Arabak eta Gasteizek 2023an txartel bat merkaturatuko dute ostatuetan, jatetxeetan eta baliabide turistikoetan deskontuak egiteko - arabapress
Arabak eta Gasteizek 2023an txartel bat merkaturatuko dute ostatuetan, jatetxeetan eta baliabide turistikoetan deskontuak egiteko
- Datorren astean aurkeztuko dute proiektua Turismoko Nazioarteko Azokan
- Green Card Turismo Txartelaren helburua da tokiko enpresak ikusaraztea, bidaiarien egonaldia luzatzea eta lurralde osoa ezagut dezaten sustatzeaArabak eta Gasteizek hiriko eta lurraldeko telebista “enbaxadoreak” aintzatetsiko dituzte Fiturren

Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 13a.- Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak datorren uda baino lehen merkaturatuko dute ‘Green Card Turismo txartel’ berria, zeinaren bidez deskontuak eskainiko baitzaizkie bisitariei ostatuetan, jatetxeetan, eta museo, upeltegi eta bestelako baliabideetara egindako bisitetan. Bi erakundeek datorren astean aurkeztuko dute proiektu hau Turismoko Nazioarteko Azokan (Fitur).
Arabak eta Gasteizek nazioarteko lehiaketa hau baliatuko dute, halaber, azken urteotan hiriko eta lurraldeko enbaxadore turistiko gisa jardun duten telebistako profesionalak aintzatesteko.
Cristina González bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak eta Maider Etxebarria lehenengo alkateorde eta Sustapen Ekonomiko eta Turismoko zinegotziak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan bi erakundeek Fiturrera eramango duten eskaintzaren ildo nagusiak, zeinaren 43. edizioa beteko baita, 170 herrialdetako 10.000 enpresa eta helmuga bertan izango direla.
Gonzálezek eta Etxebarriak azpimarratu dute erakundeen arteko koordinazioak garrantzi handia duela Araba eta Gasteiz “helmuga jasangarri gisa” kokatzea helburu duen sustapen turistikoko estrategia bat eraginkortasunez garatzeko. “Helmuga jasangarri horrek era guztietako bidaiarientzako kalitatezko eskaintza izan behar du, hauexetan oinarrituta: natura oparoa, ondare historiko ikusgarria, lehen mailako enogastronomia eta jaialdien eta ekitaldien programa bizia”.
Hala, eta baterako lan esparru horretan, iragarri dute datorren asteazkenean, urtarrilak 18, aurkeztuko dutela Fiturreko Euskadiren standean ‘Green Card Turismo Txartelaren’ proiektua: turismo txartel bat da, Gasteiz eta Araba turismoa edo negozioak egiteko bisitatzen duten pertsonei zuzendua, aukera emango duena deskontuak izateko ostatuetan, jatetxeetan, dendetan eta museo, upeltegi eta beste baliabide batzuetara egindako bisitetan, bai eta turismo aktiboko enpresen jardueretan ere.
Maider Etxebarriak jakinarazi duenez, ‘Green Card Turismo Txartela’ datorren uda baino lehen aterako da, udako goi denboraldian erabat operatibo egon dadin. Jakinarazi duenez, “txartelak bi helburu ditu: batetik, bisitatzen gaituztenen artean turismo enpresei eta sektorearekin zerikusia dutenei ikusgarritasuna ematea, eta, bestetik, Gasteizko eta Arabako turismo eskaintzaren lehiakortasuna indartzea”.
“Horrekin, gainera, bidaiariek egonaldia luzatzea sustatuko dugu, eta lurralde historikoko eskualdeetan barrena ibiltzea bultzatuko dugu” erantsi du.
Arabako eta Gasteizko “enbaxadoreen” aintzatespena
Egun bat geroago, urtarrilaren 19an (osteguna), Araba eta Gasteiz Turismoko Nazioarteko Azokan protagonista izango dira berriz ere. Ekitaldi bat egingo da 2023an turismo “enbaxadore” izango diren pertsonen izenak ezagutarazteko: telebistari lotutako profesional ospetsuak, zeinek hiriaren eta probintziaren erakargarri ugariak hasi berri den urtean zehar hedatuko baitituzte nazio mailan.
Cristina González foru diputatuak azpimarratu duenez, “ekitaldi hau oso berezia izango da, 2018. urteaz geroztik ohorezko titulu hori beren gain hartu duten profesional guztiak aintzatetsi eta eskerrak emango baitizkiegu, gure helmuga ezagutarazten lagunduko digutelako. Zerrenda zabala da, eta besteak beste profesional hauek parte hartuko dute: Matías Prats, María Escario, Jesús Alvarez, Jon Sistiaga, Alberto Chicote, Roberto Brasero eta Mamen Mendizabal”.
Arabako Foru Aldundia Fiturrek “bozgorailu” gisa daukan balioaz baliatuko da turismo proposamen berriak estreinatzeko, Araban esperientzia onenak lehen pertsonan “bizitzeko eta sentitzeko”.
Gonzálezek adierazi duenez, “Fiturrera gatoz, sektorerako urte oso ona izan eta gero Araban. Horrek guztiak adierazten du, abenduko datuak jakin gabe, historiako markarik onenarekin itxiko dugula 2022a, Arabako ostatuetan sartutako bidaiariei eta kontratatutako gauei dagokienez. Bisitatzen gaituztenen gastuaren bilakaera ere nabarmen hazi da”.
“Hala, 2022ko urtarriletik azarora 455.000 bisitari baino gehiago jaso ditugu, 2021ean baino % 43 gehiago eta 2019an baino % 6,5 gehiago (pandemiaren aurreko azken ekitaldia). Are gehiago, esan bezala, historiako urte onenaren zifrak (2018. urtea izan zen) gainditzeko bidean gaude, eta horrek dakarrena da aberastasuna eta enplegua gure lurraldeko ostatu, turismo enpresa, taberna eta jatetxe eta dendetarako” erantsi du.
Eta zehaztu du nazioarteko merkatua funtsezkoa dela azaltzeko Arabako turismoaren 2022ko hazkundea. “Nahiz eta 2021ean, pandemia oraindik oso presente zegoenean, merkatu nazionala funtsezkoa izan sektorea suspertzeko, 2022an atzerriko turismoaren hazkunde handia izan da ezaugarri nagusia. Urtarriletik azarora ia 136.000 atzerritarren bisita izan dugu, guztizkoaren ia heren bat. Zifra hori 2019koa baino % 12 handiagoa da”.
“Espainiako turismo helmuga gisa eta Europako merkatu estrategiko gisa sustatzen jarraituko dugu Araba 2023an,” amaitu du.
Cristina Gonzálezek eta Maider Etxeberriak jakinarazi dute Fiturren bilerak egingo dituztela turismo enpresekin, eta hitzarmenak sinatuko dituztela hiria eta lurraldea turistikoki sustatzeko.