Kultura | 2021 03 17

Kultura Sailak Plan A delakoari lotutako gastu arrunterako 250.000 euroko dirulaguntza onetsi du

  • 275.000 eurora arte handitu ahal izango da, eta kultura sektoreak apirilaren 23ra arte dauka izena emateko.
  • Diruz lagundu daitekeen aldia 2020ko uztailaren 1etik 2021eko otsailaren 28ra bitartekoa izango da, eta gastuen %100 lagunduko da diruz, 6.000 eurora arte.
  • Gaur, 17:00etan, informazio saio bat izango da bideokonferentzia bidez, eta izena eman daiteke oraindik www.kulturaraba.eus web orrian.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a.  Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko kultura eta sormen sektorearen gastu arrunta finantzatzeko 2021eko ekitaldiko ezohiko laguntzen deialdia aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Laguntza horrek 250.000 euroko zenbatekoa du, eta 275.000 eurora arte handitu ahal izango da.

Deialdia aurreko urtekoaren antzekoa da, “baina sektoreak berak proposatutako berrikuntza batzuk sartu ditugu, eta horrekin entzute aktiboko ariketa sakona egin dugu”, adierazi du Del Valek. Lehenengo aldaketa zenbatekoa eta formula dira; izan ere, foru arduradunak adierazi duenez, “Iaz erabili ziren 210.000 euroak baino 40.000 euro gehiagoko aurrekontua egin dugu, baina, aldi berean, formula bat erabili nahi izan dugu, uste baino eskaera gehiago jasoz gero, 25.000 euro gehiago eman ahal izateko, 275.000 eurora arte”.

Dirulaguntzaren xedea da kultura eta sormen sektorearen esparruan jarduera ekonomikoa erregulartasunez (profesionaltasuna eskatzen da) gauzatzen duten profesional autonomoei, ETEei eta mikroenpresa kategoria duten elkarteei gastu arrunta finantzatzea, egoitza soziala eta fiskala lurraldean edo enklabean badute.

Onuradunak iazkoen antzekoak dira (oinarrietan azaltzen dira), baina iaz baino gehiago dira, honako hauek, besteak beste:

  • Liburuen txikizkako eta handizkako merkataritza (hau da, liburu dendak eta banatzaileak)

  • Musikaren arloko txikizkako merkataritza (instrumentu dendak edo disko dendak).

  • Ikus-entzunezkoen sektorea (zinema aretoak, ikus-entzunezkoen produkzio, banaketa eta erakusketa enpresak).

Gutxi gorabehera iazko gastu berberak lagun ahal izango dira diruz, baina honako hauek ere gehitu dira:

  • Enpresaren titulartasuneko ibilgailuak erosteko maileguen kuotak (amortizazioa + interesak)

  • Negozioaren digitalizaziotik edo prozesu digitaletatik eratorritako gastu arruntak

  • Segurtasun arrunteko elementuen ohiko gastuak, baita COVID-19arekin zerikusia dutenenak ere

  • Iaz baztertu egin ziren zerbitzu independenteetatik auditoretzak edo auditoretzetatik eratorritakoak, eta aurten abokatuekin eta notarioekin batera sartu dira.

Langileen gastuak eta gizarte segurantzako kotizazioak kanpoan geratu dira aurten ere.

Beste ezaugarri batzuk:

  • Diruz lagundu daitekeen aldia 2020ko uztailaren 1etik 2021eko otsailaren 28ra bitartekoa izango da.

  • Gastuen % 100 lagunduko da diruz, eta gehienez 6.000 euro emango dira.

  • Aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Deialdia martxoaren 24an argitaratzea aurreikusten da; beraz, epea apirilaren 23ra artekoa izango da, ziurrenik.

  • Izapidetzea elektronikoa izango da. Horrela, teknologia berriak erabiltzea ahalbidetuko da, eta eskatzaileek ez dute joan-etorririk egin beharko. Gainera, egoitza elektronikotik bertatik egin ahal izango dute eskaeraren egoeraren jarraipena. Jakina, izapideak modu elektronikoan egitera behartuta ez dauden pertsonek aurrez aurre egin ahal izango dituzte.

  • Dirulaguntza, gainera, bateragarria da beste administrazio batzuenekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago.

KulturAraba Bulegoak bilera bat deitu du gaur, 17:00etan, Zoom bidez, deialdiaren berri emateko eta agenteekin zalantzak argitzeko. Ordubete lehenagora arte eman ahal izango da izena, eta gehienez ere 100 parte hartzaile izan ahalko dira. Interesa dutenek honako web orri honen bidez eman dezakete izena: www.kulturaraba.eus.

Entzute aktiboa

 “Argi geneukan deialdi hau errepikatu behar genuela, baina, hori bai, eragileek beraiek proposatutako aldaketak eta hobekuntzak txertatuta”, adierazi du Del Valek, zeinak azaldu baitu iazko deialdia ebatzi bezain laster, deiak egiten hasi zirela, “deialdiaren onuradun izan ziren pertsonei ez ezik, eskaerarik aurkeztu ez zuten enpresa edo sortzaileei ere, deialdiari buruzko azterketa egin ahal izateko eta nola hobetu jakiteko”.

Hala, deialdian parte hartu ez zuten eragilez osatutako lagin zabal bat hartu zuten. Lagin horretan hainbat azpisektoretako eragileak zeuden: pintura, musika, idazketa, marrazketa, edizioa, diseinu grafikoa, publizitatea, argazkilaritza, instrumentuen fabrikazioa, arkeologia, artisautza, arte galeriak, dantza, kultura kudeaketa eta ekitaldien antolaketa. Eta horietako 76ri deitu zieten telefonoz.

46rekin harremanetan jartzea lortu zuten, eta galdetegi bati erantzun zioten. Erantzunak aztertuta, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • 18k ez zuten deialdiaren berri izan

  • 28k deialdiaren berri izan zuten baina, hainbat arrazoi zirela medio, ez aurkeztea erabaki zuten:

    • 11k pentsatu zuten deialdia ez zela haientzat

    • 7k pentsatu zuten beren egoera ez zela horren txarra

    • 5ek uste zuten oinarriak korapilatsuak zirela, edo arazoak zituzten autonomoen altarekin, edo uste zuten dirulaguntza ez zela bateragarria beste dirulaguntza batzuekin.

Gehienek eskerrak eman zizkioten Kultura eta Kirol Sailari erakutsitako interesagatik eta “oso beharrezkotzat” jo zituzten deitutako laguntzak; deialdia positiboki baloratu zuten eta hurrengo deialdietan kontuan hartu beharreko zenbait gastu zehatz aipatu zituzten. Esaterako, digitalizaziorako, web orrietarako eta softwarerako laguntzen beharra aipatu zuten.

“Ebaluazio horrek, eguneroko harremanarekin batera, sektorearen egungo egoerari buruzko informazio asko eman digu, eta informazio hori gure epe labur, ertain eta luzerako politiketan erabili ahal izango dugu, lurraldearen kulturaren mesedetan. Deialdi honetan aldaketak egitea izan da epe laburreko ondorioa. Epe ertainean, informazio horrek ondorioak izango ditu etorkizuneko deialdietan, eta, epe luzean, Kulturaren Plan Estrategikoan, zeinaren helburua baita ahalik eta gaurkotuen egotea, bereziki bizi dugun egoera berezia dela eta”, adierazi du Del Valek.

Kultura Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi