Foru Aldundia | 2022 06 27

Bost proiektuk jasoko dute ostegunean Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2022 aintzatespena

Proiektuak honako erakunde hauek gauzatu dituzte: Afaraba, Asafes, Bideberria foru zentroa eta Urgatzi elkartea, Gurutze Gorria, eta FotoGasteiz Gasteizko Argazkilari Elkartea

Aintzatespen horiekin, Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak ekimenen balioa nabarmendu nahi du eta gizarte erakunde guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatu

Gasteiz, 2022ko ekainaren 27a. Bost proiektuk jasoko dute ostegunean Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2022 aintzatespena: ‘Bidaiatu dezagun zure memoriaren barrualdera’, Afarabak gauzatua; ‘Erroak Gaztegunea’, Asafes elkartearena; Urgatzi elkarteak kudeatzen duen Bideberria foru zentroko ‘Solo críos, críos solos’ antzezlana; Arabako Gurutze Gorriaren ‘Lehen urratsa’, eta ‘Emozioa-Artea’, FotoGasteiz Gasteizko Argazkilari Elkarteak abian jarria, Autismo Araba elkartearen laguntzarekin.

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak, horrela, erakunde horien lan ona aitortuko du, sektorean lan egiten dutenak motibatzeko asmoz, abian jar ditzaten ezagutzera eman eta aintzatetsi daitezkeen ekimen berritzaileak, bai eta gizarte erakunde guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatzeko ere.

Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokitzat jotzen da Arabako Lurralde Historikoan iaz egindako proiektu, jarduera eta esperientzien multzoa, zeinak erabiltzaileen, familien eta profesionalen bizi kalitatea sustatzen lagundu baitu, baliabide, zerbitzu eta programa desberdinetan, kalteberatasun eta ahultasun handiagoa duten pertsonei laguntzea abiapuntu harturik, eta afektua eta emozioak izanik ezaugarri komun.

Arabako Foru Aldundiak marka propioa sortu zuen iaz, BeBai, Arabako Lurralde Historikoan gizarte zerbitzuen arloan behar bezala jarduteko erreferentzia izan nahi duena. 2022ko deialdiaren berritasuna da orain arte gertatzen zen bezala Gizarte Ongizaterako Foru Institutuak, haren erakunde laguntzaileek eta Indesa 2010ek parte hartzeaz gain, parte hartzeko aukera eman zaiela lurraldean gizarte alorrean lan egiten duten Hirugarren Sektore Sozialeko eta pribatuko erakunde guztiei ere.

Hauek dira BeBai 2022 aintzatespena jasoko duten proiektuak:

  1. ‘Bidaiatu dezagun zure memoriaren barrualdera’, Afaraba Alzheimerra eta beste Dementzia batzuk dituzten Pertsonen Senide eta Adiskideen Elkartearena

Alzheimerraren munduko eguna zela eta, erakundeak unitate mugikor bat egokitu zuen, aldaketa kognitiboak nabaritu zituzten arabarrei testak egin eta gizarte orientazioa emateko. Furgoia Arabako hiri eta landa eremuetara eraman zuten. Ekimenak 200 bat pertsonarengana iristea lortu zuen. Guztira 25 pertsona bideratu zituzten osasun eta gizarte zerbitzuetara eta elkartearen programetara.

  1. ‘Erroak Gaztegunea’, Asafes Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartearena

Proiektuaren helburua da gaixotasun mentala duten 16 eta 30 urte bitarteko gazteen bizi kalitatea hobetzea, bizi proiektuaren haustura denbora murriztuz diagnostikoaren eta laguntza baliabideak eskuratzearen artean. Hamar pertsonak hartu zuten parte proiektuan. Parte hartzaileen erdiek lan kontratu bat lortu zuten erakundearen enplegu zentro berezian.

  1. Urgatzi elkarteak kudeatzen duen Bideberria foru zentroan bizi diren eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrek ‘Solo Críos – Críos Solos’ antzerki proiektuan parte hartzea

Bederatzi adingabek hartu zuten parte, Zanguango Antzerki konpainiarekin batera, hiru euskal hiriburuetako antzokietan antzeztu zuten antzezlanean. Bakarrik dauden adingabe atzerritar batzuen historian oinarritzen da gidoia. Nabarmentzekoa da ikuskizuna titulartasun publikoko Antzerki, Auditorium, Zirkuitu eta Jaialdien Espainiako Sareak hautatu duela gomendatutako ikuskizun gisa.

  1. ‘Lehen Urratsa’, Gurutze Gorriarena

Etxerik gabe dauden edo egoera horretan egoteko arriskuan dauden pertsonei gizarte laguntza eta akonpainamendua emateko proiektua. Proiektua 22 parte hartzailerekin hasi zen, eta, azkenean, alta eman zieten hainbat arrazoirengatik: DBE eskuratzeagatik, lanean hasteagatik edo bizitoki baliabide bat aurkitzeagatik.

  1. ‘Emozioa–Artea’, FotoGasteiz Gasteizko Argazkilari Elkartearena

Proiektu honek emozioak argazkien bidez ezagutzea bateratzen du. Proiektuak abiapuntu printzipiotzat hartzen du autismoaren espektroko nahastea duten haurrei gaitasun emozionalak garatzen lagun diezaiekeela irudiak komunikatzeko modu gisa erabiltzeak. Proiektuan Araba Autismoa elkarteko 12-19 urteko bederatzi gaztek hartu dute parte. Guztira hamaika saio egin zituzten, eta argazki erakusketa bat eta bideo dokumental bat egin zituzten.

Sariak emateko ekitaldi instituzionala datorren ostegunean, ekainak 30, izango da, Gasteizko Europa Jauregiko Francisco de Vitoria auditoriumean. Hona hemen programa:

11:00 Ongietorria: Gizarte Politiken Saileko foru diputatua, Emilio Sola Ballojera

Hitzaldia, ‘La mejora de la calidad de vida: buenas prácticas y prácticas basadas en la evidencia’, Miguel Ángel Verdugo Psikologiako katedradunaren eskutik, Salamancako Unibertsitateko Komunitatean Integratzeko Unibertsitate Institutuaren (Inico) sortzailea eta zuzendaria.

11:45: Kafe-atsedena

12:00: Proiektuen aurkezpena

Aitorpenak banatzea

Amaiera: Arabako diputatu nagusia, Ramiro González

12:45: Ekitaldiaren itxiera BeBai moduan

Foru Aldundia Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi