Ingurumena | 2022 03 17

Informazio saioak hasi dira Arabako kuadrilletan EKIOLA energia kooperatibak ezagutarazteko

Martxoaren 21ean, astelehena, Duran aurkeztuko da, 19:00etan, administrazio batzarraren erabilera anitzeko lokalean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 17a. EKIOLA Araba proiektuak urratsak ematen jarraitzen du, erabilgarri baitaude lurraldeko kuadrilletan etorkizuneko azpiegitura fotovoltaikoak hartuko dituzten lursailak.

Hemendik aurrera fase berri bat hasiko da, herritarrei informazioa ematekoa, proiektuaren xehetasun zehatzak eta energia kooperatiben modeloa ezagutarazteko, bai eta IDAEri eskatu zaizkion laguntzak ere, azkenean proiektuan parte hartu nahi duten erabiltzaileentzat izango baitira.

Datozen asteetan zehar, kuadrilla bakoitzeko eta bertako udalerrietako auzotarrei aurkeztuko zaizkie proiektuak, baita kooperatibetan parte hartu nahi duten autonomoengana, enpresa txikietara eta lehen sektorearekin lotutako enpresetara hurbiltzeko helburuarekin ere.

Zehazki, martxoan hasiko dira informazio saioak. Lehenengoa Duran egingo da, hilaren 21ean, astelehena, 19:00etan, administrazio batzordearen erabilera anitzeko lokalean; hilak 22, asteartea, ordu berean, Dulantzin, Micaela Portilla Kultura Etxean; Izarrako hitzordua hilaren 23an izango da, asteazkena, arratsaldeko zazpiretan, Kultura Etxean; eta Agurainen, hilaren 24an, 19:00etan, Harresi aretoan.

EKIOLA Araba proiektua Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen Sailari atxikitako ENARGI ARABA sozietate publikoaren eta Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon taldearen EKIOLA Energi Sustapena izeneko partaidetzako sozietatearen konpromisoaren emaitza da, eguzki teknologia fotovoltaikoarekin banatutako energia sortzeko proiektuak bultzatzeko, kontsumo kooperatibek kudeatuta eta herritarren partaidetzarekin.

EKIOLA: zero kilometroko energia sortzeko kooperatibak

EKIOLA ekimen bereziki esanguratsua da, herritarren parte hartze handienekoa, asmo eta xede hauek dituena: integrazio masiboko eredu bat izatea, ezartzen den udalerri bakoitzeko energiaren ikuspegia aldatzea, bizilagunak autokudeaketa kooperatiboko errealitate batean integratzea, eta erantzutea eskaera pertsonal bati, tartean dagoen herritar bakoitzari konponbide integral bat emateko premiari.

Ekimena EAEn energia aldaketaren Europako Estrategia bultzatzeko eta gauzatzeko sortu zen eta herritarrek euren kontsumorako energia berriztagarriak sortzeko eta kudeatzeko duten gaitasunean oinarritzen da.

Formatu kooperatiboko energia komunitateak sortzeak, sistema elektrikoaren barruan zeregin bat betetzen badute, aukera emango du hainbat proiektu bideratzeko energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioak eraikitzeko eta kudeatzeko, kokatuta dauden tokiko edo eskualdeko administrazioen bultzadarekin.

Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, sortze kostu egonkorrarekin, eragiketa epe oso luzearekin (gutxienez 25 urte), eta pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko da; horrela, instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte.

Ingurumena Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua Ingurumena

Josean Galeraren adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi