Arabak eta Gasteizek beren erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte Valladolideko INTUR azokan - arabapress
Arabak eta Gasteizek beren erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte Valladolideko INTUR azokan
Hauek dira proposamenetako batzuk: ardo eta gastronomiarik onenak Ardoaraban; Erdi Aroko hiribilduak, gazteluak eta dorre harresituak; eta Gabonetarako planak
Lan bilerak egingo dituzte sektoreko enpresekin, helmuga sustatzeko


Gasteiz, 2023ko azaroaren 17a.- Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hiriko eta lurraldeko erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte igandera bitartean Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokan (INTUR). Hauek dira proposamenetako batzuk: ardo eta gastronomiarik onenez gozatzea Ardoaraban, probintzia ezagutzea Erdi Aroko hiribildu, gaztelu eta dorre gotortuen bidez eta Gabonetarako planak.
Magiak ere lekua izango du bi erakundeen baterako standean: Arabako Ilusionisten Elkarteko magoek larunbatean eta igandean dinamizatuko dute erakusketa gune hori, batez ere familiei zuzendutako trikimailu eta amarruekin.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, “INTURera goaz Valladolideko eta Gaztela eta Leongo bidaiariei Araba eta Gasteiz ezagutarazteko, gure lurralderako bisitari fluxu handia sortzen duten probintzia eta autonomia erkidegoa direlako. Ia 21.000 gaztelandar etorri zaizkigu urtarrila eta iraila bitartean, eta urtea 30.000 bisitarirekin baino gehiagorekin amaituko dugu, 2022an baino % 25 gehiago ".
María Nanclares Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, foru aldundiak eta udalak "lankidetzan dihardugu esperientzietan, lasaitasunean eta benetakotasunean oinarritutako kalitatezko eskaintza bilatzen dutenentzat gure lurraldea erreferentziazko helmuga gisa finkatzeko". “Baditugu hori lortzeko erakargarriak: ondarea, enoturismoa, gastronomia, natura, jaialdiak...”.
“Valladolid probintzia, gainera, merkatu estrategikoa da, gertutasunagatik eta errepide eta tren bidezko komunikazio bikaina duelako, eta 500.000 biztanletik gorako eremua delako”, erantsi du.
Bi erakundeek lan bilerak egingo dituzte gaur eta bihar sektoreko enpresekin.
Natura, kultura eta enogastronomia dira INTURen ardatzak, eta Arabak eta Gasteizek hiru arlo horietako proposamen erakargarriak biltzen dituen eskaintza aurkeztuko dute azoka honetan: "Ardoaraba, abenduaren 6tik 10era bitartean, Arabako ardo eta pintxo onenekin; planak eta ibilbideak Arabako gaztelu, dorre eta hiribildu harresituetan zehar; lurraldea motoz, autokarabanaz eta garraio publikoz ezagutzeko planak; Erdi Aroko Almendra, Santa Maria katedrala…"
Arabak eta Gasteizek Valladoliden egingo den Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokara daramaten eskaintzaren osagai garrantzitsuetako bat turismo berde, jasangarri eta irisgarria da, eta proposamen hauek eskainiko dituzte, besteak beste: Eraztun Berdea, mugikortasun elektrikoa eta baliabide turistikoak lotzen dituen lehen gida, turismo irisgarriaren gida eta ibilbide berdeak. Gainera, bi erakundeek INTURera eramango duten standa zurezkoa da, baso arduratsuen FSC eta Rainforest Allianceren zigilu eta guzti, eta kartoi birziklatuzkoa.
Bertaratutako bidaiariak
Udalak eta Aldundiak INTURen partekatuko duten standeko eskaintzan egongo dira honako hauek: Arabako Errioxa eta Aiara lurraldeko hiribildu harresituen bidez lotzen dituzten “Arabako Erdi Aroko ibilbideak”; asteburuetan eta zubietan Arabako eskualde guztietako baliabide nagusiak ezagutzeko eta gozatzeko ibilbide bikainak diren “Araban galtzeko ibilbideak”; TOP esperientziak Araban; eta familia turismorako eta bikote turismorako proposamenak.
Baita bereziki motorzale eta autokarabanazaleentzako den eskaintza eta Alavabuseko lineen bidez Araba garraio publikoz ezagutzeko gida ere.
Era berean, standa bisitatzen dutenek Gasteizko natura, ondare eta enogastronomiako eskaintza osoa ezagutzeaz gain informazioa jaso ahal izango dute Ardoarabari eta abendurako programatutako jarduerei buruz, besteak beste, Florida parkean jartzen diren berealdiko jaiotzari eta izotz pistari buruz.
Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko XXVI. Azokak 1.200 helmuga eskainiko dituzten 120 erakusketari baino gehiago bilduko ditu. INTUR jardunaldi profesional izateaz gain, natura, kultura eta enogastronomia bila dabilen azken bidaiariari zuzendutako azoka bat: 30.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten azoka iazko edizioan, eta horrek % 24ko hazkundea ekarri zuen 2022ko edizioarekin alderatuta.
Foru Aldundia eta Udala, aurten ere, INTURen egongo dira stand propioarekin, Valladolid merkatu garrantzitsua delako Arabako turismorako, hurbiltasun geografikoagatik, errepide eta trenbide bidez Gasteizekin konexio bikaina duelako, ardoaren kultura partekatzen dugulako eta populazio erakargune garrantzitsua delako. Valladolid hiriak 300.000 biztanle baino gehiago ditu, eta probintziak milioi erditik gora.