Ingurumena | 2025 02 24

200 ikasle inguruk ezagutu dituzte gaur beren ikastetxeetan hondakinak hobeto kudeatzeko "Ikusten duzuna baino gehiago dago" proiektuko ekimen finalistak

Adimen desgaitasuna duten pertsonak Lehen Hezkuntzako ikasleen ingurumen monitoreak izan dira bi hilabetez, eta prestakuntza tailerrak eman eta proiektuak garatzen lagundu diete

Gaur hiru proiektu finalistak aurkeztu dira, eta epaimahaiak Lamuza HLHI hautatu du irabazle, ekimen berritzaileak planteatu dituelako, hala nola aliantza garatzeko eta familiak inplikatzeko kafe solasaldi bat

Gasteiz, 2025eko otsailaren 24a. Arabako 200 bat ikasle joan dira gaur "Zure hondakinen atzean ikusten duzuna baino gehiago dago" proiektuaren itxiera ekitaldira. Arabako Foru Aldundiaren ekimena da, Egibide eta Har Eman Elkartearekin lankidetzan egina, eta, laugarren urtez jarraian, desberdina denarekiko errespetua oinarri duen hezkuntza nabarmentzen du, bai eta eskolan mota guztietako hondakinak kudeatzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea ere. 

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Ariznabarra, Lakua-Sansomendi, Helios eta Adurtzako zentro okupazionaletako aniztasun funtzionala duten bost monitore, Egibideko Gizarteratze eta Ingurumeneko bi teknikarik aldez aurretik prestatuta eta haien aholkuak jasota, Arabako zenbait herritan ibili dira hiru hilabetez (Laudio, Zuia, Agurain, Bastida eta Gasteiz), prestakuntza tailerrak ematen 5. eta 6. mailetako ikasleei eta, oraingoan, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei ere bai, ikastetxean sortzen den zaborra bereizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko moduari buruz. 

Urrian, azaroan, abenduan eta urtarrilean, 9 ikastetxe lanean aritu dira eta beren zentroan ingurumena hobetzeko proposamenak egin dituzte, eta epaimahaiak hautatutako hiru finalistak Europa Biltzar Jauregiko Francisco de Vitoria aretoan egin den itxiera ekitaldian aurkeztu dira. Hauek izan dira hiru ikastetxe finalistak: Lamuza HLHI (Laudio), Gasteizko Arantzabela ikastola eta Aguraingo Lautada ikastola. Saritzat, Zuhatza uhartean asteburu bateko egonaldia lortu dute. Irabazlea XXXXX izan da. 

Epaimahaiak nabarmendu du funtsean hiru hondakinen —papera, plastikoa eta beira— gaikako bilketa nola islatu eta gauzatu duten eskulangintza tailerretan, bai eta abian jarri dituzten ekimen berritzaileak ere, hala nola kafe solasaldi bat, sentsibilizazio lanean familiak inplikatzeko, aliantzak garatzeko eta besteak beste Birgupil eta Koopera proiektuetan parte hartzeko. 

Ekitaldian parte hartu dute Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko diputatuak, zeinek ikastetxe irabazleei sariak emateko ardura izan baitute, eta han izan dira erakunde laguntzaileen ordezkariak, Xabier López de Santiago Egibide Ikastetxeko Berrikuntzako eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria eta Rafael Abásolo Har Eman elkartearen zuzendaria ere, parte hartu duten ikastetxeei diplomak emateko. 

Saray Záratek nabarmendu duenez, "gaikako bilketan aurrera egiten jarraitzen dugu, gero eta gehiago bereizten dugu, eta ondo egitea hondakinei bigarren bizitza bat eman ahal izateko bermea da, ekonomia zirkularra sustatuz eta planetaren biziraupenean lagunduko duten ohiturak aldatuz", eta ikasleei gogorarazi die "hondakinik onena sortzen ez dena" dela. 

Ikastetxe irabazleak zoriondu eta ikasle guztien parte-hartzea eskertu ondoren, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak proiektuaren balioa nabarmendu du, "iraunkortasunaren hiru dimentsioen arteko harremanaren adibide argia delako: ingurumenaren babesaren alde lan egiten dugu, degradazioa saihesteko, pertsonen integraziotik eta aniztasunarekiko errespetutik, eta aldi berean jarduera ekonomikoa sortzen duten proiektuetan. Proiektu honek itxuraz ikusten ditugunak baino askoz helburu gehiago lortzen ditu".

Azken ekitaldia Asier Kidam ilusionistarena izan da, eta gogorarazi du desgaitasuna duten pertsonen atzean, magian bezala, ikusten duzuna baino askoz gehiago dagoela, eta, era berean, hondakin bakoitzaren atzean magia asko egon daitekeela, bereizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko lana egiten bada.  

Proiektu hori abian jarri zenetik, hogei bat ikastetxetako bostehun ikaslek baino gehiagok parte hartu dute, eta zuzenean parte hartu dute dekalogo eta proiektu jasangarriak egiten, Arabako hamasei herritako ikastetxe eta ikastoletan ezartzeko. 

Aurreko edizioetan, Egibideko Gizarteratzeko eta Ingurumeneko ikasleek desgaitasun maila desberdinak dituzten 24 pertsona prestatu dituzte birziklatze begirale gisa, gero haiek arduratu zitezen tailerrak emateaz eta beren hezkuntza ingurunean ingurumena hobetzeko "proiektu pilotuak" aurkezteko aukera emango duten tresnak emateaz. Sentsibilizazio kanpaina hori milaka arabarrengana iritsi da, eta lurraldeko 500 ikasle baino gehiagori prestakuntza eman zaie sortzen ditugun hondakinak bereizteko, murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko, bigarren bizitza bat izan dezaten. 

"Zure hondakinen atzean ikusten duzuna baino gehiago dago" proiektua proiektu integratzailea eta zeharkakoa da, eta xede du balioak oinarri hartuta heztea, eta aniztasun intelektuala duten pertsonen ekarpena ikusaraztea eta balioestea, haiek gizarteratzea ahalbidetzeko eta gure hondakinen kudeaketa jasangarriagoa bultzatzeko. Hezkuntza esparru zehatzean hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta bereizteko jardunbide egokiak zabaltzea ere badu helburu, baina ikasgeletako horma fisikoak gaindituta, ekimenean parte hartzen duten pertsonen eta haien ingurukoen etxeetan ere sartzeko. Era berean, kontsumo ohiturak aldatu nahi ditu, eta kontsumo txikiagoaren eta arduratsuagoaren alde egin. 

Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi