Berdintasuna eta Giza Eskubideak | 2021 05 24

Larrialdietarako Arabako Funtsak 30.000 euro bideratu ditu joan den apirilean uholde batzuek suntsitutako Ruandako hegoaldeko probintzia batera

Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntza (LAF), zeinetan Foru Aldundia eta Gasteizko Udala partaide baitira, baliagarria izango da arintzeko apirilean Ruanda hegoaldean gertatu ziren zikloien eta ekaitz tropikalen ondorio suntsitzailea; izan ere, hango komunitateak kalteberatasun eta arrisku humanitarioko egoeretan bizi dira.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 24a. Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF), zeinetan Foru Aldundia eta Gasteizko Udala partaide baitira, 30.000 euro bideratu ditu arintzeko joan den apirilean Ruanda hegoaldean gertatu ziren zikloien, ekaitz tropikalen eta ondorengo uholdeen ondorio suntsitzaileak.

LAFek larrialdi jarduketa horretara bideratu duen 30.000 euroko partida honako hauek hornitzean datza: “janaria ez dena" (koltxoiak, mantak, esterillak), premia biziko janarien kitak, etxebizitzak indartzeko materialen hornikuntza, ur biltegiak eta COVID-19rako prebentzio kitak.

Laguntza horiek jasoko dituen Ruandako hegoaldeko komunitatea Ruandako BATWA gutxiengo etnikokoa da, eta kalteberatasun eta arrisku humanitarioko egoeretan bizi da. Apirilean izandako hondamendi naturalek, giza bizitzaren galeraz gain, etxebizitzak suntsitzea eragin dute, laboreei eta ganaduari eraginez, eta biztanleriaren nutrizio egoera eta osasuna arriskuan jarriz.

Larrialdietarako Arabako Funtsak 2021ean 267.000 euroko funtsa du (135.000 AFAk eta 132.000 Gasteizko Udalak jarri dute), eta 3,7 milioi euroko ekarpena ahalbidetu du hasiera-hasieratik, larrialdi egoerak bizi dituzten eta garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko.

Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna

Prentsa oharra

Jaitsi