Turismoa | 2025 07 02

Arabak bere turismo eskaintza aurkeztuko du Alemanian, Europako merkatuan hazten jarraitzeko

Cristina González: "Alemania oso interesgarria da Arabako turismo enpresentzat, eta sinetsita gaude badagoela tartea gure posizioa hobetzeko eta herrialde honetan hazteko"

Atzerriko bidaiariek hoteletan, landa turismoetan eta apartamentuetan kontratatutako gauak % 51 hazi dira bost urtean
 

Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.- Arabako Foru Aldundiak aurten Alemaniako bidaia agentziei, turismo operadoreei eta prentsa espezializatuari aurkeztuko die lurraldearen turismo eskaintza, bidaiari alemanak erakartzeko eta biztanleria, turista tipologia eta gaitasun ekonomikoa direla eta oso merkatu interesgarrian hazteko xedearekin. Azken helburua da atzerriko turismoaren pisua indartzea eta Araba kalitatezko helmuga iraunkor eta irisgarri gisa finkatzea.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak gaur Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran azaldu duenez, 2025eko nazioarteko eremuan turismoa sustatzeko kanpainak Alemania du "xede merkatu" gisa, hainbat urtez ekintzak beste herrialde batzuetan egin ondoren, hala nola Frantzian, Portugalen, Belgikan eta Italian, lehenengo bietan duten hurbiltasun geografikoagatik eta bigarren bietan Forondako aireportuarekiko loturagatik. 

"Lau herrialde horietan ezarritako helburuak lortu ondoren, ondare historikoaren, naturaren eta enogastronomiaren gure eskaintza ezagutaraziko dugu Alemanian, merkatu horrek potentzial handia baitu Arabako turismo enpresentzat. Alemania Europar Batasuneko herrialderik populatuena da, 85 milioi biztanlerekin, munduko bosgarren herrialdea da BPGari dagokionez, eta biztanleko errenta 66.000 dolarretik gorakoa da...", azpimarratu du.
 
Gonzálezek zehaztu duenez, destinoaren aurkezpena urrian egingo da Hanburgon, Alemaniako bidaia agentzien, turismo operadoreen eta komunikabideen presentzia izango duen ekitaldi batean, eta jakinarazi duenez, "osagarri gisa, zenbait aste geroago, ezagutarazte bidaia bat antolatuko dugu, Alemaniako bidaietako kazetari eta blogariek Araba in situ ezagutu dezaten eta haren erakargarriak ezagutaraz ditzaten". 

Nazioarteko sustapen kanpaina beste herrialde batzuetara ere hedatuko da, hala nola Frantziara. Arabako ordezkaritza bat egongo da irailaren erdialdean Tolosan (Frantzia) egingo den "La Ola" topaketa profesionalean, bidaiari mota desberdinekin (MICE, turismo kulturala, taldeak, etab.) lan egiten duten profesionalei eta bidaia agentziei lurralde historikoaren eskaintza turistikoa erakusteko. 
Bestalde, foru diputatuak azaldu duenez, aurtengo merkatu nazionaleko sustapen kanpainaren ardatza da "2024aren amaieran gaitu genuen tresna berria: lineako plataforma bat, Espainiako eta beste herrialde batzuetako bidaia agentziek eta turismo operadoreek modu errazean merkaturatu ahal izan ditzaten egonaldiak eta esperientziak Araban". Plataforma hori urtarrilean aurkeztu zen Madrilen, eta ekainaren 12an Arabako turismo enpresei.

Topaketa profesionala udazkenean

Gonzálezek iragarri du urteko bigarren seihilekoan proiektu berritzaile hori indartuko dela, bi ekintza gehigarrirekin: batetik, Arabako turismo enpresei eta toki erakundeei prestakuntza ematea, jakin dezaten nola sortu lineako plataforma horren bidez eskaintza turistiko esperientzial interesgarri bat; eta, bestetik, workshop edo topaketa profesional bat egitea Gasteizen, Arabako turismo enpresek beren eskaintza Espainiako bidaia agentziei erakutsi eta "saldu" ahal izan diezaieten. 

Foru diputatuarentzat, Foru Aldundiak gainerako erakunde publikoekin (Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala eta kuadrillak) lankidetzan ezarritako garapen turistikorako estrategiak emaitza onak ematen ditu. "Araban kontratatutako gauen eta bisitarien sarrerak % 25 eta % 34 igo dira azken bost urteetan, hurrenez hurren; batez besteko egonaldia, aldiz, % 8 igo da epe berean, eta 2,2 egunetik gorakoa da".
 
"Atzerriko turismoaren bilakaera are positiboagoa izan da, sarrerak eta gaualdiak % 37 eta % 51 igo baitira. Oso tasa garrantzitsuak dira", gaineratu du.

Azkenik, Cristina Gonzálezek berretsi duenez, estrategia horren helburua da "Araba kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa sendotzea, betiere jakinda gure baliabide eta azpiegitura turistikoek gaitasuna dutela turismoa enpleguaren eta aberastasunaren eragilea izan dadin arabarrentzat. Kalitatea bilatzen dugu, kualitatiboa, kuantitatiboa baino gehiago", amaitu du.
 

Turismoa

Prentsa oharra

Jaitsi