Euskara ikastaroetarako matrikulazio kanpaina hasi da, Gasteizen eta Araban euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburuarekin - arabapress
Euskara ikastaroetarako matrikulazio kanpaina hasi da, Gasteizen eta Araban euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburuarekin

Vitoria-Gasteiz, 2021ko irailaren 2a. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta euskaltegiek euskara ikasteko aukera ezberdinak aurkeztu dituzte gaur goizean. Ikastaroetarako matrikulazio kanpainak, aurten, 'Ikasi eta erabili euskara. Merezi du! lema dauka eta ikastaro batzuetarako izen-emateak zabalik daude. Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara zinegotziak, Lexuri Ugarte Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak eta Jose Miguel Reguero euskaltegien ordezkariak azpimarratu dute hizkuntzaren erabilerak duen garrantzia hiria eta Lurraldea euskalduntzeko bidean aurrera egiteko.
"Gasteizen euskararen ezagutzaren bilakaera garrantzitsua izan da. 1981ean, euskaldunak %3,5a ziren. Gaur egun, % 27,28an gaude. Horiei 'ia euskaldunak' gehitu behar zaizkie, %20ra iristen baitira. Emaitza horiek lortzeko, oso garrantzitsua izan da hezkuntza-eskaintza zabala izatea, bai euskaltegietan eta baita erakundeek sustatutako hainbat ikastarotan. Eta horregatik jarraituko dugu bide horretan", azaldu du Iñaki Gurtubaik. Euskara zinegotzi eta alkateordeak azpimarratu duenez, "ikastaro hauen helburua euskaraz ez dakitenek ikasi dezaten da. Eta ikasten ari direnek erabili dezatela. Gure hirian euskararen erabileran eragiten jarraitu behar dugulako".
Udalak ikastaroak antolatu ditu gizarte-etxeetan. Matrikulazioak irailaren 15era arte daude zabalik eta, zehazki, 76 talde eskaintzen dira. Gurasoentzat, 55 urtetik gorakoentzat, atzerritarrentzat eta merkataritzaren eta ostalaritzaren esparruko profesionalentzat daude aukerak. Ikastaroez gain, Gasteizko Udalak euskaltegietan euskara ikasteko diru-laguntzak ere baditu. Bi diru-laguntza mota daude, bai publiko orokorrarentzat, bai kolektibo espezifikoentzat. Iazko ikasturtean baldintzak malgutu ziren, eta emandako laguntzen kopurua 237 izatetik (19/20 ikasturtean) 495era (20/21) igaro zen. Eskaintza honi buruzko informazio guztia hemen aurkitu daiteke: www.vitoria-gasteiz.org/euskara web orrian eta esteka honetan.
Foru Aldundiaren dirulaguntzak
Arabako Foru Aldundiak aurten 85.000 euro banatuko ditu, euren matrikula egitean, Aldundiaren dirulaguntza eskaera bete eta foro administrazioak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituztenen artean.
Baldintzak hiru izaten jarraitzen dute, aurreko ikasturteetan bezala:
- Adinez nagusia izatea, deialdia Arabako Buletin ofizialean argitaratzen den egunean.
- Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean erroldatuta egotea.
- A1, A2, B1 eta B2 mailetako edozeinetan matrikulatzea HABEk Araban edo Trebiñuko enklabean dituen euskaltegi homologatu batean.
Ikasle bakoitzak, zenbat ordu betetzen dituen araberako hiru dirulaguntza jaso dezake; hau da, zenbat eta ordu gehiago eman euskaltegian, orduan eta dirulaguntza kopuru handiagoa, 240 euro arte.
Aurreko ikasturtean, nahiz eta COVID 19a puri-purian izan, euskalduntzerako dirulaguntza deialdiko onuradunak 850 bat arabar izan ziren. 2019-2020 ikasturtearekin alderatuta oso kopuru paretsua, izan ere orain dela bi urte onuradunak 937 bat izan baitziren. Eta gehien bat, %70a emakumezkoak…badirudi honetan ere, euskalduntze prozesuetan emakumeak gailentzen zaizkiela gizonezkoei.
“Aurten, hobe esanda, 2021-2022 ikasturtearen atarian, Araban barrena banatutako euskaltegi homologatuek agerian utzi dute euskara ikasteko oztoporik ez dagoela, osasun eta segurtasun neurri guztiak hartzen jarraitzen direla: aurrez aurreko modalitateari urruneko modalitatea gehitu zitzaion 2020az geroztik, eta hortaz, euskara ikasi nahi duenak, gogoa besterik ez du azaldu behar”, esan du Lexuri Ugartek, aldundiko Euskera eta Gobernu Irekiko zuzendariak, “beraz, Arabako foro Aldundiak, arabarrok, euskara ikasten jarraitzeko dinamikari eusten jarraituko duteen esperantza du. Foru administrazioaren aldetik, gure eskura ditugun ahalegin guztiak egingo ditugu, aurreko ikasturteetako izen emate kopuruak mantendu edo, zergatik ez gainditzeko”.
Eta horrexegatik ere, Arabako foro Aldundiak aurten, gela lekuz aldatuen aurrekontu lerroa berreskuratuko du: “euren inguruan, euskaltegirik ez duten arabarrek ere, euskaltegietako profesionalen jakituria hurbil izan dezaten eta eurek ere euskara ikasteko aukera gal ez dezaten. Kasu honetan, 30.000 euro izango dira, HABEk diruz laguntzen ez dituen garraio gastua laguntzen”.