Foru Aldundia | 2025 07 07

Arabak Donemiliagako Goldea izeneko dokumentuaren milurtekoa ospatzen du, kultura programa zabal batekin

Kultura eta Kirol Sailak jarduera programa bat diseinatu du, 2025eko bigarren seihilekoan garatzeko

Gasteiz, 2025eko ekainaren 6a.  Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak jarduera programa bat diseinatu du, Donemiliagako Goldea izeneko dokumentuaren milurtekoa dela-eta, 2025eko bigarren seihilekoan garatuko dena.

Eskuizkribu hori Donemiliaga Kukulako Monasterioan gordetzen da, 1025. urtean idatzi zen, eta Araba eta Errioxa Iruñeko Erresumako kide ziren garai batean monasterioari zergak ordaintzen zizkioten Arabako herrien zerrenda bat jasotzen du. Bertan, lehen aldiz aipatzen dira Arabako lurraldea osatzen zuten herrietako asko, besteak beste, "Gastehiz", "Hagurahin" edo "Dullanzi"; horietako batzuk oraindik existitzen dira eta beste batzuk desagertuta daude. Beraz, lehen mailako lekukotza historikoa da lurraldeko Erdi Aroko populazioari buruz.

Kultura eta Kirol Sailak antolatutako jarduerak

Sailak bultzatutako programak hiru ekimen handi biltzen ditu, nagusiki dibulgaziozkoak, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak eta Artxibo Zerbitzuak modu koordinatuan bultzatuak.

"De ferro de Álava" erakusketa ibiltaria
Uztailaren bigarren hamabostalditik aurrera, "De ferro de Álava" erakusketa ibiltzen hasiko da eskatzen duten Arabako herrietan. Formatu txikiko erakusketa da (20 m²), hiru panel bikoitzek osatua, euskaraz eta gaztelaniaz, aire zabalean instalatzeko diseinatua. Orain arte, ia 20 eskaera jaso dira.

Erakusketak labur eta erraz ulertzeko moduan azaltzen du dokumentuaren edukia, haren garrantzia eta zer testuinguru historikotan idatzi zen. Euskal Herriko eta Deustuko unibertsitateetako espezialistek parte hartu dute, baita San Millán de la Cogolla Fundazioak ere. 
 
Museo eta Arkeologia Zerbitzuak kudeatuko du ibiltaritza, eta erakusketa astebetez egongo da herri bakoitzean.

Erakusketa Bibat Museoan: "Erdi Aroko herrixkak Euskal Herrian"
Urritik aurrera, Arabako Arkeologia Museoak herrixketan zentratutako erakusketa bat izango du, XI. eta XII. mendeetan Euskal Herriak izan ohi duen populatze modu gisa. Erakusketan garai hartako bizimoduak ere aztertuko dira, eta D. Larreina, J. J. Larrea eta I. García izango dira komisarioak, museoko talde teknikoarekin lankidetzan.

Erakusketa Arabako Artxiboan
Urriaren 3tik 31ra bitartean, berariaz Donemiliagako Goldearen dokumentuari buruzkoa izango den erakusketa bisitatu ahal izango da Arabako Artxiboan. Bertan Codice Galicanoren aparteko mailegua izango da, Donemiliaga Kukulako Monasterioak lagata.
Gainera, doako argitalpen bat argitaratuko da erakusketa ibiltariaren edukietan oinarrituta eta Artxibo Zerbitzuaren ekarpen gehigarriekin. Irailaren amaieran banatzea aurreikusi da.

Hitzaldi zikloa Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Erdi Aroko Historia Sailarekin lankidetzan, hitzaldi ziklo bat antolatu da Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, irailaren 25etik urriaren 30era bitartean (ostegun guztietan). Zenbait unibertsitatetako espezialistek hartuko dute parte, dokumentuarekin eta haren testuinguruarekin lotutako alderdi historikoak, linguistikoak eta arkeologikoak lantzeko. Urriaren 23an eta 30ean egingo dira euskarazko saioak. 
Gainera, 2026an aurreikusita dago zikloko aktak bi hizkuntzatan argitaratzea. Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuarekin lankidetzan hasi dira akta horiek prestatzen.

•    Irailak 25
David Peterson (Burgosko Unibertsitatea):
“La Reja de San Millán. Contexto histórico y diplomático, y la problemática de la autenticidad”
Iruñeko Erresumaren esparruan, Goldearen benetakotasunari eta dokumentu funtzioari buruzko hurbilketa kritikoa.

•    Urriak 2
Ernesto Pastor (UPV/EHU):
"Gentes, paisaje y aldeas en la Álava del siglo XI"
Garai hartako Arabako inguruneko landa populatzeari, lurralde antolamenduari eta bizimoduei buruzko azterketa.

•    Urriak 9
Fermín Miranda (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa):
“Álava y la Reja de San Millán en la política de Sancho el Mayor”
Arabako lurraldearen ikuspegi politiko eta estrategikoa Iruñeko Antso III.aren erregealdian.
•    Urriak 16
Agustín Azkarate (UPV/EHU):
“Observaciones, desde la Arqueología, a la época de la Reja de San Millán en territorio alavés”
XI. mendeko bizimoduei, egitura sozialari eta paisaia materialari buruzko irakurketa arkeologikoa.

•    Urriak 23
Julen Manterola (UPV/EHU):
“Arabako Erdi Aroko euskara Donemiliagako Goldearen arabera”
Dokumentuan dauden euskarazko izenen eta terminoen azterketa filologikoa.
Hitzaldia euskaraz izango da.

•    Urriak 30
Patxi Salaberri (Nafarroako Unibertsitate Publikoa):
“Rejako izenek euskal toponimiaren azterketan duten garrantziaz”
Goldeko toponimoei eta euskal toponimia ezagutzeko egiten duen ekarpenari buruzko gogoeta linguistikoa.
Hitzaldia euskaraz izango da.
 

Foru Aldundia Kultura

Prentsa Oharra

Jaitsi