Gizarte Politikak | 2025 05 22

Arabak, 2030erako, mila laguntzaile pertsonal gehiago beharko ditu mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzeko

Gizarte Zerbitzuen Mapa berria egin aurreko diagnostikoak azpimarratzen duenez beharrezkoa da pertsonak beren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izateko zerbitzu komunitarioak sustatzea, hala nola etxeko laguntza zerbitzua, eguneko zentroak eta mendekotasunaren prestazio ekonomikoak

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 22a. Arabako Lurralde Historikoak, 2030. urteari begira, indartu egin beharko ditu pertsonak beren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izateko zerbitzu komunitarioak, hala nola Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ), eguneko zentroak edo mendekotasuna duten pertsonei etxean autonomia eta ongizate maila handienekin bizitzen laguntzen dieten prestazio ekonomikoak. Gizarte Politiken foru diputatu Gorka Urtaranek zehaztu duenez, zenbatespenen arabera, datozen bost urteetan mila laguntzaile pertsonal baino gehiago behar dira, mendekotasuna duten pertsonak etxean zaindu ahal izateko.

    Ondorio horiek atera dira, beste batzuen artean, Arabako Gizarte Zerbitzuen I. Mapan aurreratutakoa ebaluatzen duen eta, aldi berean, baliabideak, zerbitzuak eta prestazioak Arabako gizartearen egungo beharretara egokitzen jarraitzeko lehentasunak zehazten dituen aurretiazko diagnostikotik.  Gorka Urtaranek gaur goizean egin du diagnostiko horren aurkezpena Arabako Batzar Nagusietako Gizarte Ongizateko Batzordean.  Diagnostiko hori ezinbesteko urratsa da Euskadiko gizarte zerbitzuen egungo mapak eta zorro dekretuaren gizarte zerbitzuen sarearen hedapenak ezarritako eskariari erantzungo dion bigarren lurralde mapa egin aurretik.  

    Horretarako, lurraldeko gizarte premiak aztertu dira, eta horretarako kontuan hartu dira Arabako bilakaera demografikoaren eta mendekotasun, babesgabetasun eta gizarte bazterketako egoeren ikuspuntuak eta gizarte baliabideetan 2030era arte lortu beharreko helburuen proiekzioa.

Bat etorrita gizarte zerbitzuen Europako eta Euskal Autonomia Erkidegoko estrategiekin eta Arabako Foru Aldundia legealdi honetan egiten ari den Zainketen Agendarekin, diagnostikoak azpimarratzen du "arreta piramidea alderantzikatu" behar dela eta "arreta berezia jarri behar dela etxeko zerbitzu komunitarioen garapenean, egungo dinamikaren aurrean, egoitza baliabideen sorreran zentratuago baitago". Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzat indartu beharko diren zerbitzuen artean, honako hauek aipatu ditu Gorka Urtaranek: ELZ, eguneko arreta zentroak, eguneko zentroak eta prestazio ekonomikoak, hala nola LPPE eta FBZPE prestazioak. 

Ildo horretan, Gizarte Politiketako foru diputatuak 2030erako jarritako premia gisa zehaztu du laguntza pertsonaleko mila prestazio ekonomiko (LPPE) gehiago ematea, eta horrek laguntzaile pertsonalen lanpostu kopuru bera sortzea ekarriko luke. Beste prestazio ekonomiko baterako, hain zuzen, Familia Inguruneko Zaintzarako Prestazio Ekonomikorako (ZFZPE), antzeko zifra bat mila baino zertxobait gehiagokoa, gehitzeko helburua dago, zaintzaile ez-profesionalek – gehienak senitartekoak – egiten duten zaintzatik sortutako gastuak estaltzen laguntzeko.

Estaldura proposamenera egokitzeko, mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako eguneko zentroko 350 plaza inguru sortzea aurreikusten du diagnostikoak. Hori guztia alde batean utzi gabe hainbat egoitza baliabide aurrera eramatea, gehienak hauei zuzendatukoak: gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta bereziki landa eremuan babesgabetasun egoeran dauden adingabeei.

Kalkulu horiek Arabako Gizarte Zerbitzuen II. Mapan zehaztu beharko dira. Mapa hori Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Saila egiten hasiko da, lankidetzan eta zerikusia duten beste erakunde batzuekin batera lan eginez. 

Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Berria

Prentsa oharra

Jaitsi