki da Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2023 aitorpenerako proposamenak aurkezteko epea - arabapress
Ireki da Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2023 aitorpenerako proposamenak aurkezteko epea

Gasteiz, 2022ko azaroaren 10a. Araban gizarte arloan lan egiten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde guztiek eta pribatuek, bai eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, haren erakunde laguntzaileek eta Indesa 2010 sozietateak ere, irekita dute dagoeneko epea proposamenak aurkezteko Gizarte Zerbitzuetako Jardunbide Egokien BeBai aitorpena lortzeko 2023ko deialdi berrira.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak bultzatutako saria da, lurralde historikoan gizarte zerbitzuen arloan egiten den lan ona saritzeko, sektorean lan egiten dutenak oro har ezagutuak eta aitortuak izan daitezkeen ekimen berritzaileei ekitera motibatzeko eta gizarte erakunde guztietan ikerketa kultura sustatzeko.
2023ko ekitaldiko jardunbide egokiak aitortzeko deialdiak 2022ko edizioak utzitako ildoari jarraitu nahi dio. Han, Afaraba, Asafes, Arabako Gurutze Gorria eta Gasteizko Argazkilarien Elkartea-FotoGasteiz erakundeek Autismo Arabarekin lankidetzan eta Urgatzik kudeatutako Bideberria adingabeentzako foru zentroak egindako hainbat proiektu saritu ziren.
Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiak dira aurten Arabako Lurralde Historikoan egin diren eta, era berean, baliabide, zerbitzu eta programetan erabiltzaileen, familien eta profesionalen bizi kalitatea sustatzea bultzatu duten proiektu, jarduketa eta esperientziak, zeinek afektua eta emozioak kontuan izan baitituzte, eta, batez ere, pertsona zaurgarri eta hauskorrenei laguntzeko egin baitira.
Proposamenak 2023ko apirilaren 14ra arte aurkeztu ahalko dira. Informazio gehiago hemen: https://web.araba.eus/eu/gizarte-zerbitzuak/jardunbide-egokiak

