Kultura Sailak kluben mantentze gastuetarako 85.000 euroko dirulaguntza onetsi du, A Planari loturikoa - arabapress
Kultura Sailak kluben mantentze gastuetarako 85.000 euroko dirulaguntza onetsi du, A Planari loturikoa
- Diruz lagundu daitekeen aldia 2020ko uztailaren 1etik 2021eko apirilaren 30era bitartekoa izango da, eta gastuen % 100 lagunduko da diruz, 5.000 eurora arte.
- Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 11n amaituko da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 12a. Gaur argitaratu da ALHAOn Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko kirol klub eta elkarteen mantentze gastuetarako A Planari loturiko dirulaguntzen deialdia, zeinak 85.841,64 euroko aurrekontua izango baitu.
Deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea kirolaren sektorearen indarberritzea sustatzeko eta, bereziki, COVID-19aren eragina jasan duten lurraldeko kirol klub eta elkarteak mantentzeko. Iaz, hain zuzen ere, 61 entitate izan ziren onuradunak.
Diruz lagundu ahal izango dira 2020ko uztailaren 1etik 2021eko apirilaren 30era bitartean egindako gastu eta kontzeptu hauek: instalazioen alokairua, kredituen amortizazioa, aholkularitza eta gestoria, komunikazioa eta zabalkundea, lizentziak, fitxak, inskripzioak eta kirol mutualitateak, bulego eta kirol materiala, eta abar.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuaren hitzetan, “Gastu mota horiek urte osoan zehar mantendu dira eta laguntzari esker, iaz bezala, klubek arindu ahal izango dute, hein batean, pandemiaren ondorioen inpaktua, eta espero dugu horri esker iraun ahal izatea azkena izango dela espero dugun kirol ikasturte hain ezohiko honetan”.
Laguntza hori gehitzen zaio iragan hilabetean Kirolaraba fundazioak iragarritako 225.000 euroko dirulaguntzari. Haren bidez, goi mailako klubak lagunduko dira diruz, eta hura ere Arabako kirolerako erreskate plan bihurtu da; izan ere, aurten, aldaketak egin dira oinarrietan. Hilaren 15ean amaituko da eskaerak aurkezteko epea.
Gainera, aurten, aurreikusita aukera handiagoa egongo dela kirol ekitaldiak egiteko, bereziki urteko bigarren seihilekoan, 136.000 euro gorde dira horrelako ekitaldiak edo haiei loturikoak bultzatzeko edo babesteko. Zenbateko horretatik 90.000 euro kirol arloan A Planerako aurrekontuan jasotako gainerako diru kopuruari lotuta daude, eta urteak aurrera egin ahala jakingo dugu nola gauzatuko den zenbateko hori (A Planean, guztira, 180.000 euro dira kirol arlorako, iaz bezala).