Foru Aldundia | 2025 06 23

Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak Alerta Goiztiarra programaren beste edizio bat abiarazi dute

Doako programa bat da, Arabako txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna eta ikusgarritasuna sustatzen dituena.

Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a. Arabako Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak aurten ere "Alerta Goiztiarra" programa jarri dute abian. Ekimen hori erabat doakoa da, eta % 100 diruz lagundu da Arabako txikizkako merkataritzari bere salmenta puntua hobetzen, bezeroak erakartzen eta salmentak handitzen laguntzeko.

2016an abian jarri zenetik, 134 establezimenduri egin die mesede "Alerta Goiztiarrak", aholkularitza pertsonalizatua eta profesionala emanez negozio bakoitzaren behar espezifikoak identifikatzeko, ekintza plan zehatzak ezartzeko eta lehian daudenen aurrean nabarmentzeko. Aurten, programak 14 plaza eskaintzen ditu parte hartu nahi duten saltegientzat.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak azaldu du programa hori estrategia integral baten barruan dagoela, Arabako txikizkako merkataritzari laguntzeko eta babesa emateko "lehiakortasuna hobetzen, sustapenerako eta salmentarako teknologia berriak txertatuz, establezimenduak modernizatuz eta kudeaketarako tresna profesionalak erabiliz».

"Programa honetan parte hartzen duten negozioek analisi- eta plangintza-tresnak dituzte, negozioaren administrazioa optimizatzeko, merkataritza espazioa hobetzeko, eskaintza indartzeko eta, azken batean, bezeroak eta salmentak gehitzeko. Hori guztia adituen laguntzarekin eta aholkularitzarekin", gaineratu du.

"Alerta Goiztiarra" programak lau fase nagusi ditu:

  • Hasierako diagnostikoa: aditu baten bisita establezimenduaren egungo egoera aztertzeko eta hobetzeko aukerak detektatzeko.
  • Neurrirako ekintza plana: ibilbide orri argi eta pertsonalizatua ematea, epe labur eta ertainean saltegia sustatzeko.
  • Exekuzioan laguntzea: etengabeko aholkularitza eta euskarri teknikoa, telefonoz, linean edo aurrez aurre, identifikatutako arloetan espezializatutako adituekin.
  • Azken ebaluazioa: negozioaren bilakaera aztertzea eta ezarritako ekintzen eragina neurtzea.


"Alerta Goiztiarra" izenekoak, duela bederatzi urte abiatu zenetik, aholkularitza eskaini du sektorerako funtsezkoak diren arloetan, hala nola visual merchandising eta erakusleiho apainketan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (sare sozialak, datu baseak, etab.), bezeroari saltzeko eta arreta emateko tekniketan, komunikazio estrategian eta markaren posizionamenduan, eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioan.

"Alerta Goiztiarra"ren helburu nagusia saltegiei balizko arriskuei aurrea hartzen eta kudeaketa optimizatzen laguntzea da, merkatu gero eta zorrotzagoan lehiakortasuna hobetzeko. 

Parte hartzaileen testigantzen arabera: «Programak aukera eman zigun gure enpresa adituen begiekin ikusteko, baloratu ez genituen indarguneak eta hobekuntza arloak identifikatuz, iruditik hasi eta auzoko presentziaraino»; «Gomendioak ekintza errealistak dira, eta ez dira inbertsio handiak, funtsezkoa saltegi txikientzat»; «Sare sozialei buruzko aholkularitzak lagundu zigun gure denda proiektatzen eta linean ikusgarritasuna irabazten».

 

Izena ematea eta parte hartzea
Programa zuzenduta dago jarduera ekonomikoen gaineko zergaren 64., 65. edo 66. epigrafeetan alta emanda dauden eta jendeari saltzeko edo arreta emateko espazio fisiko bat duten Arabako txikizkako saltegiei. Parte hartzea erabat doakoa da, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren finantzaketari esker.

Argibide gehiagorako: https://www.camaradealava.com/es/programa-alerta-temprana helbidean dagoen liburuxkan, 945 141 800 telefonoan eta comercio@camaradealava.com helbide elektronikoan.

Izena emateko epea irekita dago eta inprimaki honen bidez egin daiteke.
 

Foru Aldundia Merkataritza

Prentsa Oharra

Jaitsi