Foru Aldundia | 2023 03 02

Arabak Galiziara darama bere turismo eskaintza, autobus tematizatu batekin eta informazio gune batekin

Cristina Gonzálezek destinoa aurkeztu die Galiziako bidaia agentzia eta komunikabideei

“Azken publikoa eta agentziak liluratu nahi ditugu, Arabako eskaintza turistikoa zuzenean ezagutzera emanez: gure natura oparoa, ondare historiko aberatsa eta enogastronomia ezaguna”

 

 

Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a. Araba eta Gasteiz aste honetan beren eskaintza turistikoa ezagutarazten ari dira Santiago de Compostelako eta A Coruñako herritarren artean. Horretarako, erabiltzen ari dira autobus tematizatu bat, lurraldearen baliabide naturalen, ondareen eta enogastronomikoen irudi ikusgarriak dituena, eta bi hirien erdigunean kokatutako informazio gune bat.

            Ekimen hori Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala aurten merkatu nazionalean garatzen ari diren turismoa sustatzeko kanpainaren barruan dago. Laster, autobus hori Espainiako beste hiri batzuetan zehar ibiliko da, hala nola Oviedo, Sevilla, Malaga, Cadiz, Madril eta Bartzelona, bidaia agentzietarako eta tokiko prentsarako aurkezpenak barne hartuko dituen programa batekin.

            Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak Galiziako agentziei eta komunikabideei aurkeztu die gaur Santiago de Compostelan Araba turismo destino gisa, autobusaren barruan egindako ekitaldi banatan. Aurkezpenetan, Arabako produktuekin egindako pintxoak, gozokiak, ardoa, txakolina eta sagardoa dastatzeko aukera egon da.

“Galiziako azken publikoari gure natura, ondare eta enogastronomia eskaintza ezagutarazten ari gara, seduzitu eta bisita gaitzaten, baina destinoa ere aurkezten ari gara bidaia agentzientzat, touroperadoreentzat eta komunikabideentzat. Helburua bidaiariak Arabara erakartzea da Aste Santuari begira, eta urtearen bigarren zatian”, azaldu du Cristina Gonzálezek.

           Gonzalezek azpimarratu du merkatu nazionala dela turismoaren eragile nagusia Araban –2022an Araba bisitatu zutenen % 71 espainiarrak izan ziren–, eta adierazi du Foru Aldundia eta Udala “ahalegin handia egiten ari direla, kanpaina honen bidez, bisitari horiek fidelizatzeko eta, aldi berean, bidaiari nazional berriak erakartzeko”.

Autobusa da kanpainaren elementu nagusia, eta binilatuta dago Arabako baliabide nagusietako batzuen irudi ikusgarriekin: Santa Maria katedrala, Gasteizko harresia, Gatz Harana, Gorbeiako Parke Naturala, Arabako Errioxa, Nerbioiko ur jauzia, Erdi Aroko hiribilduak, barnealdeko hondartzak, Arabako gastronomia eta zenbait ekitaldi, hala nola Andra Maria Zuriaren jaiak eta Jazzaldia.

Ibilgailuaren barruko espazioa handitu egin daiteke aparkatu ondoren, segundo batzuetan eta sistema hidrauliko baten bidez, eta prestatuta dago komunikabideei eta bidaia agentziei helmugaren aurkezpena egiteko eta lan bilerak egiteko.

Turismo informazioaren gunea

Arabaren “erakusleiho” hori Espainiako hainbat hiritan zehar ibiliko da, Arabako natura, ondare eta enogastronomiaren eskaintza ezagutzera emateko, bai eta Gasteizen eta Arabako beste herri batzuetan egiten diren kultura eta kirol ekitaldien programa erakargarria ere. Ibilbideak geldialdia du aste honetan Santiago de Compostelan eta A Coruñan, eta hurrengoa Oviedon.

“Martxoaren amaieran, Sevillan, Malagan eta Cadizen ere aurkeztuko dugu destinoa, eta aurrerago Madrilen eta Bartzelonan izango gara. Zerrenda horretan sartu dira Espainiako bi hiri nagusiak, Forondako aireportuarekin airetiko lotura zuzena duten eta aurreko kanpainetan bisitatu ez genituen hiriak”, azaldu du Cristina Gonzálezek.

Autobusa bi egunez aparkatuta egoten da hiri bakoitzeko erdiguneko leku estrategikoetan, turismo bulego ibiltaria izango balitz bezala, eta, haren aurrean, azken publikoari informazioa emateko gune bat jarriko da. Han, hainbat proposamen eskainiko dira: Araba autokarabanaz, motoz eta garraio publikoz; TOP esperientziak Araban; Arabako dorreak eta gazteluak; enoturismoa; Gatz Harana; Erdi Aroko ibilbideak; Araban galtzeko ibilbideak; eta abar.

Foru Aldundiak eta Udalak, hiri bakoitzean egon aurretik, kanpaina bat egiten dute sare sozialetan, autobusa eta turismo informazioaren gunea non eta zer ordutan egongo diren jakinarazteko. Era berean, bertaratzea sustatu eta dinamizatzen dute, Araban asteburua emateko bi pertsonarentzako zortzi egonaldi zozkatzearen bidez. Zozketa horretan parte hartzeko, autobusak berak itsatsita izango duen QR bat eskaneatu behar da.

Foru Aldundia Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi