Kirola | 2022 02 18

Eskola kirolak badu dagoeneko ikuskapen arautegi bat

  • Arautegi horrek 2020ko urrian onetsitako Eskola Kirolaren Foru Araua garatzen du.
  • Bere xedea ez da zehapenak jartzea, programaren helburu publikoak betetzeko zuzendu behar diren jarduerak edo egoerak antzematea baizik.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 18a. Arabako Foru Aldundiaren eskola kiroleko programak ikuskapena arautzen duen arautegi bat du, Batzar Nagusiek 2020ko urriaren 28an onetsi zuten Eskola Kirolaren 21/2020 Foru Araua garatzen duena.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak aurkeztu du gaur batzordean, eta hark ziurtatu du arautegi horren helburua (zehazki, azaroaren 18ko 320/2021 Foru Agindua) "ez dela zehapenak jartzea, baizik eta baimenduta ez dauden jarduerak edo egoerak antzematea eta zuzentzea, berriro gerta ez daitezen, eta, horrenbestez, kirolaren helburu publikoak betetzea". "Argi geratu beharra dago -azpimarratu du- kontua ez dela kirol eragileek ez dutela arautegia betetzen, egia bada ere normalean ezjakintasunagatik edo urteetan errotutako ohiturengatik hobetu daitezkeen egoerak daudela. Hau da, arautegia berme bat da".

Arautegiak honako hauek biltzen ditu:

  • Eskola kirolaren arloko lege xedapenak betetzen direla zaintzea eta kontrolatzea.

  • Hezkuntza balioak betetzen direla gainbegiratzea.

  • Kirol erakundeei aholkularitza, orientazioa eta argibideak ematea.

  • Ustezko arau hauste edo irregulartasunei buruz erakundeei eta/edo pertsonei egindako erreklamazioak eta salaketak egiaztatzea.

  • Dirulaguntzak lortzeko emandako datuak egiaztatzea.

  • Ikuskapen baten ondoren aktak egitea.

  • Ikuskapenaren azken txostena egitea.

  • Gainera, Aldundiak kontratatutako garraioa ikuskatzeko gaitasuna ematen du, eskola umeen joan-etorriak errazteko asteburuetan.

  • Jakina, programatik kanpoko edo horretarako gaituta ez dauden egunetan egiten diren jarduera guztiek Aldundiko kirol zerbitzuaren baimena dutela gainbegiratu ahal izango da.

Ekintza horiek guztiak Arabako Foru Aldundiko Kiroleko goi mailako teknikariek egingo dituzte. Teknikari horiek horretarako gaitu dira, eta une honetan prestakuntza prozesuan daude, erakundeetan ikuskapenak zorrotz eta zuzen egin ditzaten.

Prestakuntza hori amaitutakoan, hurrengo fasera igaroko gara, hau da, bisita eta jarduera plan bat egitera kirol zerbitzuaren ekimenez, erreklamazio edo salaketaren baten ondorioz egiten direnez gain.

"Ikasturte honetan, beraz, pixkanaka-pixkanaka ezartzen ari dela esan genezake, 2022-2023 ikasturtearen hasieran behin betiko ezartzeari begira", esan duenez. "Eta, jakina, federazioei, klubei, gurasoen elkarteei eta eskola kirolean parte hartzen duen beste edozein erakunderi jakinaraziko diegu, eta azalduko diegu zertan datzan eta zein den abian jartzen dugun prozedura", adierazi du.

Beste arautegi batzuk

Batzordeak Eskola Kirolaren Foru Araua garatzen duten beste bi araudiak azaltzeko ere balio izan du. Zehazki, eskola kiroleko programak arautzen dituen araudia (50/2021 Foru Agindua) eta 2021/2022 ikasturteko eskola kiroleko kanpaina arautzen duen araudia (238/2021 Foru Agindua).

Lehenengoa arauaren alderdi guztiak berariaz garatzen dituena da, ikasturte bakoitzaren zehaztapenak eta ikuskaritzaren gaia izan ezik. Helburuak, entitateak, kategoriak, eskola jokoak, lizentziak, izen-ematea, baimenak, etab.

Bigarrenak 2021-2022 ikasturteko kanpaina zehatza deskribatzen du, "horrek aukera ematen du, arinago, urte batetik bestera aldatzeko etorkizuneko ikasturteetan aurkezten diren berrikuntza guztiak, urte bakoitzeko inguruabarretara egokituz". Horren adibide da egungo arautegiak 13. artikuluan arautzen dituela modalitate ez-presentzialeko jarduerak; izan ere, pandemiaren ondorioz sartu behar izan baita kontu hori.

Arabak, 2020ko urriaz geroztik, eskola kirolari buruzko foru arau bat du, zeina beharrezko administrazio urratsa baita, eskumenak gaitzea ahalbidetzeko eta, batez ere, sailak eskola kirolaren politika publikoen helburuak arautu, orientatu eta arautzeko duen eginkizuna hobetu dadin.

"Beti ari gara lanean eskola kirolaren kudeaketa hobetzeko, ahaztu gabe horrek guztiak zuzeneko eragina duela ikasleek egiten duten jarduera fisikoaren kalitatean, haien bizi kalitatean eta, azken batean, haien garapen integralean", esan du amaitzeko Del Valek.

Kirola Kirola

Prentsa oharra

Jaitsi