Maeztu eta Elortza arteko A-3114 errepideko zirkulazioa martxoaren 24ra arte itxiko da, hobekuntza lanak direla-eta - prentsa
Maeztu eta Elortza arteko A-3114 errepideko zirkulazioa martxoaren 24ra arte itxiko da, hobekuntza lanak direla-eta

Gasteiz, 2025eko martxoaren 7a.- Maeztu eta Elortza herrien arteko hobekuntza lanak direla eta, A-3114 errepideak martxoaren 24ra arte itxita jarraituko du, Igoroin ibaiaren gaineko zubi berriaren eta egokitutako tartearen amaieraren arteko asfaltatze lanak amaitzeko eta obrak egiten diren bitartean gidarien segurtasuna zaintzeko.
Errepidea datorren astelehenean, martxoak 10, ireki behar zuten berriro, baina bi aste luzatu dute, errodadura geruzaren hedapena etenik gabe egiteko. Eremu horretan, eraginpeko herriguneen arteko lotura bermatuta geratuko da, orain arte bezala, ibilbide alternatiboen bidez.
2023ko abenduan hasi ziren A-3114 errepidea egokitzeko proiektua gauzatzen, errepidearen segurtasuna indartzeko xedez. Horretarako, honako lanak egiten ari dira: galtzada zabaldu, bihurgune arriskutsuak kendu, Elortzan espaloi berriak eta oinezkoentzako ibilbide seguruak sortu, eta Aletxarantz doan A-4145 errepidearekiko bidegurutzea hobetu.
Esku hartzearen barruan sartzen da, halaber, bi zubi berri eraikitzea, bata, Berron ibaian, eta, bestea, Igorin ibaian (Elortzako zubia).
Trafikoa eteten den bitartean, sarbideak honela bermatuko dira:
-
Zekuianoko eta Elortzako guneen arteko lotura bermatuta dago ibilgailu arinentzat, A-3114 errepidearen eta A-4145 errepidearen bidegurutzetik doan ibilbide alternatiboaren bidez, A-4145 errepidetik 28+190 kp-raino, Aletxa herriaren inguruan, eskuinaldetik abiatu eta A-4144 errepiderako sarbidea ematen duen bidetik jarraituz, Zekuiano herriaren inguruan, A-4144 errepidetik jarraituz A-3114 errepidearekiko bidegurutzeraino.
Desbideratze hori ez da bideragarria ibilgailu astunentzat, eta, beraz, beste desbideratze bat proposatzen da haientzat.
-
Arraia-Maeztuko udalerrian dagoen Laminoria harrobira sartzeko edo bertatik irteteko Maeztun A-132 eta A-3114 errepideen arteko bidegurutzea erabiltzen duten kamioientzat proposatzen da, funtsean, ibilgailu astunentzako desbideratzea. Desbideratzea Egiletan hasten da, hain zuzen, A-132 eta A-3112 errepideen arteko bidegurutzean; A-3112 errepidetik jarraitzen du, A-3110 errepidearekiko bidegurutzeraino, Dulantziko herriaren inguruan, eta azken hori hartu behar dute kamioiek Jauregi herriraino. Han, Laminoriako errepidetik iritsi daitezke harrobiraino.
Gainera, A-3114 errepidetik A-132 errepidera sartzeko A-2128 errepidetik A-3114 errepidera sartzen den ibilgailu astun oro Santikurutze Kanpezuraino desbideratuko dute.
Desbideratze horiek behar bezala seinaleztatuta daude.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak trafiko mozketaren handitzearen eta desbideratze alternatiboen berri eman die Arraia-Maeztuko eta Haraneko udalei, Maeztuko, Laminoriako Errege Haraneko, Sabandoko eta Done Bikendi Haraneko administrazio batzarrei eta Arabako Mendialdeko Kuadrillari.
Halaber, errepide mozketaren berri eman zaie Errepideak Kontrolatzeko Zentroari, Babes Zibileko eta Miñoietako Zerbitzuari, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzari, Arabako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari eta Osakidetzari.