Foru Aldundia | 2022 01 24

Foru Aldundiaren web orriko Laguntzaile Birtualak dagoeneko 2.000 herritarri baino gehiagori laguntzen die hilean lineako izapideetan

IBM Watson-en adimen artifiziala funtsezko tresna bihurtu da BAK txartelaren funtzionalitateak ezagutu nahi dituzten erabiltzaileentzat, eta haren funtzioak zabaltzen joango da

Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 24a. Arabako Foru Aldundiak IBM Garage-ren lankidetzarekin sortutako laguntzaile birtualak, erakundearen eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko, aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Gaur egun, elkarrizketa laguntzaile hori, adimen artifizialarekin indartua, hilean 2.000 elkarrizketa baino gehiago izaten ari da, araba.eus web orria bisitatzen duten pertsonei hainbat administrazio izapide egiten laguntzeko.

Hilabete hauetan, tresna eboluzionatu egin da, interakzioetatik ikasiz, erantzun eskuragarrien kopurua handituz eta arintasuna areagotuz bisitariei konponbideak eskaintzeko orduan. IBMren Watson Assistant eta Watson Discovery adimen artifizialaren ezarpenari esker lortu da hori.

Watson Assistant-ek adimen artifiziala erabiltzen du herritarren beharrak ulertzeko, eta, hala, erantzun azkarrak, koherenteak eta zehatzak ematen dizkie herritarren galderei, aldez aurretik trebatuta, arabarren eskakizunei erantzun ahal izateko.

Watson Discovery, berriz, jauzi kualitatiboa da laguntzaile kognitiboen beste eredu batzuekin; izan ere, laguntzaileari aukera ematen dio herritarren zuzeneko eta zeharkako galderen bilaketak egiteko, gordailu eredu baten bidez, zeinak elikatzen eta zabaltzen joan baitaitezke, laguntzailea berriz entrenatu gabe. Gaitasun horrek herritarrei begira hazteko aukera ematen dio zerbitzuari.

Laguntzailea abian jartzeko, IBMren Garage bat jarri zen abian. Inkubazio espazio hori konpainia teknologikoak erabiltzen du bezeroei laguntzeko zerbitzu gisa, teknologiak eta metodologiak garatzen laguntzeko helburuarekin. AKSAko langileek Garage-n lan egin zuten IBMko langileen laguntzarekin, eta hilabete eskasean garatu eta abian jarri zuten laguntzailea.

Proiektuaren testuingurua

Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiko Laguntzaile Birtuala Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu digitalen estrategiaren barruko ekintza gisa jarri da abian; izan ere, foru aldundiaren web orrira hurbiltzen diren pertsonen esperientzia optimizatu zezaketen zenbait ekintza identifikatu zituen.

Hortxe egin du lan intentsiboki erakundeak, Arabako Kalkulu Gunearekin (AKSA) batera, 2018an atari berri bat garatuz eta laguntzaile birtual berri hau abiaraziz, besteak beste.

Emaitza jauzi kualitatiboa da herritarrarentzat eta Arabako Aldundiarentzat berarentzat, administrazio publikoa den aldetik; izan ere, zerbitzu publikoa hobetzeaz gain, herritarrei arreta emateko orduan malgutasun eta kidetasun handiagoa eskaintzen duelako, denbora eta kostuak aurreztea dakar, lortutako eraginkortasun handiagoaren ondorioz.

Malgutasun eta kidetasun horren bila, Arabako Foru Aldundiak ahalegina egin du, gainera, Laguntzaile Birtualari erabiltzaile bakoitzari aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz erantzuteko behar diren hizkuntza trebetasunak emateko, eta horrek herritarrekiko komunikazioa errazten du, une bakoitzean erabili nahi den hizkuntza edozein dela ere.

Laguntzaile birtuala, hasieran, herritarrei BAK –lineako izapideak egin ahal izateko doako identifikazio eta sinadura elektronikorako tresna bat– kudeatzen eta izapidetzen laguntzeko sortu zen, eta herritarren arretan hazteko potentzial handia du, Watson teknologia bere gaitasunetan erabiltzen duelako. Garatzeko aukera hori oso erabilgarria izango da Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu digitalen estrategiarako.

Arabako Foru Aldundiaren estrategia digitala

Azkenik, nabarmentzekoa da egindako ekintzari dagokion estrategia. Bertan, Arabako Foru Aldundia eta AKSA herritarrei ematen zaizkien zerbitzu digitalen diseinuan baliabideak optimizatzen saiatzen dira.

4-1 ideiari eusten zaio oraindik ere, 4 aldiz handiagoa baita zerbitzua hobetzeko ahalegina, erabilgarriagoa izan dadin (UX – User Experience) eta laguntza gutxiago behar izan dezan. Hartara, laguntzaile birtualaren bilakaera neurtuagoa izango da zerbitzu digitalen bilakaera azkarragoa izan dadin eta pertsonek ahalegin txikiagoa egin behar izan dezaten haien erabileran.

Halaber, Arabako Foru Aldundia aztertzen ari da adimen artifiziala erabiltzeko beste eremu batzuk, bere osotasunean hobetzeko.

 

Foru Aldundia Euskara

Prentsa oharra

Jaitsi