Arabak % 17 hobetu du hondakin organikoen bilketa - arabapress
Arabak % 17 hobetu du hondakin organikoen bilketa
Berrerabiltzeko gaika bildutako ehunkien kopurua % 8 handitu da, eta horrek adierazten du herritarrek edukiontzi zurian uzten diren jantziei bigarren bizitza bat emateari buruzko kontzientzia eta sentsibilitate handiagoa dutela

Gasteiz, 2023ko otsailaren 27a. Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak 2021. urteari dagokion hondakinen azken behatokiaren datuak zehaztu ditu Ingurumen eta Hirigintza Batzordean, eta honako hau nabarmendu du: “azken urteetako joera positiboarekin jarraitzen dugu; alegia, legerian eta Arabako Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako 2017-2030 Planean ezarritako helburuak lortzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen diguten urratsak ematen jarraitzen dugu”.
Bilakaera positibo horren isla da landare olioaren gaikako bilketa % 28 handitu dela 2020. urtearekin alderatuta, eta hondakin organikoena, aldiz, % 17, urte berarekin konparatuta. Horren arrazoia da, batez ere, Gasteizko edukiontzi kopurua handitu dela.
Berrerabiltzeko gaika bildutako ehunkien kopurua % 8 handitu da, eta horrek adierazten du herritarrek edukiontzi zurian uzten diren jantziei bigarren bizitza bat emateari buruzko kontzientzia eta sentsibilitate handiagoa dutela.
Hondakinen azken behatokiaren datuen arabera, Araban 402,51 kilo hondakin sortu ziren biztanleko 2021ean. Iaz, pandemiaren aurreko ohiturak berreskuratzen joan ziren, eta horrek eragina izan du hondakinen sorreran eta tratamenduan. Sortutako guztizko kopurua 2020koaren antzekoa izanik, kuadrillen araberako banaketa normalizatu egin da, eta hondakinen birziklatzeak pandemiaren aurreko balioak parekatu edo gainditu ditu.
Agerraldian, foru diputatuak “helburua oraindik ere Europako helburuak lortzea dela” adierazi du, eta “zenbateko horiek lortzeko funtsezkoa da lurraldea beharrezko azpiegiturez hornitzea, hala nola etorkizunean errefusa balioztatzeko planta bat eraikitzea eta beste konpostaje bat egitea, dagoeneko esleituta dagoen aurrekontuko zuzkidurarekin, Arabako Lautadarako konpostatze-planta bat gauzatzeaz gain” azaldu du.
Bestalde, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Lege berriari dagokionez, nabarmentzekoa da gaur egun Arabako toki erakundeek bete egiten dutela ehun hondakinak, tamaina handiko hondakinak, sukaldeko olio erabiliak eta etxeko hondakin arriskutsuak bereizita biltzeko ezarritako betebehar berria, zeina 2024ko abenduaren 31rako bete behar dela ezarri baita.
Horrez gain, Añanako Kuadrillako eta Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako urteko datuetan eragin positiboa izan duten bi ekintza nabarmendu behar dira. Añanaren kasuan, hondakin ugari sortzen dituen Zaballako espetxe instalazioaren kudeaketa aldaketaren ondorioz, kuadrilla horretan gaika bildutako hondakin organikoen kopurua zazpi aldiz handiagoa da, eta 64 tona jasotzetik 476 tona jasotzera pasa da.
Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillan, Kripanen etxeko hondakin organikoen banakako bilketa kontrolatua ezarri denez, udalerri horrek hondakinen % 86 gaika biltzea lortu du, eta errefusa, aldiz, % 14 besterik ez da. Gainera, materia organikoa ez dute jada biltzen eta Kripanetik kanpoko kudeaketa instalazio batera eramaten, udalerrian bertan geratzen da, konpostaje instalazioetan.

