Diputatu nagusia | 2025 02 25

Arabako diputatu nagusiak eskerrak eman dizkio Augusto Borderasi azken 38 urteetan Arabako Adingabearen Kontseiluan parte hartzeagatik

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Tekniko berriak Adingabearen Kontseilua ordeztuko du ia lau hamarkadako ibilbidearen ondoren

Gasteiz, 2025eko otsailaren 25a. Arabako Adingabearen Kontseilua azken aldiz bildu da ia lau hamarkadatan jardun ondoren Arabako Lurralde Historikoan adingabeen babesaren arloan eskumena duen organo gisa. Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Tekniko sortu berria hasiko da orain lan hori egiten. Hori dela eta, Arabako diputatu nagusi eta Adingabearen Kontseiluko presidente Ramiro Gonzálezek etapa aldaketa ikusarazi nahi izan du, eta eskerrak eman nahi izan dizkio Augusto Borderesi, erakunde horretako kide beteranoenari, azken 38 urteetan parte hartu baitu kontseiluan.

Augusto Borderas (Irun, 1932), pediatra eta beterano politikoa, Txagorritxuko Ospitaleko zuzendaria izan zen, legebiltzarkidea eta senatari sozialista. Lan horiek, erretirotik haratago ere, Araban adingabeen babesaren buru izan den erakundeko kide gisa egindako lanarekin uztartu ditu.

Era berean, diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie berrogei urte hauetan kontseilu honetako kide izan diren eta babesgabetasun larrian dauden adingabeen bizitza hobetzeko lan egin duten pertsona guztiei, bai profesional teknikoei, bai ordezkari politikoei, betiere jarduteko oinarria haurraren interes gorena izan delako.

Hemendik aurrera, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Teknikoak hartuko du txanda. Kide anitzeko organo hori teknikoa eta diziplina anitzekoa da, eta eztabaidez, azterketaz eta ebazpen proposamenaz arduratuko da, bai eta Gizarte Politiketako foru diputatuari erabakiak hartzen laguntzeaz ere, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko arloetan.

Foru Gobernu Kontseiluak gaur onetsi du Batzorde Teknikoaren sorrera eta bere funtzioak honako gai hauei buruzkoak izango dira: babesgabetasun larriko eta babesgabetasuneko egoeretan babes neurriei buruzko erabakiak hartzea, familia harrera, egoitza harrera eta adopzioak, besteak beste.

Organo berri hori sortzearen helburua da bere lanen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea eta indarrean dagoen araudira egokitzea.

Haurrak eta nerabeak babestea oso eremu konplexua eta delikatua da, eta Arabako Foru Aldundiak erabaki garrantzitsuak eta pisu handikoak hartu behar ditu artatutako adingabeen eta haien familien bizitzan. Erabaki horiek adingabearen interes gorena bermatzera bideratuta egon behar dute beti.

Diputatu nagusia Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi