Arabak Asturiasera darama bere eskaintza turistikoa, autobus tematizatu eta informazio gune batekin - arabapress
Arabak Asturiasera darama bere eskaintza turistikoa, autobus tematizatu eta informazio gune batekin
Araba turismo helmuga gisa aurkeztu zaio Asturiaseko prentsari
Cristina González: “Azken publikoa eta agentziak liluratu nahi ditugu, Arabako eskaintza turistikoa zuzenean ezagutzera emanez: gure natura oparoa, ondare historiko aberatsa eta enogastronomia ezaguna”


Gasteiz, 2023ko martxoaren 7a. Araba eta Gasteiz aste honetan beren eskaintza turistikoa ezagutarazten ari dira Asturiasen, autobus tematizatu bat, lurraldearen natura, ondare eta enogastronomia ondarearen irudi ikusgarriak dituena, eta Oviedoko erdigunean kokatutako informazio gune bat erabilita.
Ekimen hori Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala aurten merkatu nazionalean garatzen ari diren turismoa sustatzeko kanpainaren barruan dago. Kanpaina joan den astean hasi zen Santiagon eta A Coruñan, eta, Oviedon izan ondoren, Espainiako beste hiri batzuetara helduko da, hala nola Sevillara, Malagara, Cadizera, Madrilera eta Bartzelonara.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak Asturiasko agentziei eta komunikabideei aurkeztu die turismo helmuga, autobusaren barruan egindako ekitaldi banatan. Aurkezpenetan, Arabako produktuekin egindako pintxoak, gozokiak, ardoa, txakolina eta sagardoa dastatzeko aukera dago.
“Asturiasko azken publikoari gure natura, ondare eta enogastronomia eskaintza ezagutarazten ari gara, seduzitu eta bisita gaitzaten, baina bidaia agentziei, touroperadoreei eta komunikabideei helmuga aurkezten ere bagabiltza. Helburua bidaiariak Arabara erakartzea da Aste Santuari, udari eta gainerako urtealdiari begira”, azaldu du Cristina Gonzálezek.
Gonzalezek azpimarratu du merkatu nazionala dela turismoaren eragile nagusia Araban –2022an Araba bisitatu zutenen % 71 espainiarrak izan ziren–, eta adierazi du foru aldundia eta udala “ahalegin handia egiten ari direla, kanpaina honen bidez, bisitari horiek fidelizatzeko eta, aldi berean, bidaiari nazional berriak erakartzeko”.
Autobusa da kanpainaren elementu nagusia, eta Arabako baliabide nagusietako batzuen irudi ikusgarrien biniloak ditu jarrita: Santa Maria katedrala, Gasteizko harresia, Gatz Harana, Gorbeiako Parke Naturala, Arabako Errioxa, Nerbioiko ur jauzia, Erdi Aroko hiribilduak, barnealdeko hondartzak, Arabako gastronomia eta zenbait ekitaldi, hala nola Andra Maria Zuriaren jaiak eta Jazzaldia.
Ibilgailuaren barruko espazioa handitu egin daiteke aparkatu ondoren, segundo batzuetan eta sistema hidrauliko baten bidez, eta prestatuta dago komunikabideei eta bidaia agentziei helmugaren aurkezpena egiteko eta lan bilerak egiteko.
Turismo informazioaren gunea
Arabaren “erakusleiho” hori Espainiako hainbat hiritan zehar dabil, Arabako natura, ondare eta enogastronomia eskaintza eta Gasteizen eta Arabako beste herri batzuetan egiten diren kultura eta kirol ekitaldien programa erakargarria ezagutzera ematen. Ibilaldia joan zen astean hasi zen Santiago de Compostelan eta A Coruñan.
“Martxoaren amaieran, Sevillan, Malagan eta Cadizen ere aurkeztuko dugu helmuga, eta aurrerago Madrilen eta Bartzelonan izango gara. Zerrenda horretan sartu dira Espainiako bi hiri nagusiak, Forondako aireportuarekin airetiko lotura zuzena duten hiriak eta aurreko kanpainetan bisitatu ez genituen hiriak, hala nola Oviedo,” azaldu du Cristina Gonzálezek.
Autobusa bi egunez aparkatuta egoten da hiri bakoitzean erdiguneko leku estrategikoetan, turismo bulego ibiltaria izango balitz bezala, eta, haren aurrean, publikoari informazioa emateko gune bat jarriko da. Han, hainbat proposamen eskaintzen dira: Araba autokarabanaz, motoz eta garraio publikoz; TOP esperientziak Araban; Arabako dorreak eta gazteluak; enoturismoa; Gatz Harana; Erdi Aroko ibilbideak; Ibilbide berdeak …
Foru Aldundiak eta Udalak, hiri bakoitzean egon aurretik, kanpaina bat egiten dute sare sozialetan, autobusa eta turismo informazioaren gunea non eta zer ordutan egongo diren jakinarazteko. Era berean, bertaratzea sustatu eta dinamizatzen dute, Araban asteburua emateko bi pertsonarentzako zortzi egonaldiren zozketa eginez. Zozketa horretan parte hartzeko, autobusak berak itsatsita izango duen QR bat eskaneatu behar da.