Ingurumena | 2025 05 23

Arabak hondakin gutxiago sortzen du eta azken urteetako beheranzko joera sendotu du

Foru erakundeak 13 milioi euro bideratu ditu hondakinen kudeaketa integralera, balorizazioa barne, 2024an baino % 44 gehiago

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 23a. Arabak azken urteetako beheranzko joerari eusten dio hondakinak sortzeari dagokionez, Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2017-2030 aldirako Planaren lehen balantzetik ondorioztatzen denez (2019-2022 urteei dagokiena). Balantze hori gaur aurkeztu dute Batzar Nagusietan. 

Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak zehaztu duenez, murrizketa % 5ekoa da, eta "hondakinen sorreran izandako murrizketa hori BPGaren igoerarekin kontrastatzen bada, ikusten da ekonomiaren aurrerapenaren eta hondakinen sorreraren artean desakoplamendua gertatzen ari dela". 2023an, 131.395 tona hondakin sortu dira lurraldean, hau da, 390,26 kg biztanleko urte horretan, eta azken 10 urteetako baliorik txikiena da hori.
 
Ebaluazioaren azken urteko birziklatze ehunekoa % 37koa izan da, eta paperak eta beirak izan dituzte tasarik onenak. 

Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak hiru jarduketa eremu jasotzen ditu: gobernantza ona, hondakinen hierarkia eta jasangarritasuna. Lehenengoari lotuta, foru diputatuak kuadrilletan egin eta arrakasta izan duten esperientzia pilotua eta proiektuak nabarmendu ditu, hala nola "Kripango etxez etxeko bilketa eta konpostajea; nekazaritzako konpostajearen azterketa pilotua, Abereren eskutik; eta Gasteizko Udalak materialak berrerabiltzeko eta birziklatzeko egindako proiektuak, besteak beste Konpondu programa, Reutilizagune eta bizikletaren pneumatikoak birziklatzea hiri altzariak sortzeko".

Azpiegiturei dagokienez, Saray Zaratek azaldu duenez, "bereizita bildutako biohondakina tratatzeko eta balorizatzeko KompostAraba konpostaje instalazioa lizitazio prozesuan dago". Izapidetzen ari dira, halaber, "tamaina handiko hondakinetarako eta berrerabilerarako instalazio baten eraikuntza, eta aurrerapen handia egin da kudeaketa espazio berriak sortzeko, hala nola Kanpezu-Arabako Mendialdeko garbigunea".

Bestalde, prebentzioa hobetzeko laguntza neurriak aipatu ditu, eta haien artean honako hauek nabarmentzen dira: "Arabako erakunde guztien ekintzak, hondakin organikoen gaikako bilketa bultzatzeko, eta foru erakundearen laguntza lerroa, biohondakinen bilketari eta kudeaketari lotutako proiektuetarako".

Foru arduradunak bere hitzaldian honako hau aipatu du: "Sail honek konpromiso irmoa du hondakinen arloan hondakinen kudeaketa integralerako ezarritako helburuak lortzeko, hondakinen balorizazioa barne. Horretarako 13 milioi euro bideratuko ditugu, 2024an baino % 44 gehiago, Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren jarduketekin aurrera egiten jarraitzeko".

Ildo horretan, Saray Zaratek nabarmendu duenez, "20230 Hiri Hondakinen Planak datozen urteetan izango duen erronkarik handiena aurrerapen-abiadura handitzea da, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da administrazioak bultzada handia ematea, maila teknikoan eta politikoan, herritarrak lurraldeko bizi-kalitateari eta ingurumenari zuzenean eragiten dion plan batera erakartzeko".

Ingurumena Ekonomia garapena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Berrikuntza

Prentsa oharra

Jaitsi