Kirola | 2025 06 27

Arabak sendotu egin du kirol balioen aldeko apustua Deportivity programaren bidez

Programaren hirugarren edizioa arrakastaz garatu da futboleko kadeteen lehiaketetan, eta 990 partida baino gehiago ebaluatu dira
 

Gasteiz, 2025eko ekainaren 27a  Ondoz ondoko hirugarren denboraldian, Deportivity programa Arabako Futbol Federazioaren kadete kategoriako lehiaketetan ezarri da, kirolean balioak sustatzeko konpromisoa berretsiz. Ekimen horrek Arabako Futbol Federazioaren, Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Kirol Eskolaren baterako bultzada du. 

2024-2025 denboraldian, 990 partida baino gehiago aztertu dira – 877, gizonen kategorian, eta 114, emakumeen kategorian –, eta taldeetako teknikoen eta arbitroen artetik % 95etik gorako parte-hartzea izan da. Inplikazio horrek agerian uzten du Arabako futbolak kirol praktikan jarrera positiboak transmititzeko duen konpromisoa.

Edizio honetako datu nabarmenetako bat kiroltasunik gabeko partiden ehunekoa murriztu egin dela izan da; izan ere, % 2,21ekoa izan da eta aurreko denboraldietako erregistroak hobetu ditu ( %2,64, 2022-23 aldian eta, % 2,56, 2023-24 aldian).

Partida horiek aztertzeari esker, programa garatzeaz arduratzen den erakundeak, hain zuzen, Gesto Deportivok, hezkuntza esku-hartze espezifikoak egin ahal izan ditu, programaren jarduera protokoloaren esparrukoak, inplikatutako eragile guztiak –jokalariak, entrenatzaileak, arbitroak eta familia – futbol zelaietan portaera eredugarria izatearen garrantziaz sentsibilizatzeko.

Futbola, balioak eta berrikuntza elkartzen dituen tresna eraginkor gisa finkatu da Deportivity, zelaiak kirola egiteko espazio seguru, osasungarri eta errespetuzkoak bihurtzeko helburuarekin.
Eta jada laugarren edizioa prestatzen ari dira, 2025-2026 denboraldian egingo dena.

Berrikuntza gisa, programak Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin garatutako aurreikuspen eredu bat izango du, eta haren bidez, kiroltasunarekin zerikusirik ez duten balizko jokabideei aurrea hartu eta esku-hartze prebentiborako gaitasuna hobetu ahal izango da.

Kirola

Prentsa oharra

Jaitsi