Indesa enplegu zentro bereziak bere langileak omendu ditu pandemian egindako oinarrizko zerbitzuengatik - arabapress
Indesa enplegu zentro bereziak bere langileak omendu ditu pandemian egindako oinarrizko zerbitzuengatik
30. urteurreneko ekitaldiak zentroan denbora gehien lanean daramaten langileei omenaldia egiteko ere balio izan du


Gasteiz, 2022ko azaroaren 15a. Indesa 2010 enplegu zentro bereziak bere 30. urteurrena dela-eta gaur arratsaldean egin duen ekitaldian eskerrak eman dizkie erakutsitako konpromisoagatik koronabirusaren pandemiaren unerik txarrenean ezinbestezko oinarrizko zerbitzuak egin zituzten langileei, hala nola ospitaleetako ikuztegiko lanak edo egoitzetako garbiketa eta sukaldekoak. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak bere hitzaldian nabarmendu du Indesak Arabako gizartearentzat egiten duen lanaren garrantzia, Araban desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egiten duen ezinbesteko lana, eta zentroan lan egiten dutenen konpromisoa eta profesionaltasuna, zeinei bereziki eskerrak eman baitizkie pandemian lehen lerroan egindako lanagatik.
Aurten, hiru hamarkada bete dira Indesa sortu zenetik. Zentro horrek desgaitasuna duten Arabako pertsonentzako enplegu aukerak sortzen ditu, kalitatezkoak, jasangarriak eta pertsonen ezaugarrietara egokituak, haien laneratzea eta gizarteratzea lortzeko bitarteko gisa. Gaur egun, Indesa administrazio publikoen partaidetzako sozietatea da —Arabako Foru Aldundiarena da zatirik handiena—. 900 pertsona baino gehiago ditu bertan lanean, eta hamarretik bederatzik desgaitasunen bat du. Indesan lan egiten duten eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen artean gehienek (% 55) adimen desgaitasuna dute.
Osakidetzaren Arabako eta Debagoieneko ESIetarako garbitegi industrialeko lanak, Foru Aldundiko lorategien eta parkeen mantentze lanak, Gasteizko Udaleko gizarte etxeen garbiketa, Forondako Aireportuko kafetegiaren kudeaketa edo foru egoitzetako catering-a dira, besteak beste, Indesan lan egiten duten emakumeek eta gizonek egunero egiten dituzten zereginetako batzuk.
Sozietatearen 30. urteurrena ospatzeko, gaur arratsaldean ekitaldi bat egin da Europa Jauregian, Indesako langileak, erakunde eta enpresa laguntzaileak eta erakundeetako ordezkariak bertan zirela. Ekitaldian, zentroaren historiari buruzko oroitzapen liburu bat aurkeztu da eta erakundean denborarik gehien daramaten langileei oroigarria eman zaie.

