Kultura | 2021 03 31

Kultura Sailak lehiaketara atera du Arabako Antzinako Musikaren Astearen zuzendaritza artistikoa

  • Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 19an amaituko da.
  • Asteak zuzendari artistikoa izan zuen iaz, lehenbizikoz, eta egindako lan onaren ondoren eta gardentasuna eta parte hartzea hobetzeko, lehiaketara ateratzea erabaki da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 31a.  Ana del Valek zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailak lehiaketara atera du, lehenengoz, Arabako Antzinako Musikaren Astearen zuzendaritza artistikoa. Lizitazio prozedura irekiaren bidez kontratatuko da. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 19an amaituko da.

Arabako Foru Aldundiak antolatzen dituen programetan finkatuenetako bat da Arabako Antzinako Musikaren Astea. Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Barrokoko antzinako  musikarik onena eskaintzen du urtero, nagusiki Europakoa, baina beste musika tradizio batzuetakoa ere bai. Urtero iraileko lehen hamabostaldian egiten da Gasteizko Santa Maria katedralean, Done Petri Apostoluaren elizan eta Arabako Arte Ederren Museoan, bai eta Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko beste herri batzuetan ere. 2022an berrogeigarren edizioa izango du.

Jaialdiaren eredua indartu eta eguneratzeko asmoz, iaz, Antzinako Musikaren Asteak zuzendari teknikoa izan zuen lehenbizikoz, eta Carmen Martínez Guerrak bete zuen eginkizun hori. “Egin zuen lanari esker esperientzia ona izan zenez, eta era horretako prozesuetan gardentasuna eta parte hartzea hobetzeko asmoz, hain zuzen ere jaialdiaren eredua indartzeko helburuan sakontzen jarraitzeko, abian jarri da deialdi hori, Musikaren Astea finkatzen eta berritzen lagunduko duela sinetsita, eta musika jasoaren arlo zehatz honetan prestakuntza handia duten adituen lankidetza erakartzeko premisarekin”, adierazi du Ana del Val foru diputatuak.

Zuzendari artistikoak programazio proposamen bat egingo du Arabako Antzinako Musikaren Asterako, kalitate eta bikaintasun artistikoko irizpideen arabera. Proiektu artistiko horrek barnean hartu beharko du programazioaren diseinurako eta emanaldi eta ekoizpen artistikoaren plangintzarako jarduera plana, azken hori Kultura Ekintza Zerbitzuaren ikuskaritzapean. Zuzendari artistikoaren egitekoa izango da, halaber, egindako programazioaren amaierako memoria egitea.

“Sailak uste du antzinako musikaren arloan prestakuntza handia duten adituen lehiaketaren bidez soilik lortuko dela kalitatezko programazio erakargarria eskaintzea jendeari, Arabako Antzinako Musikaren Astea berriz sar dadin genero horretako Europako jaialdi handien testuinguruan”, esan du foru arduradunak. “Talentua biltzeko eta erakartzeko modu bakarra CVak eta programa proposamen arrazoituak eta ondo zehaztuak balioestea da. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, ahalbidetuko du programazio berritua prestatzea, egindako bidea sendotu dezan eta kultura eskaintzaren berezitasuna sustatu dezan, zuzendaritza artistikoak Arabako Antzinako Musikaren Asteari emango dion bikaintasunetik”, azaldu du, amaitzeko, Del Valek.

Kontratuak 13.000 euroko aurrekontua izango du, BEZa barne. Horrez gain, jaialdiaren aurrekontuan gutxi gorabehera beste 54.000 euro ere badaude, jaialdia programatu, ekoitzi eta sustatzeko.

Kultura Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi