Foru Aldundia | 2022 06 20

Araba gehitu egin zaio Ipar Eszena Bidearen hurrengo edizioan ikuskizunak eskainiko dituzten euskal agertokien zirkuituari

  • Arte eszenikoak trukatzeko proiektuak laugarren denboraldia izango du irailaren 10etik urriaren 9ra, inoiz baino parte-hartzaile, egoitza eta proposamen gehiagorekin
  • Ipar Eszena Bideak 15 konpainia biltzen ditu, Donejakue Bidearen ipar adarrak zeharkatzen dituen erkidegoetako 40 herri baino gehiagotara antzerkia eta dantza eramango dituen edizio batean

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 20a.  Araba gehitu egin zaio Ipar Eszena Bidearen hurrengo edizioan ikuskizunak eskainiko dituzten euskal agertokien zirkuituari. Arte eszenikoak trukatzeko proiektu bat da eta laugarren denboraldia izango du irailaren 10etik urriaren 9ra, inoiz baino parte-hartzaile, egoitza eta proposamen gehiagorekin. 15 konpainia bilduko ditu antzerkia eta dantza 40 herri baino gehiagotara eramango dituen edizio batean.

Camino Escena Norte / Ipar Eszena Bidea  arte eszenikoen bidezko kultura-trukerako proiektu bat da, Galizia, Asturias, Kantabria, Euskadi eta Nafarroako kultura-ekoizpena lotu nahi duena, Donejakue Bidearen ipar adarraren ibilbidea erreferentzia eta gidari hartuta. Kultur ekimen hau datorren irailaren 10etik urriaren 9ra bitartean egingo da, eta aurten haren laugarren aldia izango du, berritasunez betetako programa batekin.

Euskadiren kasuan, Ipar Eszena Bideak Araba sartu du ‘Itinerario Constelaciones’ deiturikoaren barnean, zeina eszena-arteen trukerako proiektuaren oinarria baita. Era horretan, Arabako Foru Aldundiaren babesa eta laguntza dela medio, hiru lurralde historikoek programatutako antzerki eta dantza ikuskizunak eskaini ahal izango dituzte. Antolatzaileak aztertzen ari dira orain datak eta hiru probintzietako kokalekuak.

Orobat, Ipar Eszena Bideak Nafarroan ere programatu ditu ikuskizunak. Erkidego hori lurralde gonbidatu gisa sartu da aurten, Nafarroako Gobernuaren finantzaketari esker. Aurreikusten denaren arabera, Foru Komunitateak ekimen honetan bete-betean parte hartu ahal izango du hurrengo edizioan. Oro har, Ipar Eszena Bideak egoitza kopurua handitu du aurten, parte hartu duten bost erkidegoetako 40 herri baino gehiagotara, komunitate parte-hartzaileetako 15 konpainia eszenikoren ikuskizun bana eskainiz.

Beste alde batetik, Ipar Eszena Bidearen antolatzaileek ezagutarazi berri dituzte hautaketa artistikorako batzorde profesionalek – autonomia erkidego bakoitzeko arte arloko eragile garrantzitsuek osaturik – kultura trukerako proiektuen erdigunea den ‘Itinerario Contelaciones’ delakoaren edizio honetan parte hartzeko aukeratutako konpainiak eta ikuskizunak.

Euskadiren kasuan, Arabako Teatro Paraíso konpainia aukeratu dute, Uniko ikuskizunarekin. Donostiako  Vaivén Producciones konpainiaren "El Enjambre" ikuskizuna eta Portugaleteko (Bizkaia) Erre Produkzioak konpainiaren ‘Fake, begiari tranpa’ ikuskizuna ere aukeratu dira. Hiru konpainia horiek Galizia, Asturias, Kantabria eta Nafarroako hainbat lekutan jardungo dute. Era berean, autonomia-erkidego horietako konpainia batzuek IEBren EAEko egoitzetan aurkeztuko dituzte beren proiektu eszenikoak.

Escena Galega (Galizia), EscenAsturias (Asturias), ACEPAE (Kantabria) eta Eskena (Euskadi) arte eszenikoen ekoizleen elkarte profesionalek sustatutako ekimena da IEB. Haiek guztiak, proiektua garatzeko, kudeatzeko eta ekoizteko berariaz sortutako Ipar Eszena Bidea ekonomia-intereseko supraentitatean elkartuta daude.

Inplikatutako autonomia-erkidegoetako gobernu eta erakundeen eta Espainiako Gobernuaren laguntza ekonomikoa du IEBek, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta INAEMen bitartez. Euskadiren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arabako Foru Aldundiak parte hartzen dute babesle moduan. Era berean, Vegalsa-Eroskik jarraitzen du babesle ofizial izaten, eta ekarpen ekonomiko handiagoa egingo du edizio honetarako. Horrek indartu egiten du lurraldeen arteko kultura-trukea sustatzen duen proiektu honekiko konpromisoa eta apustua.

Foru Aldundia Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi

Dossierra. Informazio gehiago.

Jaitsi