Errepideak eta Garraioak | 2021 10 04

Foru-aldundiak eta Udalak Olabide ikastolarako sarbidea hobetuko dute, espaloi eta bidegorri berriekin

  • 2022an egingo dira lanak eta 300.000 eurotik gora inbertituko da.
  • Ikasle ugarik erabiltzen duen eremu bateko bide-segurtasuna indartzea du xede.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 4a.- Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatuko dute Olabide ikastolarako eta inguruetarako sarbideak –ibilgailuenak, oinezkoenak eta txirrindularienak– konpontzeko lanak, ikasle ugarik erabiltzen duten eremu horretako bide-segurtasuna hobetzearren. Lanak 2022an egingo dira 300.000 euroko inbertsioarekin, eta galtzada handitu eta espaloi eta bidegorri berriak jarriko dira.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatu Blanca de la Peñak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu dute gaur proiektua, ikastetxera sartzeko errepidearen ondoan. Datozen asteetan, proiektu hori gauzatzeko hitzarmena sinatuko dutela iragarri dute. “Bide horren erabiltzaileen segurtasuna indartzea da xede eta, bestez ere, egunero ikastetxera doazen ikasle, irakasle eta gurasoena” azpimarratu dute.

De la Peñak adierazi duenez, bi erakundeetako teknikariak urtebetetik gora daramate proiektua zehazten, “Olabide ikastolarako sarbideak hobetu eta ikastetxerako A-4132 errepidearen azken zatian espaloi eta bidegorririk ez izateak dakartzan arazoak behin betiko konpontzeko. Horretarako, galtzada zabalduko da, eta espaloi eta bidegorri berriak jarriko dira errepide-zati horretan”.

“Bizilagun, ikasle eta gurasoen aldarrikapen historikoa zen ikastetxe horren ingurua oinezko eta txirrindularientzat hobetzea. Oraingoan, konponbide egokia eman diogu udalaren eta aldundiaren arteko lankidetzari esker. Gainera, esku-hartze hau laster Malizhaeza kalean hasiko dugunari gehituko zaio, honek ere oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak hobetuko baititu, ikastetxera zein inguruko biztanle-guneetara joateko” azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

Aldundiak eta Udalak batera esku hartuko dute A-4132 errepideko ia 300 metroko zatian, galtzadak 6 metrora zabaldu eta alboetan metro erdiko bazterbideak eta bi espaloi goratu jartzeko.

Iparraldeko espaloiak 6,5 metroko zabalera izango du, 2,5 metroko bidegorria barne; hegoaldekoak, berriz, zabalera aldakorra, ikastolako itxituretara arte: 9,00 metro, ikastolako sarbidera arteko zatian (bidegorria barne) eta  14,00 metro, errepidearen mugatik itxiturara. Lehen autobusak aparkatzeko erabiltzen zen lekua oinezkoentzako alderdia izango da.

Beraz, konponbide horrekin jarraitasuna emango zaio Lasarteko atetik datorren bidegorriari -egun ikastola ondoko biribilgunean amaitzen da–. Horretarako beste espaloi bat egingo da, eta ekialderantz egingo du A-4132 errepidearen iparraldeko ertzetik  ikastetxeko sarreraraino. Toki horretan oinezko eta txirrindularientzako pasabidea egingo da, behar bezala, seinaleztatuta, bidegurutzean ikuspena hobetzeko eta ibilgailuen abiadura moteltzeko.

Proiektuak halaber barne hartzen ditu energia-eraginkortasun irizpideak erabilita argiteria publikoa berritzea, errepideko drainatze-sistema  berritzea eta seinaleztapen horizontal eta bertikal berria jartzea. Era berean, ezponden eta obrek hartutako eremuen ingurumena lehengoratzeko lanak egingo dira.

Aurreikusitako aurrekontua 305.000 eurokoa da; Gasteizko Udalak  181.101 euro jarriko ditu eta aldundiak 123.313 euro. Foru Aldundia arduratuko da obrak lizitatzeaz, zuzentzeaz eta desjabetzeak tramitatzeaz.

Errepideak eta Garraioak Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua Bide azpiegiturak

Prentsa oharra

Jaitsi