Turismoa | 2022 01 19

Arabak lurraldea aire zabalean gozatzeko eta ezagutzeko gonbidapena egin du FITURen, 30 plan eta ibilbideren bidez

  • “Araba outdoor paradisua” proposamenak natura eta ondare baliabideak jasotzen ditu.
  • Cristina González: “Geroz eta jende gehiagok nahi du lasaitasunez eta segurtasunez gozatu, naturari eta aire zabaleko ondareari lotutako aisialdi jardueren bidez, eta eskaera horri erantzuten diogu”.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 19a.- Arabako Foru Aldundiak proposamen berri bat aurkeztu du gaur Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR): lurraldea aire zabalean gozatu eta ezagutzeko hogeita hamar plan eta ibilbide. Araba outdoor paradisua proposamenak natura eta ondare baliabideak jasotzen ditu; izan ere, nabarmen ari da hazten ingurune horretako jarduera eskaria.

Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak hasiera eman dio aurkezpen ekitaldiari FITURen, Euskadiren erakustokian, eta azaldu du produktu horren bidez Araba sendotu nahi dutela helmuga seguru gisa, bidaiariei honako hauek eskainiz: bost parke natural, mila kilometro baino gehiagoko ibilbide berdeak eta aire zabaleko ondare aberatsa.

“Geroz eta jende gehiagok nahi du lasaitasunez, segurtasunez eta jende pilaketarik gabe gozatu aisialdiaz, naturari eta aire zabaleko ondare historiko-artistikoari lotutako aisialdi jardueren bidez, eta, proposamen honen bidez, eskaera horri erantzutea dugu helburu”, adierazi du diputatuak.

Araba outdoor paradisua proposamena hogeita hamasei orrialdeko argitalpen batean jaso dute. Argitalpen horrek hogeita hamar plan eta ibilbide biltzen ditu lurraldea aire zabalean ezagutzeko eta gozatzeko. Plan eta ibilbide horiek bost kapitulutan daude antolatuta: edertasun bereziko parajeak, postaletan agertzeko modukoak; historia duten lekuak, non natura eta ondarea uztartzen diren; soinu banda propioa duten tokiak; galtzeko eta mendi ibilaldiak egiteko bideak, eta parke naturalak.

Postaleko parajeen artean nabarmentzekoak dira Oroko santutegia, Gasteizko Eraztun Berdea, Landa eta Garaioko barnealdeko hondartzak, Arabako Mendialdeko begiratoki astronomikoak edo Sobrongo via ferratak; historia duten lekuen artean, berriz, Zabalateko gaztelua, Mairulegorretako eta Lezeko kobazuloak, Iruña Veleiako eta La Hoyako aztarnategiak, Santa Katalina lorategi botanikoa eta Sorginetxe, Aizkomendi eta Sorginaren Txabola trikuharriak.

Araba aire zabalean ezagutzen jarraitzeko, soinu banda propioa duten lekuak ere proposatzen ditu argitalpenak; ibai edo ur jauzien zurrumurruaren edo txorien kantuen soinu banda duten tokiak, hain zuzen ere: Salburuko hezeguneak, Valderejoko parke naturala eta Mendixurko parke ornitologikoa, birdinga egiteko paraje bikainak; Nerbioiko eta Goiuriko ur jauziak; Guardiako aintzirak, eta Inglares, Puron eta Zirauntza ibaien ibilbideari jarraitzeko bideak.

Bertan galtzeko bideek aukera ematen dute Entzia mendilerroan mendi ibilaldiak egiteko, Munain-Okarizko ehun urtetik gorako haritzak besarkatzeko, Nerbioiko parke linealean pedalei eragin edo oinez ibiltzeko, Loberako pasagunean zehar Kantabriako mendilerroa zeharkatzeko edo Uribarri Ganboako urtegiko ibilbide perimetralak eskaintzen dituen ikuspegiez gozatzeko. Azken kapitulua Arabako bost parke naturalei buruzkoa da: Izki, Valderejo, Gorbeia, Aizkorri-Aratz eta Urkiola.

Baliabide turistiko bakoitzak QR kode bat ere badu, haren kokapenari eta ezaugarriei buruzko informazio gehiago eskuratzeko.

Eskaintzaren segmentazioa

Foru diputatuak azaldu duenez, proiektu horrek jarraipena ematen dio duela bost urte abian jarritako sustapen estrategiari, alegia, Arabako turismo eskaintza segmentatzearen aldeko apustuari, horrela bidaiari mota ezberdinen arreta erakarri eta eskaerak asetzeko. “Azken urteetan oso produktu desberdinak garatu eta eskaini ditugu, hala nola Araba ibilgailu elektrikoen bidez ezagutzea, bikoteentzako turismoa, autokarabana eta motor gidarientzako turismoa, familia turismoa, baliabide irisgarriak, eta abar”.

“Orain, beste urrats bat egin dugu bide horretan, eta, horretarako, oso kontuan hartu dugu geroz eta jende gehiagok egin nahi dituela natura turismoa eta aire zabaleko ondareari lotutako jarduerak, pandemiaren eraginez”, nabarmendu du foru diputatuak.

Basquetourrekin lankidetzan garatu da Araba outdoor paradisua argitalpena. Bertsio digitala gaurtik bertatik dago eskuragarri, alavaturismo.eus web atariko deskargen atalean, eta paperezko bertsioa ere eskuragarri izango da hurrengo asteetan, lurraldeko turismo bulegoetan. Proposamena osatzeko, planen eta ibilbideen irudiak jasotzen dituen sustapeneko ikus-entzunezkoa prestatu dute, sare sozialetan, azoketan eta bestelako euskarrietan zabaltzeko.

Turismoa Turismoa Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi

Eskuorria

Jaitsi