Arabak eta Gasteizek beren erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte Valladolideko INTUR azokan - arabapress
Arabak eta Gasteizek beren erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte Valladolideko INTUR azokan
- Hauek dira proposamenetako batzuk: ardo eta gastronomiarik onenak Ardoaraban; Erdi Aroko hiribilduak, gazteluak eta dorre gotortuak; eta Gabonetarako planak
- Lan bilerak egingo dituzte touroperadoreekin eta sektoreko enpresekin, helmuga sustatzeko

Gasteiz, 2022ko azaroaren 17a. - Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hiriko eta lurraldeko erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte gaurtik igandera bitartean Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokan (INTUR). Hauek dira proposamenetako batzuk: ardo eta gastronomiarik onenez gozatzea Ardoaraban, probintzia ezagutzea Erdi Aroko hiribildu, gaztelu eta dorre gotortuen bidez eta Gabonetarako planak.
Magiak ere lekua izango du bi erakundeen baterako standean: Arabako Ilusionisten Elkarteko magoek larunbatean eta igandean dinamizatuko dute erakusketa espazio hori, batez ere familiei zuzendutako trikimailu eta amarruekin.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, “INTURera goaz Valladolideko eta Gaztela eta Leongo bidaiariei Araba eta Gasteiz ezagutarazteko, gure lurralderako bisitari fluxu handia sortzen duten probintzia eta autonomia erkidegoa direlako. Baita sektorearekin, agentziekin eta touroperadoreekin egoteko ere, eta gure helmuga beren programetan sar dezaten lan egiteko.”
Maider Etxebarria alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotziak esperientzietan, lasaitasunean eta benetakotasunean oinarritutako kalitatezko eskaintza bilatzen dutenentzat erreferentziazko helmuga gisa finkatzeko bi erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du: “Baditugu hori lortzeko erakargarriak: ondarea, enoturismoa, gastronomia, natura, jaialdiak...”.
“Valladolid probintzia, gainera, merkatu estrategikoa da, gertutasunagatik eta errepide eta tren bidezko komunikazio bikaina duelako, eta 500.000 biztanletik gorako herrigunea delako”, erantsi du.
Aldundiak eta Udalak lan bilerak egingo dituzte gaur eta bihar bidaia agentziekin eta touroperadoreekin.
Eskaintza osoa
Natura, kultura eta enogastronomia dira INTURen ardatzak, eta Arabak eta Gasteizek hiru arlo horietako proposamen erakargarriak biltzen dituen eskaintza aurkezten dute azoka honetan: Ardoaraba, abenduaren 3tik 8ra bitartean, Arabako ardo eta pintxo onenekin; planak eta ibilbideak Arabako gaztelu, dorre eta hiribildu harresituetan zehar; lurraldea motoz, autokarabanaz eta garraio publikoz ezagutzeko planak; Erdi Aroko Almendra, Santa Maria katedrala…
Arabak eta Gasteizek Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokara daramaten eskaintzaren osagai garrantzitsuetako bat turismo berde, jasangarri eta irisgarria da, eta proposamen hauek eskainiko dituzte, besteak beste: Eraztun Berdea, mugikortasun elektrikoa eta baliabide turistikoak lotzen dituen lehen gida, turismo irisgarriaren gida eta ibilbide berdeak. Gainera, bi erakundeek stand berritua eramango dute INTURera: kartoi birziklatuzkoa eta zurezkoa, baso arduratsuen FSC eta Rainforest Allianceren zigilu eta guzti.
Udalak eta Aldundiak INTURen partekatuko duten standeko eskaintzan egongo dira honako hauek: Arabako Errioxa eta Aiara lurraldeko hiribildu harresituen bidez lotzen dituzten “Arabako Erdi Aroko ibilbideak”, asteburuetan eta zubietan Arabako eskualde guztietako baliabide nagusiak ezagutzeko eta gozatzeko ibilbide bikainak diren “Araban galtzeko ibilbideak” eta familia turismorako eta bikote turismorako proposamenak.
Baita bereziki motorzale eta autokarabanazaleentzako den eskaintza eta Araba Alavabuseko lineen bidez garraio publikoz ezagutzeko gida berria ere.
Era berean, standa bisitatzen dutenek Gasteizko natura, ondare eta enogastronomiako eskaintza osoa ezagutu ahal izango dute, bai eta Ardoarabari eta abendurako programatutako jarduerei buruzko informazioa eskuratu ere, besteak beste, Floridako berealdiko jaiotza.
Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko XXV. Azokak 1.200 helmuga ekarriko dituzten 125 erakusketari baino gehiagorekin irekiko ditu ateak. INTURek izaera bikoitzari eusten dio: gaur, osteguna, INTUR Negozioak egingo da profesionalentzat, eta bihar (ostirala), larunbatean eta igandean, INTUR Bidaiariak, azken publikoarentzat. 24.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zuten azoka iazko edizioan.
Foru Aldundia eta Udala, beste urtebetez, INTURen egongo dira stand propioarekin, Valladolid merkatu garrantzitsua delako Arabako turismorako, hurbiltasun geografikoagatik, errepide eta trenbide bidez konexio bikaina duelako Gasteizekin, ardoaren kultura partekatzen dugulako eta populazio polo garrantzitsua delako. Valladolid hiriak 300.000 biztanle baino gehiago ditu, eta probintziak milioi erditik gora.