Foru Aldundia | 2022 03 24

Foru Aldundiak eta Gasteizko Gotzaindegiak 545.000 euro inbertituko dituzte berriz ere ondarea zaintzeko

  • Caicedo Yusoko, Lapuebla de Labarcako, Eltziegoko eta Berrikaoko elizek 300.000 euro jasoko dituzte hainbat eratako zaharberritzeetarako
  • Ondasun higigarriei dagokienez, Mesantzako eta Zurbaoko erretaulak zaharberrituko dituzte, eta Menagarain, Guardian eta Agurainen hainbat esku hartze egingo dituzte, 80.000 euroko inbertsioarekin

Gasteiz, 2022ko martxoaren 24a.  Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Carlos García Llata Gasteizko Elizbarrutiko bikario nagusiak gaur aurkeztu dituzte Arabako Foru Aldundiko Batzorde Mistoak eta Gasteizko Elizbarrutiak ondarea zaintzeko 2022rako inbertsioei buruz hartu dituzten erabakiak. 545.000 euro inbertituko dituzte berriz ere bi erakundeen artean, zati berdinetan banatuta, eta horrela, ondarea zaindu eta kontserbatzeko konpromisoa berretsi dute.

Aurten luzatu diren hiru hitzarmenen eta batzorde tekniko bakoitzak egindako proposamenen arabera egiten dira inbertsioak. Lehenik eta behin, Gotzaindegiaren jabetzako ondasun higiezinak zaharberritzeko batzorde teknikoari dagokionez, erakunde bakoitzak 150.000 euro inbertituko ditu; beraz, guztira, 300.000 euro izango dira, lau proiektutarako:

  1. Caicedo Yusoko Jasokundeko Andra Mariaren eliza: prebentzio eta egonkortze neurriak (obrak eta zuzendaritza); 50.000 euro.

  2. Lapuebla de Labarcako Santa Maria eliza: obrak eta zuzendaritza; 142.000 euro.

  3. Eltziegoko San Andres eliza: proiektua, obrak (1. fasea) eta zuzendaritza; 100.000 euro.

  4. Berrikaoko Jaiokundearen eliza: proiektua; 8.000 euro.

Bigarrenik, Gotzaindegiaren jabetzako ondasun higigarrien batzorde teknikoari dagokionez, erakunde bakoitzak 40.000 euro inbertituko ditu; beraz, guztira, 80.000 euro izango dira, eta bost proiektutan inbertituko dituzte:

  1. Mesantzako Jasokundeko Andra Mariaren erretaula nagusia: 11.991 euro.

  2. Zurbaoko Done Eztebe elizako erretaula nagusia zaharberritzea: 34.000 euro.

  3. Menagaraiko Done Petri elizako Done Petri eta Done Joan elbarria sendatzen margolana zaharberritzea: 24.502 euro.

  4. Guardiako Santa Maria elizako portadaren kontserbazio egoera baloratzeko eta berrikusteko azterketak: 5.000 euro.

  5. Esku hartze puntuala Pachecori egotzitako Andra Maria Sortzez Garbiaren mihisean, Bastidan: 800 euro.

  6. Aguraingo Done Joan elizako alboko kaperako Karmengo Andra Mariaren erretaularen eskultura exentu bat edo batzuk zaharberritzen hastea: 3.707 euro.         

Hirugarrenik, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoaren batzorde teknikoari dagokionez, bi erakundeek 82.700 euro jartzea erabaki dute, iaz bezala. Horrela, aurreikusitako beste diru sarrera batzuekin batera, museoaren kudeaketa eta funtzionamendua bermatuko dute, bai eta balio artistikoa duten eta bi erakundeen eta partikularren jabetzakoak diren arte sakratuko piezak jendearentzako ikusgai izaten jarraitzea ere. Are gehiago, web orria diseinatu eta ezartzea aurreikusi dute, aretoak zaharberritzeko eta unean-unean egokitzeko lan espezifiko batzuk gauzatzea, eta Kexaako Museoko formatu txikiko hiru lan gehitzea.

Museoak 2021. urtean izan duen jarduerari dagokionez, bisitak normalizatuz joan dira pandemiaren aldirik zailena pasatu ondoren, eta horri esker, pasioaren ikonografian oinarritutako bisita tematiko berri bat abiarazi dute, baita Gotzaindegiaren Begi Arte proiektua garatu ere, Aste Santuan eta Gabonetan bisita gidatuak egiteko.

Horiek horrela, aurten 2019ko bisitari kopuru bera izan da ia; 15.000 bisitari, hain zuzen ere. Bisitak udan izan dira bereziki ugariak: 8.000 pertsona baino gehiago uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara.

Gainera, bilduma handitu egin da, bost obra berri jaso baititu museoak dohaintzan (kalitate oneko zilarrezko lau liturgia pieza eta egurrezko kristo moderno bat), eta Alanguako harrizko sagrarioa ikusgai jarri dute berriz, Arabako Foru Aldundiaren Zaharberrikuntza Zerbitzuak tratamendua amaitu ondoren. Zerbitzu horretan paperezko hainbat obra ere zaharberritu dituzte, eta 2022an jarriko dituzte ikusgai.

 Azkenik, museoak hainbat mailegu izapidetu ditu Burgosko katedraleko eta El Prado Museoko aldi baterako erakusketetarako (Esklabotzaren Ama Birjinaren tailua, “Edades del Hombre” erakusketarako, eta Villafuerteko markesaren koadroa, “Tornaviaje” erakusketarako). Amaitu gabe daude, aldiz, Zaragozako aldi baterako erakusketa batera El Grekoren eta José de Riberaren koadroak (San Frantzisko penitentzia egiten eta Done Petri, hurrenez hurren) eramateko izapideak.

Foru Aldundia Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi